Hizlandia
Hizlandia
2006, saiakera
224 orrialde
84-95511-89-4
azala: Xabier Gantzarain
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Zibilak esan naute

 

Badira egun batetik bestera, prentsak gure belarri-begietan paratuta, noiznahi erabiltzen hasten garen hitzak, askotan zer esan nahi duten ondo jakin gabe ere. Gehienetan ez dira geuk —geure senez, geure trebeziaz, geure beharrez— sortuak. Auzo herrietako erdaretatik jasotzen ditugu, eta halaxe eman. Horietako bat da taliban.

        «Ustez talibanek sei pertsona hil eta..» irakur dezakegu edozein egunetan kazeta honetan bertan. Menta handiko hitza dugu garaiotan, usuki ahotua. Bitxia da baina, taliban, berez, plurala delako. Hala da pertsieraz, eta hala arabieraz. «Ikasleak» esan nahi du (gure kulturan apostoluak, alegia). Gero guk, dakiguna erakuste aldera, baina esan gabe, «islamiarrak» gehitzen diogu, edo zorrotzenek «eskola koranikoetako ikasleak». Berez-berez, erraz atxikitzen diogu azken tiraderan gordeta dugun gainerakoa: «itsua», «fanatikoa», «gaizkilea»... gure bizimoldearen etsaia edonola ere. Hala, kale hizkeran ez da arraroa «hori oso talibana duk kontu horretan» entzutea, oso irizpide estuak dituen batengatik, edo berripaper honetan bertan hor dugu Zaldi Eroaren kume miragarri hori, Mitxelena XVI.a, euskararen talibana.

        Alde honetatik, neurri betean Khomeiniren garaiko «xiita» berbaren tokia hartu du «taliban» hitzak. Gero, zehazten hasteko nahiko adorerik ez, eta ez dakigu talibanok xiitak diren, edo suniak; pashtunak diren, edo arabiarrak; Afganistangoak baino ez diren edo baita Iran edo Irakekoak ere... ez dakigu denak bat diren edo beren artean bereiz daitezkeen, baina hori da gutxienekoa. «Batasunos» dugu logika eta eskola bereko beste hitz bat. Talibanak, gure imajinarioan, islamiar fundamentalismoaren irudi sinpleena dira. Eta etsaia beti, bizar beldurgarri horiekin.

        Dakiguna, argia baino estuagoko printzak dira. Ez hainbestera arte, nazkatu arte esan zitzaigun (eta erakutsi) burka izeneko oihalezko kartzelaren barruan bizitzera zigortzen zutela talibanek emakumea. Hamaika irudi garai batean. Elkartasun deiak. Antenak gogoz zekarren mundu hura. Prestaketa lan hori eta irailaren 11ko atentatuak izan ziren, iritzi publikoaren aurrean Afganistan inbaditzeko arrazoi nagusiak. Gero gerra etorri zen, eta gerra ostearekin, elurra telebistan. Berriak, tantaka datoz orain. Talibanak ihesi, «indar askatzaileak» boterean, orain gorde egiten zaigu emakumea burkazko gatibutzan bizi delakoa. Hala salatu du giza eskubideen hainbat begiratokik ere: talibanen garaian baino okerrago bizi da emakume asko «Afganistan librean».

        Orain dela aste batzuetako albistea egunkari honetan, barru aldean: «Afganistango herri bati eraso, eta 16 zibil eta 80 taliban hil dituzte». Egun eta egunkari berean, baina azalean, albiste beraren gainean: «AEBek gutxienez 96 lagun hil dituzte Afganistanen aire eraso batean».

        Berriro leitu ditut bi lerroburuak. Zenbat eratara uler daiteke albistea? Begi adina bide behintzat, bada. Aurreneko irakurketak, hala bereizten zaigulako, talibanak ez direla zibilak diosku. Bigarrenak, okupatzaileen bonbapean zartatuta, zibilak bezain biktima direla. Berriro irakurri dut: «AEBek gutxienez 96 lagun hil dituzte Afganistanen aire eraso batean». Subjektua ematen da, eta inbasio egoera kontuan, bateratu egiten du kazetariak biktima oro.

        Galderak, erantzun errazik gabeko torontilean nahasten gaitu: talibanak, ez-zibil gisa hartu behar genituzke?

        Zibil hitzaren kontzeptu hedatuenak («ez militar ez elizako dena»), ez dirudi askorik balio digunik kasu honetan. Indarkeria egoeretan, esaterako, bada armadetan izan gabe, taldeetan antolatzen den jendea (honatx beste hautu politikoa: Euskal Herrian, militante dira beti. Munduan, ekintzaile). Normalean, armaturik zein armatzeke, ez dira egundo zibil gisa aurkezten, nahiz eta eguneroko jiran hala diren: «Al Aksako ekintzaile bat eta hiru zibil hil ditu Israelek», irakurriko dugu egunotan. Eta irakurleak: hiru zibilak ez, baina bestea, herio ematea gaizki egon arren, «bazekien zertan zebilen». Eta hahor arriskua: «zibil» hitza, hedabideen esku, berez dena baino askoz gehiago da. Zibila gradua da, purgatorioko arima da, linboko argia. Errugabea esan nahi du, biktima garbi beti.

