Hizlandia
Hizlandia
2006, saiakera
224 orrialde
84-95511-89-4
azala: Xabier Gantzarain
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Judasaren begia

 

Inguruko hizkuntza orotan dugu izen berezien zulo estutik gainez egin eta eguneroko mintzora esanahi jakin batez hedatutako izenik. Gazteleraz hor dira, konparazio batera, simon, zalgurdia esateko, behinola Madrilen horrelakoak alogeran uzten zituen Simon bat izan zela-eta. Ez da bakarra. Antzera moldatuak daude, literatura lagun, lazarillo, perillán, donjuán... Frantsesez ezaguna da harako arkitekto haren izenetik datorrela teilatupeko gela, mansard, edota Joseph Ignace Guillotin mediku eta diputatuari zor zaiola honek Estatu Orokorrei proposaturiko heriotza makina ofizial haren izena, gillotina. Gerla Handian, adrian deitzen zitzaion soldadu frantsesen kaskoari, hau hedatzen ahalegindu zen hornitzaileagatik, eta rosalie baionetari, kantu harengatik: «Rosalie m'fait les doux yeux...».

        Euskaraz ez dakigu zer egin zuen harako Pello hark, baina pellokeria utzi zigun, eta bide batez baita maila goreneraino iritsi den hamaika pello eta pello kirten ere. Emakume bat pello izan daitekeen? Azkoitia inguruetan marta eta zanpan-marta erabili izan dugu, aurrekoei hala entzunda, tuntuna edo zontzona esateko. Mariok lokomario utzi digu Arratia aldean. Matxin ere hor dabilkigu, historian bueltaka, eta emakumearen sexuari deitzeko, hor dira han-hemen joxepatxo edota katalinea. Mari, erabilera gaiztoetarako bide da ia beti: mari-zikin, mari-mutil, mari-maistra, mari-ttarttala, maria-bideetako... eta baita mari-matraka ere. Bibliatik hartutako hitzen iturria, bistan da, ez da erraz agortzekoa. Lokuzioetarako, hor dira konparazioetarako atezuan: adan, barrabas, kain, kaifas, madalena, mardokeo, matusalen eta pilatos. Lexikoan, berriz, jaioberriak non lotaratu, eta moisesean. Hala ere, bat hautatu behar eta judasa zait aloso, frantsesak oso berea duena, ate zirritua esateko, ateko xilo eta ate ostekoaren begi. Esan gabe doa, salatariaren begia da judasa.

        Lehengo aste hondarrean, ETB2 ikusten. Arafaten hiletaren ondorengo orduak. Iurretako estudiotik, Africa Baeta Gazan zen berriemaile bereziari bide ematen: «Israeldarrei ileak laztu dizkien albistea», esan zuen Baetak, eta Madariagak baietz, errepikatu egin zituen bestearen hitzak, «bost betiko kartzela-zigor betetzen ari den Maruan Bargutik hauteskundeetara aurkezteko asmoa duela adierazi du». Anartean, telebista frantsesean, aditu guztiak, tartean baita sionista batzuk ere, «palestinarrak batu ditzakeen gizona Barguti da» esaten ari ziren, «eta hori ona da, onetsitako mintzaide den neurrian». Eta gurean zer mezu zabaltzen ari? «Ileak lazteko moduko albistea». Nori, eta israeldarrei!

        Goazen judasera, baina. Barguti nor den janzteko, ziega ateko begitik hartutako irudiak eman zizkiguten, gizona gerriz gora biluzik, bere garbitasunak egiten. Efektu estetikoa polita zen oso, judasaren biribila telebista ekranaren karratuan. Ohartu ginenerako, gure begia ziegazainarena zen, ordea. Aurreko astean gauza bera egin zuen El Mundo-k ere, euskal preso batzuk «islamiar terrorista» batekin kartzelako patioan pasieran argitaratu. Judasa, ez dizuet esan, unibertsala baita, berdin ikusten baitu han eta hemen.

        Ez diot gezurrik; gizona, Palestinako presidentegaietako bat, gerriz gora biluzik, bere garbitasunak egiten. Ibarretxe ikusten duzue ETBn, papar zurdak agerian? Edo Idoia Zenarruzabeitia, erdi gorririk, galtzarbeak garbitzen?

        Orduan duintasunaz hitz egingo genukeen.

        Dagoeneko honek guztiak zer neurri hartu duen ikusteko, etxeko adibide bat, orain dela hiru asteko Matraka gazte gehigarrian argitaratua. Begiratu bat ematen zer web dauden ikusgarri, oharrari begia atoan: «Gogorrentzat». Ea ba, pentsatu nuen, lainezak harrotuta. «Irakeko gerra ostean gertatzen ari diren bahiketen benetako krudeltasuna ikusteko aukera duzu honako orri honetan. Bertan, esplizituki azaltzen da bahituei lepoa nola moztu dieten. Egiak min egiten du batzuetan».

        Sinetsidazue, hau, honelaxe, egunkari honexetan argitaratu zen. Eta ez dut sinetsi nahi gazteen kontua denik. Telebistako kode deontologikoak erakutsi dit ez dela gazteen kontu hutsa. Etxeraino dugu sartua.

        — Informazioa duk, datu bat gehiago errealitatea hobeto ulertzeko nola berotzen ari naizen ikusita, batek.

        — Abu Ghraibeko torturena bezala! —bigarrenak.

        — Horrela jakin dugu marineak nola hil duen irakiar zauritua Falujan! —hirugarrenak.

        Orduak eta orduak ditugu grabaturik Falujako erasoaz, baina ez dakigu zer gertatzen ari den. Gezurra da irudiak hamaika hitzen balioa duelakoa. Gauden egoeran, susmoz elikatu beste erremediorik ez dugu. Autopsiarik gabeko milaka krimen.

        Marinearen hilketaren irudiaren hurrengo egunean, argazki bat heldu zen erredakzio guztietara, EPA agentziak sinatua: ume irakiar bat ageri da bertan, marine bati eskua ematen. Baina ez nien deus esan, pello handi ni. Neure kolkorako gorde nuen amorruaren logika.

        Zergatik deitzen da judasa? —galdetu zidan lehenak, agurtu aurretik.

(2004-11-21)