Hizlandia
Hizlandia
2006, saiakera
224 orrialde
84-95511-89-4
azala: Xabier Gantzarain
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Ibrahimen patiseritik

 

— Guk darabilgun eredua oso duk espainola —oharra lagun kazetariak, desenkusatze aire batez...

        Zabaletik duena ederretik du Garonak sasoi honetan Okzitaniako Tolosan. Pont Neuf gainetik, oinezko batzuk baino ez, eskularru, jaka lodi eta artilezko kastorrak buruan. Haize mina dabil, dotorea aroa etxean utzitako euri zirin, narras, lorrinaren aldean. Ibrahimen patiserian, menta te bat eta pistatxoz egin gozoa prestatzen dizkidaten bitartean, egunkaria zabaldu dut. Hildako kalatxori bat da Libé mahai biribilaren gainean.

        — Beste eredu batzuk...

        Nik badakit lagunak hau nahiko lukeela, argazki handia azaleko berri nagusian, informazio emaile baino artistikoa den fotoa: hiru esku, daramaten bizitzaz berez mintzo, hauster koloreko, azkazal zartatu, zerura harrotuta, eta titulu laburra, arrisku eta guzti: «Sauver les rescapés». Hogeita hamabi orri besterik ez. Gurearen aldean, testu gutxi. Argazkiak, ikaragarriak. Zurmingarritik dute handitik dutena. Bi Koreen arteko muga elurretan. Kultura zabaltzeko, Jimi Hendrix Parisko Olimpia aretoan, strastocasterrari atximurka.

        — Badakik zein den letra gutxi izatearen arriskua —erantzun nion.

        Espainiako prentsaren aldean, zinez maite du frantsesak hitzekin dostatzea. Tituluetan batez ere, harrapatzen zailak zaizkidan hitz-komeria eta txilipurdiak. Ez da sistema txarra norberaren herrena hobetzeko. Euskal Herriko gai bat 15. orrialdean, baina ez politika sailean, gizartean baizik: «La flambée de la pierre basque finit en explosion». Eta azpititulua, argigarri: «Biztanleek prezioen igoera salatzen duten bitartean, etxe salmentarako agentzia bat atentatu baten begian atzo goizean». Esan behar diot lagunari, itzultzen naizenean, Gizartean sartu ditek, zergatik lotu beti lehergailuak politikarekin? Zer etxebizitzaren arazoa baino sozialagoa?

        «Prezioen gorakada, ordaindu ezinezko alogerak: etxebizitzaren krisia arazo politiko larria bihurtu da Euskal Herrian. Erreibindikazio autonomikoetan murgildua dagoen eskualde honetan, gai honen inguruko hautsi-osoak indarkeria ekintzetara eraman lezake. Asteartetik asteazkenera bitartean, lehergailuz egindako atentatu batek Richard agentzia inmobiliarioa zartatu du Kanbon...».

        Ez du ekintza justifikatzen, baina testuingurua arrunt du garbia. Kazetariak sentitu du etxebizitzaren inguruko informazioa eman beharra zartagailuaren zergatia uler dezagun. Nahi gabe, automatikoki, ezin konparaketei itzuri egin. Atentatu baten inguruko albistea espainiar prentsan, horrela hasten dena... Estatuko fiskal nagusia laster zukeen kox, kox, kox, ate joka.

        Barre ederra du Ibrahimek. Godalet hutsari erreparatu dio, birrinez apaindutako platerari gero. Ea besterik nahi dudan. Gozotik ezetz, baina beste menta te bat baietz, hain zait gozoa eta urrunekoa! Ez alferrik naiz espainola.