        Ez da labana gaiztoaren zorroztasuna behar hitz emailearen botereaz ohartzeko. Ontzurrearen balioa hartzen duen elea da zibila, eta kazetaria da epaile. Honetan, badira ongi finkaturiko arauak: «eskubide estatuetako» poliziek, konparazio batera, ez dute zibilik inoiz hiltzen. Zibilak gatazka gaitzetan armada edo talde jakin batzuek sortzen dituzten biktimak dira. Inoiz ere ez, ordea, poliziek. Poliziak «lapurrak», «ustezko terroristak» edo «hauei babesa ematen zien senitarteko bat» hilko du, beti ere «argitzeko dauden gertaeretan».

        Adibide praktiko bat: etxera etorrita, Ertzaintzak oraintxe hamaika urte Donostiako Anoetan gomazko pilotaz hil zuen Rosa Zarrari, esaterako, inoiz emango ez zaion deitura da zibila. Ertzain batek Alegian tiroz hil zuen Jose Atanes (gogoratu: igeltseroa, «jatorriz Ourensekoa»... nolanahi ere, ez-gu beti), ez da zibila? Inondik ere ez hedabideen kodean. Izan ere, zibila diogunean, ez diogu zibila dela. Zibila izateko, batean edo bestean, militarra behar du lagun, berbak indarra hartuko badu.

        Berriro irakurri dut: «Afganistango herri bati eraso, eta 16 zibil eta 80 taliban hil dituzte». Bihurriagoa da, hagitzez, bigarren tolestura: zibil ez badira, eta militar ere ez, zer dira han-hemen milaka zenbatzen diren biktima horiek? Talibanen artean, denak dira «ez-zibilak»? Hala ez bada, zer leiho da prentsak eskaintzen diguna?

        Susmo beltza izateko arrazoi nahikorik, etxean bertan. Batzuek «Espainiako Gerra Zibila» deitu gogo duten horren hautsak arropa gainetik ezin astindu ditugunean oraindik (hildako zibil asko, baina armada bat beste baten kontra), ez dugu azkenaldian Estepan Urkiaga komandantea guztion artean zibildu? Ala idazle zelako fusilatu zuten gaur 69 urte? (harri eginik uzten nauten tituluak euskal egunkari bakarrean. Herenegun, eskultura inaugurazioa Jaurlaritza aurrean: «Lauaxeta 'PPren jokotik' ateratzeko»). Nork du Jose Artetxe soldadu erreketetuaren memoria mindua zeru eternoan laketu gura «Un hombre de paz» deituta? Aliatuek ez zuten Gerhard Bahr-en fedearekin zerikusirik ez zuen alemaniar zibilik hil Bigarren Mundu Gerran?

        Maiz, ez da albistea. Idazten hasi aurretik, eta gezurrik esateke, hitzak dira, ezer kontatzen hasterako, mundua era jakin batean ikustera bortxatzen zaituztenak.

(2006-06-25)

 

Ostekoa:

LTI. Hirugarren Reich-aren hizkera liburuan, hainbat hitzen gaineko ohar interesgarriak dakartza Viktor Klemperer-ek. Besteak beste, izen berezietatik sortutako aditzak ditu hizpide alemaniar filologoak. Hala dakar akordura George Herwegh-en poema bateko lerroa: «gero iraildu». 1792ko irailean Frantses Iraultza Handiaren garaian izaniko hilketa politikoak ditu oinarrian, agi danean, «iraildu» aditz berriak. Frantsesaren corpusetik pasatu omen zen alemanera Semptembrisierer hori.

        Arian-arian, egitura analogotzat jotzen du Klemperer-ek 1914an Vienako Neue Freie Press egunkarian jaso zuen hura, tropa errusiarrek Przemysl «liejatzeko» asmoa zutela zioen berria. Bera baino zaharragoei entzun ohi zien «iraildu» harekin ez bezala, antza denez, «liejatu» arrazoi sinple batengatik ez zen aleman hiztegietan mamitu. Izan zen ondorengo urteetan Liejakoa baino gertaera odoltsu eta gaitzagorik, aditz berri hura desaktibatu zuenik.

        Nazien bulegoetatik sortua da, berriz, «coventrytu». Coventry, «britainiarrek Alemaniako elizak eta ospitaleak bonbardatzen zituztelako», ordainean alemanek suntsitu zuten hiria zen. Hala esaten omen zen, esaterako, 1940ko urri hartan, luze gabe Alemaniak «Londres coventrytu egingo zuela». Aditza ez zen, arrazoi jakinengatik, nazien ibilia baino urrunago iritsi.

        Klemperer-ek izen esanguratsua eman dio atalari: «Zer geldituko da?». Alegia, zer gordeko du hiztunak historiarik, memoriatik ezabatu beharrekoa erauzi eta gero?

        Eta gogoak jolas: euskaraz, «Elorrio ikusi», «Baiona balio» edo «Berez behar Billabonakoa» asmatu dituen hizkuntzan eginiko prentsa sortzailea bagenu, noraino iritsiko litzateke «gernikatu»? Eta «durangotu»? Eta zapaltzaile harroaren «otxandu ala otxandiotu»?