Hizlandia
Hizlandia
2006, saiakera
224 orrialde
84-95511-89-4
azala: Xabier Gantzarain
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Orwell eta euskal erditarrok

 

George Orwellek badu, eleberri ezagunez gain, udako arratsalde bat merezi duen saiakerarik. Hizkuntzaren eta idazkeraren gainean, hona labur bat, bazkaloste bateko argi printzak ebastekoa: Politika eta ingeles hizkuntza du izena, eta 1946an eman zuen argitara, Abereen etxaldea idatzi eta urtebetera. Garaiko politikoek darabilten hizkera aztertzen du bertan, eta adibideetan, nola ez, besteak beste, «estalinismoa babesten duten unibertsitate irakasleak» larrutzen ditu (garai horretakoa du Foreing Office-n lan egiten zuen Celia Kirwan lagunari idatzi zion salaketa gutuna, «komunisten aldeko» 37 idazle eta artistaren izenekin, Charles Chaplin-ena tartean).

        Orwellen tesiak, egun ere kezka diren erabilerak ditu hizpide: «Garbi dago hizkuntza baten gainbeherak kausa politiko eta ekonomikoak behar dituela» dio, «ez da idazle honen edo beste haren eragina soilik». Ez da etsita ageri, dena ez dago galdua: «Prozesua bihurgarria da. Ingeles hizkuntza modernoa, eta bereziki idatzia, imitazioz zabaltzen, eta nahi badugu, horretara jarrita, saihets daitezkeen ohitura gaiztotuz josia dago. Erabilera hauek bazter utziz gero, argiago pentsa dezakegu, eta argi pentsatzea da birsortze politikoaren aurreneko urratsa: hala, ingeles txarraren kontrako borroka ez da soilik idazle profesionalena».

        Kalteen diagnosia, ezaguna zaigu: «Egungo ingeles idatziak bi ezaugarri komun ditu. Aurrenekoa, maiztutako irudiak; eta bigarrena, zehaztasun eza (...) Lainotasun eta ezintasun hutsaren nahaste hau da gaur egungo ingeles modernoan sorturiko era guztietako hitz lauzko lanen eta idazki politikoen ezaugarri nagusia. Gai batzuk ukitu orduko, zehatza abstraktu bihurtzen da, eta ez dirudi inor gai denik maizturik ageri diren berbabideak ez erabiltzeko: prosak, duten esanahiagatik aukeratutako gero eta hitz gutxiago erabiltzen ditu; eta esaldiak, aldiz, pilean-pilean datoz, oilategi prefabrikatu bateko sailak balira bezala». Amarrubidea, jakinekoa da: hil hurran diren metaforak, gezurretako aditz erabilerak (adizki soilak baztertu eta kate luze bihurtzen diren aditz lokuzio horiek guztiak), ahoskera harro-nahikoa, esanahirik gabeko hitzak... ariketa, egiteko modukoa da. Orwellek saioan jaulkitzen dituenen bidetik, gure politikoek euskaraz erabiltzen dituztenak osatu, eta bide batez, baita gazteleraz edo frantsesez erabiltzen dituztenak ere, konparazioz, gure prosa politikoaren maila ere neurtzeko.

        «Azaltzen ahalegindu naizen bezala, idazkera modernoaren okerrena ez da hitzak hauek duten esanahiagatik aukeratu eta gero hauekin irudiak asmatzea, esanahia argiagoa izan dadin. Okerrena besteren batek ordena ezarri dion hitz zerrenda luzeak elkarri lotzea da, eta gero hau amarruen bidez itxuroso agertzea. Idazteko era honen lilura erraza dela da. Errazagoa da —eta azkarragoa, ohitura hartuz gero— 'nire ustean ez da baztergarritzat jo beharreko proposamena' esatea 'nik uste dut' baino». Garai ilunetan bizitzea suertatu zaigu, zinez: «Gure garai honetan, hizkuntza eta idazki politikoak dira defenditu ezin daitekeenaren defentsabideak».

        Konparazioak, berez datozkit. Eta pentsatzen dut Orwellen garaiak eta gure hauek ez direla hain diferenteak, eta zalantzak lotzen nau, ingeles modernoagatik esandako guztiak ez duten balio euskara, gaztelera, frantses... hizlandiera modernoarentzat. Horrelako burutapenek hartzen dizkidate gogo-mintzak, eta diotsot neure buruari behar dela gure estilistika egiteko, jolas gisa baino harago, politikoen mintzoko «ezer esaten ez duten kate luzeko zerrenda horiek» bildu, eta osatu, eta ikusi nola kutsatzen dituzten manera horiek gure beste erregistroak, kazetaritzarena barne. Eta diotsot, horretan hasita, merezi duela aztertzea zein diren kazetaritzaren bitartez zirkulazioan jartzen diren forma hutsal, ustel, lizun-urdindu horiek («elkarrizketak mantendu», «publiko egin», «eraso baten biktima izan»...).

