Hizlandia
Hizlandia
2006, saiakera
224 orrialde
84-95511-89-4
azala: Xabier Gantzarain
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Laburraren pozoia

 

Ez du Mao Zedongek gure artean «bat bitan banatzen da» baino esaldi ahotuagorik izango. «Bat bitan banatzen da», erabili izan zen usuki gurean AEKri HABE atera zitzaionean. «Bat bitan banatzen da», entzun ohi genuen nazkatu arte EAJ kraskatu zenean. «Bat bitan banatzen da», gogorarazi izan zaigu berriki Udalbiltza bi izan ditugunean. Bi ETA, bi egunkari, bi ikastola... Adibidez ase, ez dago «bat bitan banatzea» euskal herritarron gaitz endemikotzat jo ez duen orojakilerik. Hara mitosi etengabekoaren azalpen poetikoa, biziberritze politikoa erakusteko. Ausaz horrexegatik zaigu hain erraza ulertzen mundua bera ere, bitan zaigula banatzen hedabideen logikan.

        — Baina hala da, informazioa hierarkizatu beharra dago zerbait ulertuko badugu!

        Eta hala, alde batean irakurlearen sentimenduak kudeatzen dituzten albisteak daude, eta horregatik ematen zaigu mozkortu arterainoko informazioa: infogramak, aurpegiak, izenak, detailerik morbosoenak...

        Hizkuntzari dagokionez ere, nork bere etxe aldera, ahalegin gaitzak egiten dira manipulazioan. Ideologia nagusiak osatzen laguntzen duten elementu horiek guztiak. Herenegun, El Correo Español-en: «La ofensiva militar en el norte de Gaza se cobra una veintena de vidas», eta aldamenean, «Londres rememora el horror del 7-J». Adibideak, nahi adina egunero.

        Eta hiztegi moldatze honekin batera, osterantzeko albiste horiek, laburretan kokatzen direnak gehienetan, ez argazki, ez mapa, ez izen, ez dezazun gehiegi galdetu; ez zaitezen gehiegi kezka; ez zaitezen, gertuko sentituta, kaka nahasten has. Irakurlearen subjektibitateari ez kilima, ez zimiko, ez zirrara egiten ez dioten berri horiek guztiak. Inon diren gertaera lauenak. Albistea deitzea ere, galanta da. Izan daitezke 1.600 hildako. Ez da adjektiboen bitartez irakurlea sutaraziko. Gertatu da, eta aski da. Ekonomiaren kapritxoak. Geografiak ere, auskalo zergatik, izen gaitzagoak ditu laburretan. Eta idazkerak —ai, eskuaren lasaia!—, ez du kolore beharrik. Halaxe heltzen dira agentzietatik, eta egia esan, erredakzioetan ez da gehiegi galdetu ere egiten. Ore prefabrikatua labean sartu, berotualdia eman, eta gertu da kontsumitzeko. Gero, kasualitateak zer diren, gurasokeria eskatuko diguten bihotz ikaren ernamuin izango dira berriok. Horra nola, honetan ere, bat bitan banatzen den.

        Ostiralean, egunkari honetako nazioarteko laburren tituluak irakurtzen: «Moldavian zortzi pertsona hil dira atentatu batean». Barkatuko didazue ezjakintasuna, baina ezustean harrapatu ninduen. Eurozentrista jarrita ere, badu nondik. Atentatua Europan. Osorik irakurri nuen Moskun dataturiko albistea: «Gutxienez zortzi pertsona hil eta 26 zauritu ziren atzo bi autobusen kontrako atentatu batean. Tiraspolen izan zen leherketa, bi ibilgailuak semaforo batean gelditu zirenean. Lehen autobusean zihoazen guztiak hil egin ziren. Datozen orduetan gora egin dezake hildako kopuruak, zaurituetako asko larri daudelako». Berriro irakurri nuen, informazioa zein hitz artetan, non galdu zitzaidan ohartzen nintzen edo. Deus ez. Halaxe. Nola ez dakidala, zera etorri zitzaidan akordura, Moldavian zer eguraldi zuten. Eguzkiaz, euriaz eta hodeiez arituta, idazkera ez zen oso bestelakoa izango. Eta beharbada, zerbait gehiago ere jakingo nukeen.

        Bada aiherbiderik salatzeko: laburretan heltzen den zikina, ez kazetariak ez irakurleak ezin irents lezakeen satsa da. Urrunegi jo gabe, osteguneko egunkaria hartu nuen. Laburretan, Sydneyn dataturiko albistea orrialde barrenean: «Timorreko gerrilla independentista batek armak utzi ditu». Moldaviakoaren aldean, zorrotzak ditu amuak tituluak. «Gerrilla independentista» independentzia 2002an lortu zuen estatu batean? Eta oso ohiko gaitza: zer da zehaztasun ororen kontrakorik eta distantziaren lagunik handiena den «batek» hori? Baina segi dezagun, erreportajea ontzea baino zailagoa baita labur bat idaztea. Asko kontatu behar da oso tarte txikian, eta zinez, kazetariaren antzea erakusteko plaza ezin egokiagoak dira. Hona albistea, osorik: «Timorreko independentziaren aldeko gerrilla batek armak entregatu dizkio Australiako indar armatuari. Augusto de Araujo Tara eta Alfredo Reinado gerrillako buruzagiek hainbat soldadurekin batera armak entregatu zituzten Gleno hirian atzo».

