Hizlandia
Hizlandia
2006, saiakera
224 orrialde
84-95511-89-4
azala: Xabier Gantzarain
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Boxeolari subjektiboa

 

Garaiz eman ez nuen ezezko baten emaitza da liburu hau. Gonbidapena onartu, astean-astean hedabideek erakutsitako pausoan hasi, eta ohartu orduko, larru gorririk natza, prentsaz ez ezik munduaz eta mundutarrez dudan iritzia orriotan zabalduta. Alde honetatik, saiakera bihurtu zaidan biluztasuna da Hizlandia.

        Gonbitea 2004ko udan iritsi zen. Andoainen, mahai baten bueltan, bazkaria Berria-ko zuzendaritzako hiru lagun eta iritzi saileko batekin. Kezka zekarten, ez zuten baiezkorik gabe ateratzeko asmorik. Egunkariaren eguneroko martxa jarraituko zuen norbait nahi zuten, irakurle publiko eta kritikoa izango zena. Ulertu nuela esan nien. Figura hori bada beste egunkari batzuetan ere, press ombudsman deitzen da, irakurlearen defendatzailea, eta irakurlearen kexuak eta iradokizunak jasota, soluzioak emateaz arduratzen da, beti ere kazetaritzaren etika duela bandera eta hego (barka, ipar). Hala esan nien.

        Berak ziren kritiko zetozenak baina.

        — Irakurlearen defendatzailea zuzendariaren defendatzaile bihurtzen duk. Hala duk hedabide horietan. Zorrotzago jo behar duk, errukirik gabe, baina eskularruekin, estiloarekin.

        Las Vegasen nengoen, hegal zabaleko kapelu eta habano ke artean. Neonak. Morriconeren aria gisako aire bat. Whiskyan, sutan izotz urdina.

        — Hire subjektibotasuna interesatzen zaiguk. Eta ez ahaztu, prentsaz aritu, baina batez ere Berria-n bertan egiten ditugun makurrez...

        Inork hartu gabeko arriskua probatu nahi zuten. Egurra etxeari, etxetik. Erokeria hutsa. Osasungarria inondik ere, ordea.

        Ez dakit noiz eta nola, baina konturatu nintzenerako, mahai gainean nituen larruak, lotzen ari zitzaizkidan, lokarriak estutzen sentitu nuen. Koipearen epela bizkar gainean zabaltzen zidatela, lasai egoteko entzuten nuen, lasai egoteko, kontrarioak ez zidala besorik luzatuko, lasai egoteko, eta hasteko dantzan, hasteko beso jokoan, horrela, lasai, lasai.

        Hala bihurtu nintzen boxeolari subjektibo.

        Irailerako jarri zidaten lehen borroka saioa, igande goiz batez. Berria-n, dena prest zeukaten Hizlandia Arenan. Han aritu nintzen, gustura. Fresko nengoen, eta idazle bati egunkari batek eskain diezaiokeen lanik onena nuen. Benetako pribilegiatua nintzen. Ia orrialde bete nahi nuena esateko. Hala joan zen igande hura. Putinek Beslango eskolan sartzea erabaki zuen.

        Hitz egin gabe genuen zenbatero aterako nintzen, baina konturatzerako, domekaro nintzen fokupean. Egin, ahal nuena egiten nuen. Nazioarteko gai baten trataera baldarra hemen, hitz baten hautu desegokia han. Pixkana-pixkanaka, arinago zebilzkidan oinak ring gainean. Beso-zainak, gero eta lasaiago askatzen nituen. Crochet batez hasi nintzen lotsa galtzen. Gero uppercutarekin egin nuen aproba, hook bat orain, swing bat gero. Gozo, ordea, itzala markatu baino ez nuen egiten. Kazetariaren tokian jartzen nintzen: «nor da hau nire lanari horrela erasotzeko?».

        Gaiak, ez ziren atertzen. Xenofobia, klasismoa, naziotasuna, astero zegoen zertaz idatzi, jatorkeria, arkeria, abertzalekeria, hura zen emana, zaparrada, tituluak, argazkiak, idazkera, eta hala ateratzen nintzen, publizitatea, kirola, agenda, gero eta lasaiago. Hainbat irakurle, gaixotu ere egin nuen. Ni bezain obsesibo ikusten nituen egunkaria hartzen zuten aldiro. Astean zehar, e-mailez jasotzen nituen beste begi batzuek topatutako ontzurreak, egoki irizten banion, igandekoan komenta nitzan. Maiz gogoratzen nintzen kolperik itzultzen ez zidan itzalaz, ez zen bidezkoa, ezin defenda zitekeen. Baina hurrengo egunean, bera zen, ez niri, baizik eta irakurle guztiei ematen ziena, titulu iraingarri batez, giza duintasunaren kontrako erasoez, bulego militar batean idatzitako albistea bere horretan, euskaratuta ematen zidanean. Orduan, jab-ak eta txepelkeriak utzi eta emataile bilakatzen nintzen. Beroenean, bazkariko oihartzunak entzuten nituen jende artetik:

        — Irakurlearen defendatzaileak ez dik enpresarena izan behar!

