Hizlandia
Hizlandia
2006, saiakera
224 orrialde
84-95511-89-4
azala: Xabier Gantzarain
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Sistemak

 

Hedabide bat, berez eta moldez, sistema da. Esan nahi da, baloreen erakustaldi ere badela, hierarkia baten arabera eratzen direla albisteak, eta nola ez, ideologia baten arabera idazten. Kode etikoa. Eta honetan, euskal prentsa ez da bazter gelditzen.

        Har dezagun, esate baterako, Berria bera. Sustraiak Argia modernoan dituen Euskaldunon Egunkaria-ren jarraipen legez ulertu du irakurleak Berria-ren ahalegina, beste zenbait arlotan bezala, baita honetan ere. Mundu oso bat egon da eta dago egiteko, eta horrela, Euskal Herriaz aipatu hiru berripaperek eskaini duten ikuspegia izan da, dudarik gabe, ekarpenik handiena.

        Egunkaria-ren Estilo liburua-ri begiratu bat ematen: «Espainol edo frantsesen artean euskal herritarrik badela baldin badakigu, hori albiste da Egunkaria-rentzat, Euskal Herria delako gure nazio erreferentzia. Ez dakigunean euskal herritarrik badagoen ala ez, espainiarrak edo frantziarrak hitzak erabiliko ditugu halabeharrez». Autonomia estatutuetan bezala, atarikoak mamitsuagoak izan ohi dira. «Egunkaria-ren oinarrietan aipatzen den nazionaltasunak zenbait baldintza betetzera behartzen gaitu. Oso kontuan hartu beharko du kazetariak Euskal Herri osoaren lurraldetasuna izan behar duela gogoan, euskararen mugapeak estatu artekoak direla, eta honek garrantzi handia du, ez terminologia politikoan bakarrik, baita hitzen mailegatzean ere». Zinez, duela ez aspaldira arte berria zen ikuspegia. Orain hurrengoan, hitz eta pitz, adiskide kazetari batekin kafe banaren berotan, arrangura tupustean:

        — Egungo kazetaritza prentsaurrekoek irentsi ditek.

        Kezkak, sakonago jo zuen. Habaila eman nion. Susmo beltza baino areago, inpresioa zuen lagunak, politikoen bozgorailu baino ez zirela askotan, prentsa bulegoek nahierara erabiltzen dituzten tranpaldo mediatikoak. Erakundeen publizitatea hitzak erabili zituen. Lanbide eder baten azkentzea.

        Etxera joan, eta egunkari hau irakurtzen ari nintzela, albistea: Sabino Arana Fundazioak eman ditu XVII. edizioko sariak. Titulua, argia: «Pujol, Setien, Egaña, Biarritz Baleta eta Ona Electroerosion sarituak». Sarrera txikiaren ostean, aurrez esandakoa zehazten zen bigarren partean, fundazioak emandako arrazoibideak, hitzez hitz. Nola zioen adiskide kazetariak? A, bai. Doaneko publizitatea. Ezagutzen ez nuen Ona Electroerosion enpresaren aurkezpena irakurtzen, bertan perla: «'Munduko elektrohigadurarako makinen euskal fabrikatzailerik zaharrenak eta Europako Batasuneko ekoizlerik handienak' jasoko du Ekonomia saria».

        Irribarre gaiztoa belarri ertzera: «Munduko elektrohigadurarako makinen euskal fabrikatzailerik zaharrena»? Nola ulertu behar da hori? Munduko zaharrena da ala euskal fabrikatzailerik zaharrena? Euskal Herria ez da mundua, hortaz? Kazetaria, bistan da, emandakoarekin errenditu da, azken batean, zertarako nahastu bazterrak, jaso eta bakea. Telefonoa hartu eta adiskide kazetari etsituari deitu nion, esateko erantsi behar dizkiogula hitz batzuk Estilo liburua-ri. Euskaldunak bai, baina munduko izan gaitezen behintzat. Telefonoa utzi aitzin, irribarrea entzutea iruditu zitzaidan.

