Hizlandia
Hizlandia
2006, saiakera
224 orrialde
84-95511-89-4
azala: Xabier Gantzarain
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Itsaso zahar, almirante zaharrago

 

Hartu dut egunkaria, lodi dator, ohi baino astunago. Edozeinek esango luke mundua dakarrela barruan, zazpi itsasotan busti dutela, hain dator eder. Zabaldu erdiz erdi, eta horra haztearen arrazoia, ohiko kazetaz gain, bateko eta besteko, beste pare bat plegu, publizitatez ase, baina Berria hauek ere.

        Kilometroak hurrengo egunean Zarautzen eta Orion, senide giro ederrean. Informazioz osatua dator koadernotxoa: urtean zehar egin diren ekitaldiak, zirkuituaren nondik norakoak, egitaraua, kantuaren letra, grabazioaren irudiak, jakineko etxeen publizitatea betiko aldarriekin, gora bideak, gora euskara eta gora gorakoak... ohiko sustatze orri euskaltzaleak. Ondo.

        Ondo argazki koloretsu batzuek begiak arrautzak bezala egosi dizkidaten arte. Ezker-eskuin, munduan barrena ateratako zazpi argazki, zein baino zein. Lagun bakarra agertzen da gehienetan, batzuk irribarre ederrez, begiz mintzo besteak, kameraren begiari so denak. Zalantzarik egon ez dadin, fotoa non aterea den esaten zaigu: Ekuador, Laos, Egipto, Yemen, Iguazu, Mali, Etiopia... Lagungarri, hobeto uler dezagun, umeentzakoa dirudien ipuin modukoa, nola atera zen orain urtebete Zarauzko eta Orioko ontzi parea itsasora, beren ikastolen mezua lau haizetara zabaltzeko asmoz. Argazkiak, «paparazzi-en lan txukunari esker» lortuak dira, antza, «begien atseginerako». Bada esan ez dizuedan zerbait, guztiek daramate, nork bere herriko tokirik ikusgarrienean, aurtengo Kilometroetako elastikoa aldean. Zuri-berdea Etiopiakoak, urdina Yemengoak, gorria Iguazuko Deabruaren Eztarria ur-jauziaren aurrean dagoenak... Ezin da ukatu. Ikusgarriak, behintzat, badira.

        Argazkiok lehenago non ikusi ditudan gogoratu nahian eman dut kafealdia. Ez da hainbeste denbora ere, orain hurrengoan munduko asmorik onenarekin kaleratutako egutegia etorri zait aurrena, Himalaian ateratako argazki bat, bi nepaldar «Euskal presoak Euskal Herrira» zioen maindiretxoari heltzen. Ez dakit zeinek aurrena eta zeinek gero, baina penak sastatu ninduela oroitu naiz. Eta amorruak.

        Ez hain asmo garbiaz, Euskal Herriko beste bi aurrekari badira gutxienez. Batean, Misioa filmari keinu eginez, girotze musika eta guzti, oihan muskerrean barrena, itxura guztien arabera Amazoniakoak diruditen indigenak. Halako batean jakingo dugu zerk liluratu dituen. Gordintasun berdearen erdian, telebista ekran bat: EITB. Sentitu egiten dut oraino urdailzuloan emandako ukabilkada: «Honaino iritsi gara». Bestean masaiak ageri dira, eurak bakarrik dakiten bezain dotore, Caja Laboral-Euskadiko Kutxaren visa txartela eskuan. Eskola zaharra dugu.

        Aste honetako Argia astekaria irakurtzen, bere lanaz ari dela, gogoeta polita egiten du mundua askok baino gehiago ezagutzen duen Jacques Pavlovsky Donibane Lohizuneko argazkilariak: «Nik uste dut argazki kamera zu eta errealitatearen arteko hesi bat bezalakoa dela, babestu egiten zaitu aurrean daukazun horretatik». Ustez on beharrez, oporretan joan eta kamiseta trukean argazkia ehizatu duten horiengana doakit gogoa (maite dugu irakasleok urrutira joatea!), ikusi egiten ditut, pozarren argazkia bufalo buruen bilduman zein ondo geldituko den imajinatzen. Pavlovskyk esanda bezala beti: babestuta. Nola bestela.

        Ez diot inori une hartako ilusioa kendu nahi, lagunen bat beti egiten da, baina argazkiok, mingarri zaizkit. Nahi gabe eginagatik, ez gara deskuidatzen, Hirugarren Mundukoak maite ditugu gure olatuei kolorea emateko, ez langabetu bretoia, ez Mataroko obreroa, ez Sardiniako irakaslea. National Geographic-eko internazionalistek bezala, gizon-emakumeak ez, exotismoa maite dugu. Argazkia da botere harremanetan oinarri duen adiskidetasunaren erakusgarri. Begira zein jatorrak, eta gure alde daude! Gainera... gu ere, ez gara barren, berak bezala, hizkuntzan, Hirugarren Mundukoak? Azaldu diegu makina bat bider! Nola ez dute kamiseta polit hau jantziko!

        Hartu urriaren 24ko Berria, zabaldu eta beha kontsignapean «espediziokideek» (sic) egindako argazkiei. Begiratu Etiopiakoari, begiratu Laoskoari... Lotsa sentitu dut.

        — Nongoa zara, euskalduna?

        — Ez, ez, ni ez...

        Coca-Colak egin izan balu entzungo nituzkeenak pentsatzen itxi dut egunkaria. Arrazoirik ez, ahoa beteko ligukeen birao borobila.

        Kezkatu egiten nau gure zabarkeriak. Okaztagarria zait gure jatorkeria. Lehen, Vianako Nafarroa Oinez hartan, akorduan duzue «Ze arraroa euskararik gabe Nafarroa» hura? Integrazioa aldarrikatzen genuen, gure kulturaren unibertsaltasuna gure gizartean benetan txertatzen ari ziren hiztunen bitartez ematen genuen (exotismoa alemaniar langile batek ere ematen zion, bai ba?). Orain, gurasokerian topatu nahi dugu indarra. Geure luzimendurako behar dugu Hirugarren Mundua. Itsasoa maite dugu, baina ez diogu dena: Urdanetaren odola daramagu, Frai Juan Zumarragakoarena, Charles Lavigerierena... Harrapatu eta pasatu ditugu osaba-izeba misiolariak. Eta datorren ediziorako prestatzen hasi beharra dago. Garaietara moldatuta, Benetton-en sasoi bateko estiloan, zer moduz Apache helikopteroek lehertutako ume palestinar bat gure kamisetarekin Jabalian, edota hiltzeko gertu dagoen Falujako ekintzaile bat, euskararen alde...

        Zauria agerian gelditu da: ezinbestekoa dugu argazkiaren estilo liburua.

(2004-10-10)