Hizlandia
Hizlandia
2006, saiakera
224 orrialde
84-95511-89-4
azala: Xabier Gantzarain
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Brian Friel gurean

 

Irlandako Antzerki Nazionala deritzon horretan, Brian Friel izan da, eskierki, Euskal Herrian mirarik handiena izan duen egilea. 1988an, Frielen antzezlan bat estreinatu zuen Donostiako Tanttaka taldeak, Agur Eire, agur. Bertan, honako istorio hau kontatzen da: heldu da britainiar armada Irlandara, eta konkistatzaile prestuen gisan, lurraldearen mapa egiteko agindua dakar. Hor hasi dira soldaduak herritarrei galdezka: «Herri honek, nola du izena? Eta errekasto horrek? Eta harako muinoak?». Eta irlandar gaiztoak, gaiztoak zer diren, okerreko erantzuna beti. Hurrengo herrian, beste horrenbeste; eta berdin. Harantzagokoan, gauza bera. Azkenean, inbasio indarrek marraztu zuten mapak ezer gutxi zuen egiatik, herriak, errekastoak eta muinoak ez diren tokietan agertzen baitziren. Halako Irlanda amorfoa zen britainiarrek egindako kartan ageri zena. Horra menperatuaren mendeku txikia.

        Garai bertsuan, eta ez dakit Frielen istorioak eraginda, antzeko lanetan aritu zen Asisko Urmeneta, Iruñean egindako hormairudi batean aurrena eta Napartheid fanzinearen bigarren zenbakian gero. Arrunt ezaguna egin zen «Soweto? Euskal Herria baino hobeto!» leloaren gainean, Afrikako karta bat, Euskal Herriaren irudira egina. Kolonizatzailearen eskuak Bayonne idatzia du Maroko gainean, Tudela Hegoafrikar Errepublikan, Guernica/Guernique Senegalen, Mauleon Egipton, San Sebastián/Saint Sébastien Mauritanian, Aoiz Etiopian, Bilbao Ginean, Petilla Madagaskarren... Frieli eginiko keinua baino askoz gehiago zen Urmenetaren zirin-ziria. Euskaldunok gure lurraldetasuna nola bizi dugun, horren gaineko sastada ironikotzat hartu behar zen, batez ere.

        Urteak joan dira, Sowetoren leloa abantzu ahazturik dugu, baina gure mapa amorfoaren erabilerak britainiar konkistatzaileena izaten segitzen du. Ez dugu aurrera egin. Ez dugu aurrera egin nahi. Gaur zortzi, pilota partida Eibarko Astelenan. Batetik, Ives Salaberri; bestetik, Abel Barriola. Eguzki epel ederra igandekoa, eta iluntzean etxerakoan, autoan, Kaxiano Ibargurenen begiez ikusi nahian partida ni Euskadi Irratian.

        Etengabean jardun beharrak, eta izenak ez errepikatze aldera, pilotaria nondarra den esatera bultzatzen du kazetaria. Eta hala aritu zen partida guztian, antonomasian maisu, «zabalera leitzarrak... iritsi Iparraldekoa» eta horrela. Inoiz hutsik egin ez zuen ordezkatzea erabili zuen beti. Bata, Barriola, leitzarra zen; bestea, Xala, Iparraldekoa. Esan gabe esaten ari zen, bata euskal pilotazaleok ezagutzen dugun herri batekoa dela, eta bestea, izenik gabeko herri batekoa, horkoa, alimaleko golf zelai, errepide bazterreko magasin handi horretakoa.

        Hona gure herria, Frielena baino bidutzi, munstroagoa. Zatiketa administratiboarena jan-jana dugulakoa, ez da oraingoa. Baina bitartekoak izan eta bere neurrian gainditzeko gauza ez izatea ere, handia da. Lehen euskal-frantsesak deitzen genituen, edo Txirritaren moldean, frantses-euskaldunak. Kalean eskolatu, eta lortu zen Iparraldea esatea, baita EITBko erdaldunek honela erabiltzea ere País vasco-francés-en ordez (zein zaila den egun Bestaldea ia klandestino hura entzutea!). Baina hortxe gelditu gara. Iparraldea hori baita hain zuzen, Iparraldea, ez Euskal Herria.