        Eta nik, nekien moduan egiten nuen dantzan ringean. Berria-koa askotan hari bat baino ez zen, beste hedabide batzuetan jarraipena zeukana. Eta hor sartzen nintzen, komunikazioak kezkatuta. Sarritan, literaturan topatu nituen bestela ez nituen erreferentziak. Edo zineman. Edo musikan, edo antzerkian, edo lagun arteko elkarrizketa batean, edo nik dakita non. Dena lot nezakeen, dena zitzaidan uztargarri. Komunikatzeak mundua lotzen du, nioen neure bostean. Inoiz, Arena giltzatu ostean, Arthur Cravan poeta boxeolariarekin mozkortzen nintzen ondoko satorzulo zikin batean: «Ni gauza guztiak nintzen / gizaki eta animalia guztiak / Zer egin?». Boxeolari subjektiboa nintzen eta, idazkera ardura eta gaitz, ez nuen inoren izenean idazten, neurean ez bazen.

        Seguru nago boxeolari objektibo batek beste era batera egingo zukeela esandakoa. Fakultateko gimnasioan zaildutako batek, bestelakoak zituzkeen oin dantzak, bestelakoak kolpeak. Jo bakarrik ez, bide zuzena ere proposatuko zukeen. Nik, eman baino ez dut egin. Jolasti, baldar, petral, gantxoa bera izan dut bide. Hori du alde subjektibitateak, joan egiten zarela zeure urrun horretara, behar duzuna hartuta berriro etortzeko. Bestela barkaezin diren baliabideak liluragarri ere izan daitezkeela. Idazletzak ematen duen hori guztia. Eta hori du, hain justu ere, kontra. Partziala dela beti azterketa, txinpartak ez duela osotasuna argitzen.

        Bi urte aritu naiz jauzi, erdizka, dobla, pika, luze eta ebats, itzalekin borrokan, punch-a galtzeko beldurrez. Nahikoa da. Segitzea, bazegoen, prentsak beti emango digulako zertaz ernegatu. Inozokeria litzateke besterik pentsatzea.

        — Luzimendu hutsean ibili haiz orduan?

        Azken batean, berebizikoa da gure eguneroko martxan, mundua ikusteko dugun ateetako bat. Eta kezkatzen gaitu nola kontatzen zaigun hori guztia, judas begiak, ahur edo ganbil, beti distortsionatzen baitu bestaldean dagoena. Ez dagoelako beti berean ari den boxeolaria baino gizaki negargarriagorik, erretiratzea zen onena.

        Hizlandia, mundua prentsaren judasetik bi urte hauetan idatzitako artikuluen bilduma posibleetako bat da. Bazter utzi ditut antzeko gaiak zituztenak edo orain irakurrita, esku artean, euripean bezala desegin zaizkidanak. Era kronologikoan beharrean, neure erara berrantolatu ditut, gaika edo, nahi duenak, continuum gisa irakur ditzan.

        Boxeoaz, berriz, zer esan. Ez dut Cravan izateko adorerik batu, eta ukabilkarien sport hau ez dut larregi ere maite, baina halaxe kontatu beharra nuen. Irudiaren plastikotasunak, ematen du. Erretiroa hartuta, gogoetok biluziegi utzi nautela uste dut. Ideologia, izerdi lurrunetan datorkit azalera. Ez zen hau hasierako asmoa. Ez dago, baina, honezkero, atzera egiterik. Garena gara —hara, atera da poeta—, eta ez nuke nahi inork esaterik ez geniola honi guztiari aurre egin. Ez genuela kezkarik erakutsi etxean bertan erasotzen digun hitz bortxatuagatik, idazkeragatik, pozoituriko ideologiagatik. Kazetaritza arduratsuaren bindikapena izan da borrokaldi bakoitza.

        Horregatik, aukeragatik, eskerrak eman nahi dizkiet Hizlandia Arenara jalgitzera behartu eta babestu nauten Martxelo Otamendiri eta Xabier Lekuonari. Mila esker handi bana goian nintzela oharrak pasa, gaiak proposatu eta zuzenketak egin dizkidazuenoi, bereziki astero-astero beharraren bestaldean izan zaituztedan Andres Gostini eta Koldo Aldaberi. Larunbat arratsaldeetan, nire testua muntatu eta gero azken orduko zuzenketekin zoratu dudan Pantxike Agirreri. Eta nola ez, Hizlandia boxeolari subjektibo baten behakoa baino kezka eta begi kolektiboa izan dela sinetsarazi nahi izan didazuen guztioi.

        Arean ikasita egin dut etxerako poltsa.

 

Etxaurin, 2006ko urriaren 19an

Iñigo Aranbarri