        Handik egun batzuetara, titulu deigarria egunkari berean, Euskal Herria sailean: «Espainiako turistak dira nagusi EAEko hotel eta landetxeetan». Eta neure artean, egin dute ahalegina. Eta letra artean galdu aurretik, gogoa galapan: Euskal Herriko datuak emango dituzte, Herrialde Katalanetakoak, Galiziakoak eta Espainiakoak. Leitzen hasita, hau ordea: «Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hoteletara eta landa turismoko etxeetara jotzen duten turista gehienak Espainiatik eta Frantziatik datoz. Atzetik, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Kataluniako herritarrak daude». Aurrerago, kazetariaren salaketa. Normala, ikusi egiten du beste sistema batera moldatu beharra duela datutza ofizial guztia: «Ana Agirre Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak aurkezturiko grafikoek Madrildik edo Valentziatik hurbildutako turisten kopurua zehazten dute, baina ez Nafarroako edo Ipar Euskal Herriko turisten zenbatekoa. Antza, nafarrak Estatua deitura barruan geratu dira, eta Ipar Euskal Herriko euskaldunak Frantzia barruan».

        Alternatibak baina, ez dakar alegrantziarik. Espainiaren lagun, maila bereko, ez dira ez Herri Katalanak ez Euskal Herria agertzen; Katalunia eta EAE baizik. Dena den, kazetariak egin lana, ikusi egiten da tarteka noski, eta esan gabe doa, Galizia Espainia sakona dela: «%71,6 Espainiakoak, Kataluniakoak eta Hego Euskal Herrikoak ziren, eta %28,4 Frantziakoak, Alemaniakoak eta Erresuma Batukoak». Horra, agi danean, %100, EAEko hotel eta landetxeetan izaniko turista oro. Baina sistemak hegi itsuak ditu: banaketa honekin, zein zulo beltzetan, nongo Bermudetako triangelutan sartu dira, esate baterako, zuberotar, baxenabartar eta lapurtarrak?

        — Nahikoa ditek maskaradak antolatzen, arto alorrak lantzen eta golf zelaiak zaintzen, orain turismoa egiten hasteko!

        Eta hala doa irakurlea artikuluan barrena, sastrakaz sastraka: «Iberiako Penintsulatik kanpo, Frantziatik eta Alemaniatik etorritako turista kopuruak gora egin zuen». «Iberiako Penintsulatik kanpo»? Portugalik eta portugesik gabeko Iberiar penintsula? «Agirrek nabarmendu zuenez, Irlanda izan zen iragan urteko ustekabea, %32,4ko igoerarekin». Irlanda, Portugal bezala, emandako datuak egia izatera, %100 horretatik kanpo dago barren! Zein konstelaziotatik datoz orduan Ossianen seme-alabok?

        Nahasmena argitze aldera, Industria, Merkataritza eta Turismo sailaren prentsa bulegoak prestaturiko txostenean sartu naiz. Turisten jatorriari buruzko atalean, kopuru handienak ematen dituzten komunitate autonomoak baino ez dira ageri: Euskadi, Katalunia, Gaztela eta Leon, Valentziako Erkidegoa, Andaluzia... Horra sistema bat, segurua, fidagarria, ezarria. Berria-n ikusi dut neure burua: nola berrantolatu kakanahaste hau, nola eraman beste sistema batera erredaktatzen inongo ilusiorik sortzen ez duen datu anabasa morokildu hau? Emaitza, agerian dago, ikusi egiten da. Baita idazkeran ere. Autonomismo ahoxuriaren zer-nola horiek, zehaztasunik gabeko definizioak, egitateak. Ameto eman ezean, ez dago samurra ulertzen: «'Argi dago hiriko turismoa, eta turismo kulturala Gasteizen, Donostian eta Bilbon biltzen dela'. Halere, barneko eta kostaldeko eskualdeetan ere igo da bisitari kopurua».

        Beste sistema bat nahi, baina nola: «Espainia: 35.854; EAE: 35.983; Herrialde Katalanak (Kataluniakoa denean ematen dena!): 19.483; Frantzia: 3.161; Alemania: 1.028; Beste herrialde batzuetatik: 4.683».

        Hona euskal irakurleari egunero ematen zaion hazkurria. Eskerrak nazionaltasunak hainbeste ardura digun...

        Agurrean adiskideak:

        — Egungo kazetaritza kakazarra duk, prentsa bulegoek bahituta zagok.

        Ez dizuet esan: erromantikoa dut laguna. Horregatik dut maite.

(2006-01-29)