        Ez da Libé frantziar prentsaren eredua. Usuagoa da erregio prentsa, izararen besteko lau-bost-sei plegu, Frantziatik nazioartera eta kiroletatik iragarkietara, txokokerian barna. Itxuraz oso bestelakoak izanagatik, ezagunagoa zaigu Bidasoaz hegoaldekooi albisteen egitura, adierazten duten mundu betikoa. Hala zabaldu dut, plateren eta basotxoen gainetik, Le Dépéche du Midi. Dena ez irakurtzeko abisu Ibrahimek, harpajole, eta halarik ere, ezustekoa atezuan edozein kantoitan. Toulouse-Lautrec margolariaren Albi hiriko albiste bat, «En souvenir de Malika»:

        «Malikak 30 urte doi zituen eta ongizate etorkizuna aurretik. Bere mutil-lagunarekin Albin, asmo zoriontsuekin egiten zuen amets. Baina hara non, orain dela lau urte krimen gaitzak eten zion bizitza. Hiltzailearen kontrako epaiketak —Albiko 'La Bodega' ostatuko nagusia zen berau—, oroitzapen latzak harrotu zituen iragan irailean...».

        Neke gabe datozkizu Frantziako prentsa zibilaren sorrerako izen haiek, idazlez osatutako erredakzioak: Maupassant, Dumas, Zola... Estiloa, nobelagile esku hori, kazetaritza eta literatura elkarrengandik gertuago zeuden garai haiek...

        Baina espainolarentzat, badu beste berezitasunik albiste honek. Aurrena, ez duela inondik inora Malika Laid Azzizen jatorria aipatzen, frantsesa dela ulertu behar du irakurleak, ez «aljeriar jatorriko frantziarra». Eta bi, berria ez den albistea bera. Irailean izan bazen epaiketa, zertara dator urte hondarrean hau guztia? Malikaren ahizpa gaztea den Myriamek gutuna idatzi du berriki egunkarietan, ahizparengatik prentsan esan direnak asaldatuta eta «haren izen ona berreskuratzeko asmoz». Artikuluaren amaieran, Le Dépéche du Midi-k onartu egiten du agentzia ohar okerra erabili zuela eta hortik laidoa, infamian amilarazi zuela Malika. Horregatik eta «egia garbi agertze aldera» eskatzen ditu barkamenak.

        Egunkariak bildu eta kale hotzera atera naiz. Urte hondarra Tolosan. Ibai hegira bidean, ziberkafe batean sartu-irtena, postontziari begiratua emateko. Tartean-tartean lagunek bidaltzen dizkidaten perla horietako bat ageri da ororen gainetik. San Silvestretan Beasainen egiten den lasterketari buruzko informazioa da, Efe agentziak emana, eta ezin espainolagoa sustrai-sustraitik (barkatuko didazue, baina ez naiz hau euskaratzeko gai):

        «Una auténtica 'ensalada africana' servirán los organizadores de la sociedad Beti Bizi en el 'menú' atlético de la San Silvestre de Beasain, carrera que sobre 9 kilómetros se celebrará a mediodía del 31 de diciembre. La 'ensalada africana' se justifica por el contingente de atletas kenianos, tanzanos y marroquíes que acudirán a la prueba».

        Egia duk, adiskide, oso espainola duk gure prentsa. Gaztelerazko egunkaria aterako bagenu, esku-eskura genikek, irabazleak ezagututa, hurrengo eguneko titulua:

        «Merienda de negros».

(2005-01-02)

 

Ostekoa:

Benetako merienda bat. 2004ko azaroan, Boli Kostako «istiluak» jarraitu nahian, France 2 katea Hotel Ivoire-ko gertaerak jasotzen. Halako batean, aurpegia kaolin hautsez apainduriko manifestari bat jarri da objektiboaren aurrean, eta oihu batean, garbi entzuteko moduan, dio: «Je veux manger un Français!».

        Gainerako kateetan errepikatu zen irudia izan zen hura, salbaia bat, gizon piztia, umetan salakofdun esploradorea lapikoan egosten erakusten ziguten horietako bat, frantses bat jan nahi duela!

        Irudiak indarra zuen. Izua eragiten zuen. Egun haietan, Europan eman ez ziren datuak argitaratu dituen Le Courrier d'Abidjan egunkariak: hogeika ziren, esku huts zirela, frantses armadak hil zituen zibilak. Eta argazki bat: bide bazter batean, bi gizon zeutzan, tankeen kontrako 12,7 kalibreko balek burua, hauek bai, benetan janda