Hizlandia
Hizlandia
2006, saiakera
224 orrialde
84-95511-89-4
azala: Xabier Gantzarain
Iñigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Tituluen itzala

 

Pintadekin ere alfabetatu ginen belaunaldi batekoa naiz. Esan nahi dut, aldizkari eta liburuekin adina, hormetako aldarrikapen politiko haiekin ere, majo ikasi genuela. Hala gelditu zaizkit betirako gogoan kateatuta, konparazio batera, atxilotua, espetxea, orokorra (esku presatuak sarritan orrokorra idazten zuena)... eta guztien artean, bitxikeria bat: nekazari. Bistan da, ez zen greba bezain exotikoa, izan behar zuen nekearekin zerikusirik, beharko. Guk ez generabilen, baina irratiak bai. Eta elizak. Pintadetan ordea, ez zen batere ohikoa. Gogoan dut non eta noiz ere. Azpeitiko institutura gindoazen, autobusean, han agertu zenean, goiz batez, Loiolako soro naroen aurreko etxola batean, pintura gorriz: «Gogor, nekazari!».

        Behar da... baina halaxe egon da urteetan, denborak irentsi duen arte: «Gogor, nekazari!». Errepidea, egurrezko atea eta pintada. Egun hauetan etorri zait irudia gogora, zer, eta Boliviako manifestazioak direla-eta. Egunkari honetan bertan asteartean, aspaldiko partez, nekearen etimoak limurtuta, hiztripu eta guzti: «La Paz hiriburura iritsi da nekarazarien martxa».

        Makurrak ematen diola kolorea? Baliteke, baina titulua, berez, mundua da. Maiz, tituluan biltzen da guztia: informazioa, kazetariaren antzea, ideologia eta txinparta. Maiz, ez da amu baino. Bada hamaika adibide. Euskal kazetaritzaren historian bakarra aukeratu beharko banu, beti jakin izan dut zein. Jean Hiriart-Urrutik eman zuen, Baionako Eskualduna aldizkarian, 1893an.

        Jules Ferry birritan izan zen Frantziako Hezkuntza ministro Hirugarren Errepublikaren garaian. Horrexegatik, eskola kristauen eta laikoen bereizketagatik bakarrik, bazuen Hiriart-Urrutik aski motiborik Ferry estimatzeko. Honek Panamako ubidearen auzian izan zuen jokabide ustelak erantsi zion gainontzekoa. Ferry hil zenean, Hiriart-Urrutik «artikulu gogoangarria» eskaini zion: «Krask! Horra non ximista bezala hedatzen den berria: 'Ferry hil da! Ferry hil? Ba, Ferry hil. Hil da Ferry. Ferry-k ez du gehiago nehori bidegaberik eginen'». Eta titulua, urteetako odol gaiztoa bertara bildua: «Bat gutiago».

        El País-en estilo liburuak ongi zehazten du zer behar duen izan tituluak. Hirugarren atalean irakurtzen: «Tituluak dira informazioaren elementu nagusiak. Irakurlearen arreta bideratzeko eta edukiaz argitzeko balio du». Laguntzen du nolakoak izan behar duten zehazten: «Tituluak ezbai gabeak, zehatzak, edozein irakurlerentzako modukoak eta inongo sentsazionalismoarekin atze izan behar dute». Eta geroxeago: «Tituluak informazioaren berme dira. Albisteen kasuan, normalean sarreratik ateratzen dira, eta ez dute inoiz testuan agertzen ez den ondorioetara bultzatzen. Tituluek eta sarrerak irakurlearen hasierako jakin-mina ase behar dute. Honek, gainerako informazioa irakurri gabe jarri behar du jakinean». Alegia, irakurlea ez dabilela gaizki titulu hutsekin «informatzen» denean. Pentsatua dagoen zerbait da.

        Adibide egokia, astelehenean bertan ematen zuen. Zarauzko lehergailuak kari, hau izan zuen titulu nagusi El País-ek berak: «Zapatero condena las dos bombas de Zarauz y asegura que el único destino de ETA es disolverse». Ez tituluan ez sarreran ez da esaten bi bonba horiek kalterik edo biktimarik eragin zuten. Bat lehertu egin zela eta bestea desaktibatu, besterik ez. Zer pentsa ematen duen titulu horietakoa. Hau da, albistea ez da bi zartagailu lehertu direla Zarautzen (ez zirela nahiko bonba ere ondoriozta liteke), Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako lehendakariak ekintza gaitzetsi egin zuela baizik.

        Albisteari neurri egokia hartzeko, zerbait erantsi beharra dago. Aurreko astean hainbat enpresaren kontra jarritakoak ez zituela kondenatu entzuten eman zuen Espainiako lehendakariak aste guztia, ETArekin balizko negoziazio prozesuarekin haserre PP. Horregatik da, bere estilo liburuari kasu egitera, txarra titulu gisa. Ez du urruti: «Zapatero ahora sí, condena las bombas de ETA». Non eta El País aurrerakoi eta ereduzkoan...

