Hizlandia
Hizlandia
2006, saiakera
224 orrialde
84-95511-89-4
azala: Xabier Gantzarain
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Zifra-letraketan

 

Andolin Eguzkitzak kontatu ohi zidan, «haserre nago» esateko, lokuzio bitxia ziola entzuna Lekeitioko emakume bati. Harrezkero, neu ere ibili naiz belarriak ernai ea norbaiti entzuten diodan, egin behar ez dena ere egin dut, galdetu, baina... kale, arrastorik ez. Eta pena dut, benetan baita ohiezkoa, inon jaso gabe galduko den ontzurre horietakoa.

        — Badakik zelan entzun joaten?: «Erdara nator». Edarra, ez dok?

        Eta nori jasoa zion gehitzen zion, ziurtagiri gisa. Halaxe ikusten dut hainbat jende azken aldian, erdara datorrela euskara kontuekin, hedabideen erabilera dela-eta.

        Urtean behin edo bitan besterik ikusten ez den ezagun hauetako batekin egin nuen topo orain dela aste pare bat. Akats ehiztari amorratua da bera, eta euskalduna izanagatik edo, beharbada horrexegatik, erdara zetorren. Mugagabeak zuen, antza, errua.

        — Mugagabea badoa, esan zidan Lizardi «amona gureaz» ari balitzait bezala.

        Ez zuen atertzeko itxurarik.

        — Irratian beti duk plurala, «hainbat herrietan», «zenbait arazoekin»...

        Jabetzen nintzela, baina zuzentasunaz gain badela beste hamaika kontu esan nahi nion nik, bare. Ez zidan aukerarik eman. Mundua zen gramatikarekin batera hondora zihoana.

        — Azkena, atzo bertan. Bizkaiko «herri desberdinetan» hasi behar omen dik Foru Aldundiak ez zakiat zer kanpaina. Bizkaiko herri guztiak berez izango dituk ba, desberdinak, ez? Baina gaztelera zian hark gogoan, «distintos»! Eta egunero duk horrela, edo okerrago!

        Hitz egiteko proportziorik gabe utzi ninduen, han joan baitzen etorri zen bezala espaloian aurrera, ezinago erdara. Jose Artetxez oroitu nintzen: «betiko mundu» kristauaren gainbeheraz kezkatua hura, euskara zuzenaren hondamenaz nire ezagun hau, eta hau bezala beste hamaika. Eta honaino heldu garenez, kakaztu dezadan neure burua. Badut etxean, gordea, Berria-ko titulu handi bat, Hizlandiarako baino Zuzenlandiarako egokiagoa den txatala, urtarrilaren 23ko egunkaritik artaziz moztua: «Norvegiako 20 otsotik bost hilko ditu Gobernuak». Kontua ez da lautik bat hilko dutela, baizik eta Norvegian 20 otso daudela eta 20 horietatik 5 hilko dituztela. Mugagabeak, singularrak eta pluralak alberdanian dabiltzala, eta dirudienez, edonon, gauza jakina da.

        Mugagabe okerrak baino zenbakiek naute, ordea, nire onetik ateratzen azken aldian. Erlijio berria jabetu da gutaz, eta hedabideak dira haren profeta nagusiak. Eman begia, bestela, egunkari eta aldizkarietako orrialde berriei. Zenbat eta diseinu modernoagoa izan, orduan eta letra gutxiago eta zenbaki gehiago. Nola esango genuke, zenbakiak kabalak balira bezala ematen zaizkigu. Zenbaki batera ekartzen da azalpenik zailena. Zenbakietan dago bildua mundua. Denbora pasean eman dut arratsaldea, Berria-k zifretara ekarritako jakingaiak biltzen, eta hala ikasi dut, esate baterako, 12 direla komuneko ur ponpari sakatzen diogun aldiro honek xahutzen dituen litroak, 5 Errumaniako Brasov hirian festa nazionalaren karira eltze batean irakinda prestatu zituzten ardo beltz tonak eta 54 Michael Levinson kanadarrak ahoan sartu ahal dituen mahatsaleak.

        Kezkagarriagoak dira, baina, albisteetan ematen zaizkigunak, hor doazkigulako zintzurrean behera, ohartu gabetanik, Levinson-en mahatsaleak bezala. Asteazkenean, orrialde interesgarria egunkari honetan. Gaia: suizidioa eta Internet. Gero eta gehiago omen dira Interneten bidez elkarrekin hiltzeko hitzordua egiten dutenak. Kazetariak Japoniako kasua nabarmendu nahi du: «'Zibersuizidioari' buruzko eztabaida piztu da, Japonian kasuak asko ugaritu baitira». Artikuluak irakurketa norabide bakarra du, taldekako suizidioez ohartarazi nahi da, eta gain pasadaz irakurriz gero, hor duzu heriotzen arduraduna ere: sarea.

        Gero, albistearen barrunbeetan, datuak, datu multzo ederra Japoniaz. Hala jakin dugu 2003an «markak hautsi zirela» (zoragarria kirol kazetaritzaren ekarpena) eta 34.427 izan zirela bere buruaz beste egin zutenak. Taldean suizidatu zirenak, berriz, 3.538 izan omen ziren iaz. Elkarren ondoan hiltzeko Internet erabili zutenen kopurua ere, badakite: «elkar ezagutu gabe, Interneten bidez ados jarrita, beren burua hil dute 35 pertsonak azken lau hilabeteotan Japonian». Urtean zenbat diren jakiteko ez dut proiekzioa egin beste erremediorik, gutxi gora beherakoa ateratzeko. 35 lau hilabetean, beraz... 105 bat lagun urtean. Eta hahor harriduraren arrazoia. Horrela izatera, taldean hil ziren 3.538 horietatik 105 bat besterik ez ziren izan Internet erabili zutenak azken randeburako. Portzentaietan ere, txikia: ez da ehuneko hirura iristen. Horrek esan nahi du gainerako guztiak telefonoz egin zutela hitzordua, unibertsitatean ezagututa, lantokian, diskotekan...

        Bistan da, badago ondo ez dabilen zerbait albisteak «eraikitzeko» unean. Berria Interneten fokalizatu da, nahita. Behin eta berriz errepikatzen zaigun konstantea da: «'Zibersuizidio izurriteaz' mintzatzen hasiak dira Japoniako eta munduko komunikabideak». Hala sortzen dira «interes soziala» duten gaiak, halaxe bideratzen nahierara. Alarmismoak ez luke prentsaren lagun behar. Ehun eta bost lagun ere asko dela, badakigu. Baina 34.427 suizidio izanik arreta 105 horietan biltzea, esanguratsua da. Eskerrak Sergio Perez adituari eginiko elkarrizketak ikuspuntu osoagoa izaten laguntzen zuen.

        Adibidea, ona da, argigarria gaur egungo hainbat albisteren logika ulertzeko. Batetik, zifrak daude, ematen direnak eta nahita gordetzen direnak. Bestetik, letrak, zerbaitek eraginda, bultzatu nahi den mezua, izurria bezalaxe, atez ate doana, oso ondo ez badakigu ere zergatik.

        Analogiak, hor dira. Goazen Irakera. Zenbat dira hildakoak inbasioa hasi zenetik? Nola da posible inbasio tropek erresistentziak baino askoz zibil gehiago hil izana albistegietan agertzen diren hildako guztiak hauen biktima badira? Zenbat dira bahitutako kazetariak eta zenbat langabezi egoera gorrian dirua lortzeko bahitzen dituzten irakiarrak, bereziki emakumeak? Zein ehuneko hiruri eskaintzen zaio denbora, zein biktimari ematen zaio izena, zeini aurpegia?

        — Erdara zatoz zu...

        — Ez, euskara nator, edo noa, edo nabil, ez dakit seguru.

(2005-02-13)

 

Ostekoa:

Berria irakurtzen: «Bizkaiko kostaldera zetorren belaontzi batean 800 kilo kokaina atzeman, eta 18 lagun atxilotu ditu Espainiako Poliziak...». Tartean, ertzain bat, antza. «Drogak kalean 65 milioi euro balioko zukeela jakinarazi dute». Iturria, Espainiako Barne Ministerioko prentsa bulegoa da: «La droga aprehendida, que en el mercado al por menor alcanzaría un valor aproximado de 65.602.666 euros, (correspondientes a unas 90.334.448 de dosis), iba a ser distribuida entre...».

        Beste batzuek sudokuetan bezala, zenbakietan ito naiz. Hainbeste gramo, hainbeste euro... dosia, Poliziak esatera, 0,72 eurotan ateratzen da. Eta zalantza: edo beste batzuk dira kaleak, edo dosiak homeopatikoak edo promozioak alimalezkoak. Hori bai, kontuak egin ezean, zenbakiak ikaragarriak dira.

 

Ostekoa bi:

Ez naiz ondo konpontzen zenbakiekin. Herenegun azkena. Azalean, tituluan: «285.000 metro koadroko industrialdea eraikiko du Txinan MCC korporazioak». Berriro irakurri. Imajinatzen hasi, eta ezin. Hektareetara ekarri, futbol zelaietara bihurtu. Ezin hala ere. Zenbat metro ziren?, galdera handik bost minutura neure buruari. Oroitu ezin. Eta nonbaitetik atera behar eta: metroak dira albiste ala MCCk industrialde gaitza (hala bada) eraikiko duela Txinan?

        Baina ez da, seguru nago, zenbaki handia delako. Denboratxoa behar izan nuen maiatzaren 2an Eitb24.com-en agertu zen albiste honekin ere: «Gozogile batek 1,5 urte eman ditu erroskila moten jatorria aztertzen».

        1,5 urte! Motza izatea zer den.

 

Ostekoa hiru:

Zenbaki absolutuei ezer kentzeke, ehunekoek sortzen dutena bai lilura. Autobus bahiketa 2004ko abenduan Atenasen: «Errusia eta Albaniako enbaxadetako ordezkariak ere hurbildu ziren autobusa dagoen tokira, bahitzaileak nongoak diren jakiteko ahaleginetan. 'Bahitzaileen %99 albaniarrak direla esan du poliziak, eta horregatik etorri naiz hona', azaldu zuen Bashkin Zeneli Albaniako enbaxadoreak». Honela eman zuen Berria-k. %99 asko da. Ikaragarri. Ez dizuet esan: bahitzaileak bi ziren.