Hizlandia
Hizlandia
2006, saiakera
224 orrialde
84-95511-89-4
azala: Xabier Gantzarain
Iñigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Erredakzioa deritzon kazetaria

 

Kazetarien kezkak entzunda, ikasi egiten da berripaperak irakurtzen. Hori gertatu zitzaidan orain hurrengoan, egunkari honetako zutabegile eta Urola-Kostako Hitza-ren zuzendari den Gari Berasaluzeren zerrenda leitu nuenean. Kontatzen zuen Berasaluzek, egunero paperera bihurtu beharreko iritzizko albiste horien artean, birekin izan dituztela azkenaldian nolabaiteko arazoak erredakzioan. Samurretik ezer ez biak.

        Aurrenekoan erasotzailearen beraren etxean alokairuan bizi zen emaztearen kasua azaltzen zigun, nola salaketa jarri eta gizona epailearen aurrera eramanda, honek libre utzi zuen, nahiz eta aurrekaririk bazuen. Labanaz eraso zion, antza, emazte zenari. Bigarrena Zarauzko bi mutilen kasua da. Iruñean Espainiako Poliziak atxilotu, iraindu eta jipoitu ostean, ubelduren argazki eta guzti kaleratu zuten albistea. Dio Berasaluzek bietan, erakundeen isiltasuna baino ez zutela ezagutu, eta oztopoak ere, izan zituztela bidean. «Horrelakoetan kazetaria —gogorarazten du—, beste inork esan ez duena edo norbaitek ezkutatu duena erakustera behartuta dago, albiste garrantzitsua delako».

        Gutxi-asko, sinatzeko moduko hitzak, uste dut. Bi kasuotan, ordea, mekanismo gordea jarri zen martxan: «Itzal ezezagun batekiko beldurra eta erosotasun eza nabarmena zen, eta albisteak jorratu zituzten kazetariek ez zuten sinatu izan nahi» —biluzten da Berasaluze. Horregatik erabaki omen zen «Erredakzioa» jartzea kazetariaren izenaren tokian. Eta eransten du: «Isiltasunarekin, horrelako eskubide urraketa larriak gerta daitezen bidea egiten dute, kazetarioi gertatutakoaren berri ematerakoan bakarrik sentiaraziz eta ausartak izatera behartuz».

        Adostasunetik edo desadostasunetik harago, ikusi egiten da Berasaluzeren kezka, eta ulertu, are gehiago herri prentsaz ari bagara: oro gertuegi, oro ezagun, oro itzal. Eta ez da inorentzat ona kazetaria mututu dadin. Izan ere, kazetari onen besteko beharra dago kazetari manumituena. Eta ez naiz, egunotan haren ustezko hiltzailea atxilotu dutela-eta, kazeta azalera atera den Rodolfo Walsh bat, biktima bat eskatzen ari. Egokiena ez, baina aterpe da, honelakoetan, «Erredakzioa».

        Eta Berasaluzeren gogoeta bere egin arren, irakurleak badu beste kezkarik sinadura horren inguruan. Eta susmoa du, ez dela beldurra, ez dela izua, ez duela kazetariaren itzalekin zerikusirik.

        Urrutira gabe, eta kanpoan ontzurre ederrik badagoen arren, etxeko adibideak bildu ditu, esperantza handirik gabe. Txatalei gainbegiratu bat eman, eta denetik duela ohartu da. Badu, esaterako, ortografiarekin zerikusirik duen albistea, txikikeria bat, azaroaren 24koa. Noticias de Gipuzkoa-ren aurkezpenaren berri ematean, Donostiako Tabako Fabrikan izaniko ekitaldira agertu zirenen zerrenda: «...Odon Elorza Donostiako alkatea, Juan Celaya Zeroa Multimediako Administrazio Kontseiluko lehendakaria...». Berriro begiratu du: «Celaya». Bere artean, Juan Zelaia ezaguna da bada... hor dago Zelaia saria urtero ere, liburu bihurtzen diren ikerlanak. Eta Estilo liburua, euskal abizenak kanpotik datozen bezala ez ateratzeko. Sinadurari erreparatu eta... «Erredakzioa».

