Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

ARRISKUAK

 

Fordson Major berriak sei eta zazpi bagoi

Garraia ditzake beteak ez baldin badaude

Baina traktoreko txoferrak ikusi eginen luke

Itxaron egin behar du Compound lokomotorak

Bultzaka ekar ditzan trenbide geltokiraino fistu eginez

Trabarik gabe behar ditu karrilak

Orduan umea engantxadorea bezala jarri da geldirik

Bagoi geldiaren topeen artean badator trumoia

Talkak burdina guztiak iratzarri ditu umearen begiak itxiz

Bizirik dago lasterka hasi da bagoien artean atxilotua

Abiada moteldutakoan makurtu eginen da

Aurreko eta atzeko bagoien firrilen artean

2 metro daude 20 km orduko 1/2 segundo dauka

Alkortari bezala gerta ez dakion

 

Ez beha hona esaten dio soldadoreak itsu geldituko haiz

Sopleteak txapan sorturiko pindarrek liluratua gelditzen delarik

Geltoki ondoko etxeko argi urdin-arroxei emana bezala

Handik datozen marinelei pausoak hartzen hasi baino lehen

Trenbideak iragaiten ahal dituztenek

Portu barreneko bagoi ilarak dauzkate zain

Burua non duten jakitea zaila den suge hiltzaileak

Ezin dituzte azpitik tronpatu umeak bezain zalu

Itsasbehera baldin badago laban egiteko arriskua dute pasarelan

Ez dira gauza sokari heltzeko eta ahantziak daude

Bagoi baten astunaz laztantzen duela aldiro

Ontziaren sabelak moilaren bazterra

Amore baten astunaz datoz marinelak geltoki ondoko etxetik

Inor ez da sartu bezala irten

 

 

 

© Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus