Hizlandia
Hizlandia
2006, saiakera
224 orrialde
84-95511-89-4
azala: Xabier Gantzarain
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Azken afaria

 

Kondarrak batu gaberik artean, lodi zetozen ahotsak, gora-goraka. Mahai ertzean, bi lagun ari ziren, eztabaida betean. Biak ziren kazetari zintzoak ustean, hala ere ezin adi elkarren artean. Bata, gotorturik, lanbidearen arriskuez eta erakutsi beharraz mintzo zen; bestea, piperrago, zuhurtziaz, esanez begiratu gabe aritzeagatik, gehiegi direla okerrak prentsan. Kafea kikaretan hozten ari zen, hirugarrenez, eta ingurukoak hasiak ziren karta jokoan. Ni, beste pare batekin, eguneroko letra jostunei adiago hordago eta bost gehiago hotsei baino. Belarriak zorrotz geunden, ausartak, nola ez dakidala, Platon ekarri zuenean hizpidera. «Akabo, Oturuntza», pentsatu nuen (eta gogoa hegalari, Jean Etxepare medikuaren Miarritzeko bazkari hartara, sendagile, botikari, irakasle, abokatu eta ingeniariak mahai inguruan, gaia dutela... «Amodioa»). Baina bai zera. Goi arnas handiagoa emana zion Galiziako pattar hark.

        Errepublika-ko haitzuloa zuen gogoan, itxura, eta halaxe kontatu zigun ostegun santuko afarian, bera mintzo, besteok adi, Da Vinciren freskoan bageunde bezala: «Leizean dauden gizon-emakumeentzat, kanpoan gertatzen ari denaren esperientzia bakarra, atzean duten suaren distirak sortzen dituen irudiak dira», hasi zen. Ez dakit inguruan geundenotatik zenbati zitzaigun ezaguna istorioa, baina kontua da inork ez zuela eteteko besteko adorerik batu. «Halako batean, zuloan dauden horietako batek ihes egitea lortzen du, eta aurreneko aldiz ikusten du errealitatea. Itzultzen denean, zer ikusi duen kontatzen du». Eta ingurukoei begietara so eginik gehitu zuen: «Platonek ez zuen dena esan: itzuli zena ez zen filosofoa, kazetaria baizik». Txaloek eta algarek aldamenekoen jokoa eten zuten. «Barkatu maisu», esan zuen orduan entzuleetako batek: «Platonen bertsioan, itzuli zenari ez zioten sinetsi». Erantzuna aho-ahora eman zion: «Eta guri bai ala?». Algarak gangartu egin ziren, ukabilez jo zen mahaia. Norbaitek kantu bati eman zion oin.

        «Et, et, et», eten zuen harramantza kazetari zuhurrak. «Baina bazagok esan ez duan zerbait», jarraitu zuen. «Kazetaria errealitatearekin zatorrek harpera, ados. Eta errealitatearen zer bertsio ematen duen, horretan sartzeke, barrurako bidean dela, kanpoan gauzak gertatzen segitzen ditek. Alegia, kazetaria iluntzean hasten dela koban sartzen, goizean heltzeko lagunengana». «Hara gure fisikoa!», esan zuen umoretsuak, «orain bazakiagu Platonek ez zekien zerbait, alegia, zer tarte dagoen koba ataritik hondora: hamar-hamabi ordu!». «Eta?». «Galdera hor dagoela, adiskide: zer egin kanpoan ikusi duana amaitu ez denean eta leize barrura itzuli beharra duanean. Beste era batera esanda: arazoak ditugula erredakzioetan azken orduko albisteekin».

        Errepara ezazue Da Vinciren Il Cenacolo-n. Bada bat gainontzekoen aldean garbi-garbi logura dena, hori naiz ni. Kontuak egin, ordaindu, eta lagunei arinkeriaren bat esanda hartu nuen etxerako bidea, mahaikideak han utzita. Kalean, Xabier Izagaren liburuaren tituluaz oroitu nintzen, Bart irakurtzeko gaur izkiriatua. Azken ordukoen eztabaidak ez zuen luze jo, hala esan zidaten hurrengo egunean, jende gehiago sartu zela tartean, eta norbaitek futbol partidu batean, hordi handi zela, loak hartu eta kronika berak asmatutakoarekin osatu zuen kazetariarena kontatu zuela, eta hala joan zirela denak kalez kalekora.

        Azken orduko albisteekin segitu zuena ni izan nintzen. Loari, egunkariari begiratu bat ematen itxaron nion. Italiako hauteskundeen tituluak, zahar gelditu ziren paperean. Prodik irabazi du, oso estu, baina harenak dira, antza, bai legebiltzarra eta bai senatua. Ai Italia...!