        Badira gehiago, titulu okerrak baino, ausaz irakurlearen moztasunarekin zerikusia dutenak. Hona bi, zerbait jakiteko birritan irakurri behar izan dituenak: «Aberats bakoitzeko bi kikara kafe behar dira pobreenei laguntzeko» (abenduaren 2an), edo hau: «Alemaniarantz Espainiak hartu duen bidea segi nahi dute azken aukera dutenek» (azaroaren 16an). Biak zutabe bakarreko tituluak izatea, ez du, ez duenez, gehiegi laguntzen. Nork idatzi dituen? Biak berak, «Erredakzioa» delakoak.

        Badira bestelakoak ere, irakurleak, hizkuntza baten gainean duen jabetzak urteetan emandako «zerako zera horrek» ematen dion abisua karrakateko nabarmenaren aurrean. Azaroaren 15ean, hau zen titulua Langraizko kartzelan zuzendaria aldatu zutela-eta: «Basaurin hezitzaile lanetan ibilitako bat da Langraizko zuzendari berria». Gramatika aldetik ez du tatxarik, baina ezin esan titulu egokia denik. Eta ez informaziorik ematen ez duelako, baizik eta «ibilitako bat» hori gatz larriegia delako salda honetarako. Zuzendari berriaren izena jartzea, gaizki? Ez bada jarri nahi, eta handia da hau esatea, «inor ez delako», zer moduz horixe jarriko balitz hain zuzen, izendatu dutela zuzendari berria? Eman dezagun beste edozein kasu, futbol entrenatzaile ezezagun bat datorrela, konparazio batera, Alavesera. Egin aproba: «Sabadell taldean entrenatzaile izandako bat fitxatu du Alavesek»? Errespeturik bai «izandako bat» horri? Baina gauza jakina da guztiok ez ditugula hizkuntzaren tolesturak berdin bizi. Ez behintzat honako irakurle honek eta artikulua sinatzen zuen «Erredakzioa»-k.

        Zaku handia da, ordea, «Erredakzioa» hori, estilo eta gai franko darabiltzan kazetaria inondik ere. Ekaitz eta haize bolada latzak Euskal Herrian urriaren hondarrean. Egunkari hau irakurtzen: «Aspaldi ez bezalako astinaldiak eragiten ari da haizea Euskal Herrian. Atzo, ondorioz, arazo ugari sortu ziren. Errepide askotan, enborrak, adarrak eta orotariko zakarrak pilatu ziren, eta auto gidari askok nekeak izan zituzten aurrera egiteko. Kasu askotan laguntza eskatu behar izan zuten. Etxe askotatik, halaber, teila eta antzekoak erori ziren, eta arazo ugari sortu ziren». Eta irakurleak: zer gertatu den, tira... baina non? Estiloari gehiegi begiratu gabe ere, zenbat «asko» eta «ugari» darabiltza Erredakzioa izeneko kazetariak hain tarte laburrean?

        Segi dezagun, baina: «Errepideetan arazorik nabarmenenak Gipuzkoan sortu ziren, eta batez ere errepide nagusitik kanpo. Sare nagusian ere jazo ziren, hala ere, arazo batzuk. Andoainen, esate baterako, N-1 errepidea norabide batean itxi egin behar izan zuten. Hendaiarako (Lapurdi) bidean ere arazoak izan zituzten tarte batean. Suhiltzaile, udaltzain eta ertzainek egun beteko lana izan zuten sortu ziren arazoei aurre egin, eta balizko arazoak saihesteko».

        Ikusi egiten dut, kazetaria batere axolarik ez dion gaiaz idazten, hemendik eta handik jasotako teletipoak presaka batean itzuli, moldatu eta josi nahian. Ikusi egiten dut, lana burututa, egindakoa osorik irakurtzen. Nola sinatuko dut neure izenez zerrikeria hau?

        Irakurleak hemen batu dituen txatalak ez dira beharbada egokienak, izan zitekeen ankerrago edo gozoago, baina nago gauzak egiteko era baten erakusgarri behintzat badirela. Eta kazetariak badaki. Nola sinatu norberaren izenez presaka eta kariñorik gabe egindako lana? Nola eman izenaren bermea kanpoan sortutako albisteari?

        Arrazoi du Berasaluzek: beldurraren aterpe da «Erredakzioa» sinadura hori. Baina, usteak ematen dit, eta barkatu, ez soilik kanpoko itzalena, baizik eta beste larriago batzuena. Norberaren hezur-mamiak, burruntziak bezala, alderik alde —lana, izena, duintasuna— zulatzen dituen itzal zantarra.

(2005-12-18)