        Horrelako burutapenek naute estekatzen politikoen hizkerak inoizko itzalik handiena duten garaiotan. Gero, noski, ohartzen naiz euskaraz gutxi dela sortzen, gehienetan itzulpena nagusitzen dela (eszenategia, biharko argazkia eta halako), eta ez daukagula galtzekorik inoiz ez badugu zer galdurik izan. Horretan nengoen, Espainiako presidente Jose Luis Rodriguez Zapateroren adierazpenek iratzarri nautenean. «Zapatero abre el diálogo con ETA y afirma que respetará la decisión de los vascos» irakurri dut Vocento taldeko egunkarietan. Irakurtzen dut presidenteak prentsaren aurrean leitua, eta garaian garaikoa, aldaketa zantzuak sumatu ditut. Behin bakarrik darabil «terror», eta beste behin «terrorismo», baina noiz, eta egindako esaldi batean: «víctimas del terrorismo». Ostean, hotza, neurtua, oro gozo nahi eta gainxuri gabe.

        Adierazgarria, El País-en webgunean gertatzen ikusi duzuna. Ostegunean bertan, Rodriguez Zapaterok «quiero anunciarles que el Gobierno va iniciar el diálogo con ETA» iragarri eta minutu batzuetara, honela eman zen berria aipatu egunkariaren bertsio digitalean: «Zapatero: 'El Gobierno va iniciar el diálogo con la banda terrorista ETA'». Ez zuen askorik iraun. Berehala, atoan eta azkar zuzendu zuen esku politikoagoren batek: «Zapatero abre el diálogo con ETA». Hizkera zaintzeko uneak direla, ez da nik esango dudan zerbait.

        Beti dago non asaldatu, ordea. Rodriguez Zapaterok gazteleraz esan eta inguruotan hain pozik hartu den «respetaré la decisión de los vascos» hori, zer da? Nola ulertu behar da, vasco hitzak urteetan politikoen aldetik jasan duen bahiketa, manipulazio, berrinterpretazio eta finkatzearen ostean? Nor da «vasco» Rodriguez Zapateroren diskurtsoan? Betikoez gain, Iruñeko Volkswageneko txantrear langilea, euskaraz egiteagatik lankideek «el vasco» deitzen dutena? Frantsesa besterik ez dakien Baionako «le boulanger basque» hori?

        Euskaraz, eta gaztelerazko ordainei itzuri eginez, ondoren gainerako hedabideetan aski onarturiko eredua jarri zuen abian bere garaian Euskaldunon Egunkaria-k zazpi lurraldeetako biztanleei deitzeko: euskal herritar. Bada, hara non, herenegun, halaxe eman zen Berria-n hainbeste mirespen jaso duen adierazpena: «Euskal herritarrek erabakitzen dutena errespetatuko duela esan du Zapaterok».

        Jolas moduan hartu nuen. Kazetariak badaki Rodriguez Zapateroren «vasco» eta bere «euskal herritar» ez dela gauza bera, ez dituztela biek subjektu berberak batzen, indefinizio horretan dagoela muina bera. Interpretazioaren zirrikitua. Errealitatea eta ametsa. Nahiaren ederra. Baliteke Zapaterok berak nahita botatzea amua. Dena den, zilegi du prentsak ez dena balitz moduan jasotzea? Ez da erraza.

        Nik, jolas moduan ulertu nuen. Edo hala engainatu nahi dut neure burua, aitzakiarik ez dudan arren, ezen bezperan, honela baitzioen Agenda saileko tituluetako batek: «Espainiako ikusleen pare jarraitu dute euskal ikus-entzuleek Espainiako taldea». Ez zen han jolasik. Albistearen nondik norakoetan: «Portzentajeetan, Espainiako batez bestekoetatik nahiko gertu ibili dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa». Hara zer den «euskal ikusle-entzulea», non eta zerbaitetan bada hain justu kontu elementalotan apostolutza luzea daraman egunkari honetan.

        Adierazpidearen gaitza politikarien berbakera luze, katramilatsu, nahasietan zegoela zioen Orwellek. Kontua da gu oso gaudela eri. Bat eta bat lotu aurretik, kateatzen hasi orduko, hitzik sinpleenak gaitu basatzatan lotzen. Eta horrela, nekez sortuko dugu ederretik.

(2006-07-02)