        Berpizkundeko margolarien, Da Vinciren Italia, Palestinako afari bat hartuta margogai. Eta kasualitateetan sinesteko ordua: hauteskundeen trataeran, ez zen bietan antzera jokatu? Jaiki eta lardaskan hasi nintzen. Palestinakoa sonatua izan zen, ez afaria, hauteskundeen albistea nola eman zen baizik. Urtarrilaren 26a osteguna zen, eta artean emaitza guztiak jakin gabe, hainbat egunkari arrunt ausart ibili zen. Hona, esaterako, El Correo Español-ek eman zuen azala: «Fatah gana las elecciones palestinas». Eta azalpen luzexeagoan: «Sondeos a pie de urna otorgaban al partido gubernamental el 42% de los sufragios, mientras que la formación radical se situaba en el 34%». Hurrengo egunean, ostiralean, honako hau izan zen albiste nagusi, ordea: «La aplastante victoria de Hamás da un vuelco a la política en Oriente Medio». Leize barnerako bidean gauzak asko aldatu ziren, antza.

        Ez zen baina, inkesten emaitzekin titulua atera zuen bakarra. El Mundo-ri, beste horrenbeste gertatu zitzaion. Jokatu eta gaizki atera. «Al Fatah gana las elecciones palestinas pero los islamistas de Hamas se acercan al 40%» eman zuen ostegunean. Ostiralean, berriz: «Hamas logra la mayoría absoluta en Palestina sin renunciar al terrorismo». Akabailena, hala ere, hitz gutxitan ematea erabaki zuelako, Noticias de Gipuzkoa: «Victoria de Al Fatah». Argazkian, ustez Al Aksako martirietako kide bat, airera tiroka, garaipena ospatzen. Biharamunean, aldiz, honela aldatu zen errealitatea: «El fundamentalismo toma el control de Palestina de las manos de Hamas».

        Esan beharrik ez dago: horrelakoetan, hurrengo eguneko edizioan ez da ez zuzenketarik sartzen. Ez dago horretarako usadiorik, ez da beharrik ikusten, zertarako, biharamuneko egunkarikoak estaltzen badu bezperako egia.

        Eguneroko izan barik, nahi baino sarriagoko arazoa da azken orduko albisteena. Afariko hitzak jiraka eta bueltaka: kazetariak gauero itzuli behar du lagunengana, baina errealitatearen gurpila ez da gelditzen. Gaur horrela dena, bestela da bihar. Zer egin?

        Berez, ez da zaila: «orain arteko datuen arabera» esatea. Baina egunkariak badaki «orain arteko datuen arabera» ez dela ezer hurrengo egunean irakurleak irratiz, telebistaz edota Internetez azken emaitzak dituenean gosaltzeko. «Gogorrago jokatu» beharra dago, eta nahiago borobiltasuna, egia ez bada ere: «Al Fatah-ren garaipena».

        Italiakoetan, beste horrenbeste gertatu da. Inkesten arabera, bateratsu heldu ziren oso Berlusconi eta Prodi hauteskunde egunera. Asteartean, azken emaitzen berri izan ez, eta zuhurtzian abarotzea erabaki zuen Berria-k: «Azken unera arte lehia estua izan da Italiako hauteskundeetan». Eta hala zen, hogeitaka mila bozen aldea baino ez, dirudienez. El Mundo-k, nahiago izan zuen arriskatu. Barruko orrietan, garbi: «Berlusconi da la sorpresa y se perfila como vencedor en las elecciones italianas». Azalean, datu berriagoekin beti, frontoian bageunde bezala, barruko orrialdeak aldatu ezin eta trabesa berdintze aldera: «Virtual empate entre Berlusconi y Prodi en un escrutinio de infarto».

        Antzera jokatu zuen El País-ek berak ere. Nazioarteko orrialdeetan, honela azaldu zitzaion irakurleari zer gertatu zen Italian: «Berlusconi se aferra al poder». Eta azalean, azken orduko emaitzekin: «El empate entre Berlusconi y Prodi en las urnas parte Italia en dos bloques».

        Afariko bi lagunak etorri zitzaizkidan akordura, leize zulora itzuli eta kanpoan ikusitakoa guri kontatzen. Zuhur bata, ausart bestea. Informazioari dagokionez, bistan da, ezin esan zehaztasunik gabeko ausardiak «errealitatea» dakarrenik. Ez gutxieneko sinesgarritasuna izan nahi baldin badugu behintzat. Areago, ez dut uste ausardia denik hitzik egokiena jarrera hau izendatzeko.

        Eta orain, adiskidea, gorrota ezazu hamahirugarren afaltiar hau.

(2006-04-16)