        Irakurleak badu harritzeko motiborik. Terminologia, ezin nahasiagoa da: «gerrillako buruzagiek» «hainbat soldadurekin batera» entregatu zituzten armak? Biak bat badira, ulertzen lanak ditu. Zer dira, gerrillariak ala soldaduak? Tituluko informazioa, sendotu egiten da: independentzia erdietsi eta lau urtera, «Timorreko independentziaren aldeko gerrilla» oraindik sasian? «Australiako indar armatua» Australiako armada izango da, baina zer erakunde independentista da Augusto de Araujo Tara eta Alfredo Reinadorena?

        Barren nahasiak naretu ezinik, irakurlea lardaskan aritu da. Eta aurkitu ditu Alfredo Reinado komandantea eta de Araujo Tara soldadua, eta AP agentziako argazkietan, aurpegia ere ikusi die, langar artean, beren fusilak entregatzen. Burdinen pisua ere, badakigu: «12 rifles M-16, quatro pistolas e muniçao». Baina ez gaitezen laino tarratetan gal. Nortzuk dira «gerrillari independentista» hauek?

        Erantzuna, albiste askotan aurki daiteke, denetan antzerakoa. Hona Radio Ilha-rena: «Os militares rebeldes, cuja revolta deu início à atual crise no Timor Leste, começaram hoje a entregar suas armas às forças australianas enviadas para pacificar o país, atendendo a um apelo do presidente Xanana Gusmâo».

        Militarrak dira orduan «gerrillari independentistak»! Eta hitzen hautuaz zer pentsatua ematen duen apuntea: soldatapeko «militar rebelde» zergatik itzultzen da «gerrillari»? Segi dezagun, baina: «Reinaldo (sic) e outro soldado rebelde, Augusto de Araújo Tara, lideram o grupo de ex-militares que se aquartelaram nas montanhas desde abril, quando promoveram um protesto contra a discriminaçâo do Exército aos soldados da parte oeste do país, os 'loromono'».

        Informazioa, Heraldo de Soria-ren behaztopa gorabehera (zu ere bertsolari: «Los soldados rebeldes de Timor empiezan a entregar sus armas a las tropas italianas»), ez da askorik mudatzen. Laburretan ukatzen zaigun oro, lagungarri zaigu gertatu denari neurria hartzeko. Irakurlea Mikel Aramendiri entzuna da informazio bera Euskadi Irratiko Mezularia saioan: «O país mais jovem do mundo viveu uma série de protestos este ano após a demissâo de cerca de 600 integrantes do Exército, que tinha 1400 homens».

        — «O país mais jovem do mundo» Montenegro duk!

        Ez dira ez, hor, oso fin ibili Reuters agentziakoak. Egun batzuengatik, baina hala da.

        — Hilabete pasagatik!

        Ez dizuet esan, Reinado komandanteak eta Augusto de Araujo Tara soldaduak orain dela hiru aste entregatu zituzten beren armak. Ekainaren 16an eta 17an daude datatuak gertaera honen inguruko albiste guztiak.

        Zaiorik beltzenak astintzen du irakurlea. Pozoia plater ertzean du, ia sartu du ahoan. Labur, labur —36 hitz baino ez!—, laburkiro eta poliki. Eta galdera batek du asaldatzen: zenbat horrelako irentsi ote ditu —bat bitan banatzen da— jakin gabetan? Laburra ez balitz, sartuko litzateke?

(2006-07-09)

 

Ostekoa:

Sinadurarik gabeko artikulu laburrok, abantzu guztiek dute «okindegi industrialetik»: gozotasun falta, berdin antzean egituratuta egotea... 2004ko irailaren 12an, hiru berri labur Euskal Herria sailean: «Gizon bat atxilotu dute Portugaleten bikotekideari tratu txarrak emateagatik» zioen aurrenekoak; «Gizon bat atxilotu dute Andoainen pistola baimenik gabe edukitzeagatik» bigarrenak; «Gizon bat atxilotu dute Donostian, adingabe bat erratzarekin jotzeagatik» hirugarrenak.

        Hiru gizon bakarka (ez zen bera izango, noski!) atxilo hartuta, hirurak nonbaiten (Portugaleten, Andoainen, Donostian), eta zergati banarekin, egitura kausal berberarekin (-gatik, -gatik, -gatik).

        Chomsky hizkuntzalariaren perpausak sortzeko makina ikusten dut, albistea baino. Errepikapenak jan dio kolorea berriari. Areago, horrela emanda, bada albisterik?