        Orbainarena zenbaterainokoa den ikusteko, beste adibide bat. Asteazkenean, irrati berean, solasaldia iluntzean, Frantziako Barne ministro den Dominique de Villepin-en etorrera dela-eta. Ezusterik ez da. Moldea egina dago. Ministroa Iparraldera dator, edo Ipar Euskal Herrira, egundo ez Euskal Herrira.

        Frielen mapan bizi garelakoa, hala da. Asteazkenean bertan, kazeta hau hartu, eta azalean: «Erriberako letren eguna». Barruan, kultura orrialdeetan, eta Euskadi Sarien karietara, titulu bera berriro, eguna gau bilakatuta: «Erriberako letren gaua». Barnean, zergatia: «Euskadi Literatur sarien banaketa, nahita edo ez, Nafarroako letren omenaldi bihurtu zen. Are gehiago, saritutako lau idazleetatik bi herrikideak izateaz gain, eskualde berekoak izanik: Erriberakoak, alegia. Bata Castejongoa eta bestea Tuterakoa».

        Argazkian ez zeuden biak bakarrik, ordea. Ondoan zituzten Jesus Maria Olaizola Txiliku eta Anton Garikano, saritutako beste bi idazleak («larriki sarituta gertatu dira» erabili ohi du horrelakoetan adiskide batek). Eta kasualitatea, biak Zarautzen bizi direnak. Kana bera erabilita, lasai izan zitekeen titulua ondorengo hau ere: «Zarauzko letren gaua». Esan beharrik ez dago negargarria litzatekeela. Baztertzailea. Ezinago probintzianoa.

        Ulertzen dut zergatik egin zen Erriberakoaren hautua, badakit Nafarroarena, aupadarena, diskriminazio positiboarena... Gurasokeriak ez dakar, baina, inongo mesederik. Are gehiago: literaturan, kaltea baino ez dakarkio idazleari zein honen obrari. Aluarena jo genien britainiarrei, baina ordainean, geuk diktatutako mapa sartu digute eurek heste-mintzetaraino.

        Eskerrak pilota daukagun. Adi gaur, ea zer egiten duen Lekuinekoak Hegoaldekoaren kontra.

(2004-11-28)

 

Ostekoa:

Frielen mapa nola ez dugu jango, hedabideek horrelako herria erakusten badigute. Konparazio batera, berdinak exotismora kondenatzen, klixe folkloriko-sinpatikora. 2006ko udan, bidaia eta mendiko kroniken lehiaketa eman zuen barne orrietan Berria-k. Hala animatzen zituen egunkariak kazetari gazteak: «Zenbat aldiz gelditu zara Amazoniako argazki horiek erakusteko gogoarekin? Zenbat aldiz Zuberoako artzain harekin bizitako pasadizoa kontatzeko nahiarekin? Bidaiazalea bazara, ziur gaude zure bizipenak kontatzeko grina baduzula...».

        Nola ez dugu horrela idatziko horrelaxe entzuten badugu? Gure normaltasun autonomikoa zertan den. Donostiako Zinemaldian, Zhang Yang txinatar zuzendariaren prentsaurrekotik heldu da euskal irrati publiko bateko kazetaria, haren mintzoak liluratuta, arrunt ederretsita heldu ere: «ulertzen ez den euskalki batean ariko balitz bezala». Berehala aldamenetik lagunak: «Bai, Zuberoakoan edo». Dena euskara jatorrean eta umore onean.

        Kursaal-etik Zuberoa Txina bezain urrun dagoela, sinesten diet. Ez nekiena zen Zhang Yangek zubereraz egiten zuela, edo nola da... ulertzen ez den euskalki batean. Ondo dago jakitea.