Hizlandia
Hizlandia
2006, saiakera
224 orrialde
84-95511-89-4
azala: Xabier Gantzarain
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Herritarrac!

 

Badira ikusi eta batera zartatekoa ematen dizuten tituluak, zergatik ohartzeak arnasaldi luzea eskatzen badu ere. Nola esango genuke... barruan daramagun animalia itzarri da aurrena, gu ondoren.

        Lehengo asteko larunbatean, hona egunkari baten lehenbiziko orriko berri nagusia: «Tres ciudadanos vascos detenidos en Lapurdi por orden de Garzón». Egia esan, zatika irakurrita, ez dago gaizki. Osorik ere, ez da gezurra. Galdetu bestela Araitz Zubimendiri, Ibon Arbuluri edota Unai Berrostegietari ea gertatu zaiena birtuala den. Euskal Herriko hiru biztanle, Lapurdin atxilotuak, Madrilgo auzitegiko Garzon epailearen aginduz. Zatika beharrean hitzok bata bestearen atzetik osorik irakurrita, ordea, laidogarri zaio euskaldunari. Zer gertatu zaigu orduan? Zerk iratzarri du petralaldia lozorrotik?

        Azkenaldian Euskal Herriko gazteleran jaiki handia duen hitza da «ciudadanos/as vascos/as», Ibarretxek patentea bere manerara ezarri nahi badie ere. Euskaraz, hor ikusi dugu oraintsu Arnaldo Otegi zalantza-dantzan, itzuli egin behar gazteleraz politikariek hain ondo eta eroso darabilten kontzeptua eta «euskal herritarrak edo euskal hiritarrak», biak elkarren ondoan ematen, badaezpada. Badaramatzagu urtetxo batzuk politikoek gazteleraz aise darabiltena euskaraz nola edo hala esan nahian, begi-begian jotzeke, baina. Aralarrek, Batasunak, EAk, EAJk, EBk, Elkarrik, Gotzaitegiek, Ibarretxe lehendakariak, PSEk, PPk, Udalbiltzak... gero eta usuago darabilten kontzeptua da delako «euskal hiritartasun» hori. ETAk berak definizioa ere eman zuen agiri batean, orain dela bost urte: «Euskal hiritarrak Euskal Herrian bizi edo jatorrizko diren biztanle guztiak dira, Venezuela, Mali, Frantzia edota Espainiatik etorritakoak izanik ere». Eta batzuenak eta besteenak entzun eta irakurrita badirudi badagoela alderik bien artean, «euskal herritar» hitzak ez duen halako lege jantzia eman nahi zaiola «euskal hiritar» horri. Bat etxekoa genuke, bestea politikoa. Itzultzen hasita, gazteleratik, noski, bata vasco/a litzateke, antza; bestea, berriz, ciudadano/a vasco/a.

        Eta euskaldunari grazia pixka bat egiten dio honek guztiak, beste zerbait baita hiria eta hiritarra, edo uste horretan egon baita behintzat orain arte. «Iberoko hiritarra», etorri zaio, gaiztoan. Zer esan nahi den, ikusten da. Frantziako Iraultzaren egalité hartan du harroin «ciudadano/a» horrek, 1789ko Déclaration des droits de l'homme et du citoyen jakobinoan, eta ez ziutatean edo hirian. Legearen kapusaipean denok berdinak garela, hori da esan nahi duena berez. Eta espainolak bagara merezi duelako frantsesak ere izatea, beti dago ongi ikustea nola erabili izan den euskaldunen artean, badago eta non begiratu, nahi izatera.

        Pinet eta Monestier «Populuaren Errepresentantek» eginiko dekretuan, hala irakur daiteke: «Ustaritzco communeko cembait herritar onec eguin dioten dennonciationiaren gainian», eta frantsesez: «Sur la dénontiation qui leur a été faite par quelques bons Citoyens de la commune d'Ustaritz...», eta geroago «Bayonnaco hirico habitantac...» (Bayonnan emana, urriaren sortcian, mila saspi ehun eta lauretan-hogoy eta hamahirurian...).

        Bordeleko unibertsitateak argitaratutako 1789 et les basques lanean bada Aurelia Arkotxaren txosten bat, Iraultza garaiko testu ofizialak dituena ikergai. Julien Vinson-ek editatu paperak aztertuta, ez da «citoyen» horren ordain gisa, jakina, «hiritar» kalko espainola inondik ageri, eta bai «particular», «frances», «Herritar(rac)», «Citoyen(ac)» edota «Herritar eta frances». Agosti Xahoren idazkietan ere, beste horrenbeste. Ariel, Uskal-Herrico gaseta-n, «herritar maitiac» hemen, «herritar ecinago maitiac» han. Egungo egileek, ber maneran beti. Betikoa, planak plan, Manolete baino espainolagoak garela...

        Ez gaitezen gal, ordea. Itzulpen okerraz harago doan auzia da-eta esku artean darabilguna. Zergatik egin zuen kazetariak «Tres ciudadanos vascos»-en hautua? «Militante» markatua baino, seguru asko atxilotuen «izaera zibila» azpimarratzeko (legebiltzarkide ohia da Zubimendi, Bilboko zinegotzi ohia Arbulu). Ez beste ezergatik.

        Zerk pizten du ezinegona orduan? Dudarik gabe, «ciudadanos vascos» eta «en Lapurdi», bien arteko uztarketak. Normalean, eta hain justu zentzurik jakobinoenean estatuak ematen duen babesaz ari garelako bereizten da prentsan «español» eta «ciudadano español». «Entre las víctimas del accidente aéreo hay veinte ciudadanos españoles» irakurtzen dugu, pasaportea besterik ez dagoenean hildakoen identifikazioa egiteko. Eta horra bigarren partea: noiz erabiltzen da «ciudadano español, francés, islandés...?». Gertaera atzerrian izan denean, bestela ez du zentzurik. Eta hala, lanbideagatik ez bada, «Secuestrados dos camioneros búlgaros en Bagdad» eta «Dos ciudadanos españoles detenidos en Holanda» irakurriko dugu, hori delako hain zuzen marka nagusia, ciudadano izatea, atzerritartasuna. Horregatik ez dugu irakurtzen «Detenido un ciudadano español en Soria» edo «Tarbes: mort un citoyen français». Norberaren herrian, ciudadano edo citoyen ez da ezer. Proiekzioa egitea: «Un ciudadano vasco gana el concurso de sukalki de Bermeo».

        Hain zuzen honexegatik, norberaren herrian marka herritartasuna ez delako bihurtzen ditu albisteak atzerritar Zubimendi, Arbulu eta Berrostegieta. «Ciudadano vasco» Lapurdin (eta hautu hobea da Lapurdi Iparralde baino), Lapurdin ez dagoela euskal herritarrik esan nahi du. Esan nahi du Estonian atxilotu dituztela, Zambian, Frantzian, edonon baina eurena ez den edononlandia batean.

        Irakurlearen petralaldia, bistan da, ez du gezurrak bakarrik iratzartzen.

(2005-02-06)

 

Ostekoa:

Erdaretan sorturiko moldeen indarraz ohartzeko, hona Berria-k 2006ko abuztuaren 3an azalean emandako titulua: «Egonkor dagoela esanez, herritar kubatarrak lasaitu nahi izan ditu Fidel Castrok».