        Harrak helduta, asteazkeneko Berria hartu, eta ideia bat egiteko, tituluak sailkatzen eman nuen kafe garaia. Baziren informatiboak: «AEBetako zortzi soldadu hil dituzte hiru erasotan» eta baziren hitzez hitzekoak: «Barrena: 'Inork ez du eragotziko nafarrek beren egoera erabakitzea'». Politikan beti daude, objektibotasun itxuraz eta beren publizitate diren neurrian, gobernuek ordaindu beharko lituzketen tituluak. Hala eman zen «Ibarretxek negoziazioak hasiko ditu hiruko gobernua osatzeko» etxean eta «Pekini tentsioa areagotzea leporatu dio Koizumik» nazioartean. Baziren epikoagoak, «Euskal Herriak du lekukoa» (Emakumeen Mundu Martxa dela-eta) edota poetikoagoak, «Malkoa eta fusilaren atzeko irudi lausotua» (gai beraren inguruan). Sarritan, kazetariaren nahiera ez da erraza gordetzen: «Garai berrietan, errezeta berriak» (18/98+-aren inguruan Koldo Mitxelenan izaniko eztabaidaz); ezta nahita ere: «Uribetxebarriak minbizia du, eta askatzeko eskatu dute bere senideek». Baziren jarrerazkoak, «Mubaraken 'maskarada'», eta jostariagoak, kiroletakoak nagusi beti ere: «Etxekoak otso, euskalduna ardi». Eta bazen, El País-ekoak Zapaterorekin bezalaxe, azpimarratzera jo zuenik: «186 gizon, hiru apaizak, salaturik Italian, haur pornografia dela eta».

        Ostegunean, frantses prentsak Europako Konstituzioaren inguruan segitzen zuen bitartean (Libération-ek: «Le droit au silence médiatique»), Espainian gazteleraz argitaratuek bi albiste nagusi zituzten nabarmentzeko, hots, Otegiren auzipetzea eta Madrilgo leherketa. Hala eman zen, neutroagoa Otegirena, nahi adinako kolorez bonbarena. Deia-k: «Bomba en el centro de la polémica»; El Correo Español-ek: «ETA explosiona un coche bomba en Madrid en pleno debate sobre la negociación»; El País-ek: «ETA irrumpe en Madrid con un coche bomba en pleno debate sobre el diálogo»; El Mundo-k: «ETA pone una bomba contra Zapatero y el juez encarcela a Otegi bajo fianza»; ABCk: «ETA responde a Zapatero con una mochila bomba y 50 heridos en Madrid»; La Razón-ek: «Un coche bomba sobre la mesa»... eta bitxikeria bat: Radio Nacional de España izan zen bakarra lehergailua ez zuela ETAk zartatu esaten. Leherketaren ardura, azken beltzean, ETArena izaten segitzen badu ere, informazioari zor zaio zerbait, errazkeria kamutsa da beti: «Bonba poliziak leherrarazi du» entzun genuen goizeko hamaiketako albistegian.

        Mundu txikia baino, mundurik gaitzena da tituluena. Arituagatik, letren nekazaritzan dagokeen gaitzenetarik. «Gauzak erran behar dira diren bezala, edo batere ez» gogorarazten zuen maiatzaren 19ko Herria-ren mantxetak.

        Norena den? Asmatu duzue. Bera da, arerio politikoari heriotza opa arren, euskal kazetaritzaren maisu. Biziko balitz, berdin idatziko zukeen Otegiren kartzelatze aginduaren berri izan eta batera, etxolako horman idazten balego bezala: «Bat gutiago».

(2005-05-29)

 

Ostekoa:

Zergatik ez eman elkarrizketarik edota nola kazetariak lortzen duen berak aurrez nahi zuen titulua.

        2004ko azaroaren 8ko El Diario Vasco-n: «Badago funts solidario eta etikoetan inbertitzea errentagarritasunari uko egin gabe». Galdera: nork esan lezake horrelakorik? Nik, egia esango dizuet, «bankuren bateko presidenteren bat», pentsatu nuen neure bostean, «lukurreria elkartasunez-eta zuritu nahian». Munduko Bankuko buruak bestela, baina argazkian zen ezagun ezetz.

        Hitzok Mugarik Gabeko Ekonomistak erakundeak Gipuzkoan duen koordinatzailearenak ziren, Jesus Otxoarenak. Goitik behera xehatu nuen artikulua. Eta neure artean, «honek non dio bada horrelakorik?». Galderak hor zihoazen, eta erantzunak, behar moduan, hauek baino luzeagoak, ondo, zuzen, egoki. Halako batean, amuzkia kazetariak: «Izan gaitezke solidario eta lagundu gure diruaren errentagarritasunari uko egin gabe?». Sinetsidazue, elkarrizketa guztian dagoen erantzunik laburrena da, galdera bezain motza. Eta motzean, aditu egiten da begirazunaren usaina.

        Horixe aukeratu zuen bada kazetariak titulu, berak emandako erantzuna zen.