Hizlandia
Hizlandia
2006, saiakera
224 orrialde
84-95511-89-4
azala: Xabier Gantzarain
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Gerraren antzea

 

Diego Garcia uharteaz barik Diego Garcia ozeanoaz idatzi diren gauzen artean badut bat gomutan nabarmentzen zaidana, idazlearen kariñoa irakurleari transmititzea lortzen duelako seguru asko. Oraintxe bost urte pasatxo, eta atletaren heriotzak sastatuta, Andoni Egañak Euskaldunon Egunkaria-n argitara emandako agur gutuna dut hori. Tonuan asmatzen duelakoan nago, debaldeko koipea beharrean neurriko azala ematen diolako Garciari. Eta hortxe.

        Esaldien artean, Egañaren moldeko zoragarri horietako bat: «Korrika oso ona hintzela ez diat nik jarriko, bestela bertsotan hain ona ez hintzela ere jarri egin beharko nikek. Eta bertsolari txarra ez hintzen: diferentea izatea». «Diferentea», hahor tituluko «naturalarekin» batera Garcia zen giza ozeano hura definitzeko adjektiboa. Bertsolari diferentea, euskaldun diferentea, kirolari diferentea. Zertan zen diferentea, hori da esaten hain erraza ez dena, baina Egañak ematen du biderik: «Halakoxea hintzen, izan ere: gizon behar zenean gizon, eta umetu behar zenean umetzen zekiena. Gauza hintzen Lasarteko Krosaren ondoren hire ideiekin bat zetorren aldarrikapen pankarta ateratzeko, gero horrek hire babeslearekin arazoak sor bazitzakeen ere». Eta hor, Diego Garciaren inguruko pasadizo bildumari irekitzen dio atea. Ez dira bat eta bi konta daitezkeenak, baina honetan ere, zulokote berean errenditzen dira guztiak: Diego korrikalaria zen, ez soldadua.

        Esan nahi dut kirolariak bandera baten menpean lehiatzera behartzen diren garaiotan, Garcia inor baino pertsonagoa zela, larderiaren kontra ere lehiatzen zen korrikalaria zelako. Horrelakoren bat egiten zuenean —eta eman zioten aukerarik—, guk soldadu bat ikusten genuen, uniformea eta botak erantzi, eta biluztasunaren ederra aldarrikatuta han zihoana, korrika, antxintxika, arineketan, lasterka, saltaka, aringa-aringa, galapan, karran, «legedi nazional» guztiak zituela atzetik. Berna biko herri bat.

        Kirolariei soldaduen tankera ematen dietenak, baina, ez dira kirol federazioak soilik. Kirolariak soldadu moderno bihurtzen dituztenak hedabideak ere badira. Hala, prentsa da «Nihat militará la próxima temporada en el Villarreal» edota «El Tour habla español» bezalako moldeak kalean jartzen dituena. Areago, benetako gudak gogoan, prentsa da «La Perfida Albión sucumbe ante la furia española» erako nardagarrikeriekin aberrigintzan dabilena. Baita irratia ere: «Aitor Osa contra la legión extranjera». Eta prentsa da, zein bestela, oraindik ere, Lev Jashin, Armiarma beltzari (nahiago «Deabru gorria» espainiar prentsa antisobietarrak), gol ezinago katoliko hura sartu ziona Marcelino izan zela gogorarazten diguna.

        Hala da, gerrarik ez den garaietan, kirolaren bitartez irudikatzen zaigu herrialdeen arteko borroka. Banderak, himnoak, indar neurtzeak, propaganda aparatuak eta bat egiteak. Hiperbolearen aberrian gaude: erasoak, defentsa numantinoak, kamikazeak, heriotzarainoko lehiak, bonbaketariak, misilen abiadurak... Horra bake aldietarako epikotasuna.

        Prentsaren baliabideetako bat, kirolariak herrien ordezkari bihurtzea da. Diego Garciak irabazten zuelarik, batzuentzat Espainiak irabazten zuen bezalaxe irabazten zuen besteentzat Euskal Herriak. Txirrindularitzan, zer esanik ez Tourrean Virenquek irabazten zuenean nork irabazten zuen, edo Delgadok, edo Indurainek, edo Euskalteleko edozeinek. Eta ez dago kirolarien herrikoa zertan izan. Gaitza, oso dago zabaldua. Aste honetan bertan ikusi dugu egunkari honetan bertan.

        Asteazkenean, Txapeldunen Ligako futbol matxa Arsenal eta Vila-real-en artean Londresko Highbury estadioan. Biak klub pribatuak. Bi enpresa, hogeita bi jokalari eta milaka bihotz aurrez aurre. Titulua, bat: «Ingalaterra vs. Hego-Amerika».

        Koska, agerikoa da. Batean, herri bat; bestean, kontinente erdia. Nahita obraturikoa dela, ez dago zalantza izpirik. Eta titulu deigarriaren arrazoia, artikulua irakurtzen hasi eta batera ikusten da: «'Europako taldea baino gehiago Hego-Amerikakoa da Vila-real', esan zuen atzo Arsene Wenger Arsenaleko entrenatzaileak».

        Wengerrek zer adierazi nahi zuen (txapela janztekoa Amets Arzallusek iazko urrian Argia-n egin zion elkarrizketa), garbi dago. Lehen irakurketa batean Castelloko Vila-real taldean hegoamerikar saldoa dagoela. Eta bigarren batean, eta entrenatzailearen esanak irakurrita, hegoamerikarren jokatzeko era dela markatu nahi duena, ez beste ezer. Ez dago, nahiz eta ausaz keru inperialik aditu, inongo asmo baztertzaile edo xenofoborik Vila-real Europakoa baino Hego Ameriketakoa dela dioenean. Beraz, zergatik kezkatu?

        Hasteko, tituluak makurra dakarrelako. Kazetariak entrenatzaileak esandakoa jaso nahi baldin badu, aipu marka artean eman beharrekoa zuen. Baina entrenatzaileak ez du, irakurri dugunagatik, hori esan. Ezin beraz, honela eman. Itxura batera gertatu dena da kazetariak Wengerrek esandakotik jan duela, eta hemen dator hutsa. Artikulua irakurri gabe, ez dut uste bi futbol estiloena ulertzen denik, ezpada alde batean Ingalaterrako jokalariak daudela, eta bestean, nahiz eta Herrialde Katalanetako taldea izan, Hego Ameriketakoak. Kontraste horretan du indarra tituluak.

        Sinekdokearena, alea da. Ez Arsenal eta ez Vila-real ez dira inongo estaturen ordezkari, eta Arsenalek irabazten badu ez du ez Ingalaterrak ez Britainia Handiak irabaziko; Vila-realek irabazten badu ez Herrialde Katalanek ez Espainiak irabaziko ez duten bezalaxe. Ez dira soldadu, ustez. Baina hain urrun joan gabe, eman dezagun kirolean har daitekeela honelako lizentziarik eta onartzen dugula titulua, eta sinesten dugula esaten zaiguna, alegia, gehiegikeria eta guzti, Ingalaterra dela Hego Ameriketaren kontra; edo areago, ingeles futbola dela Hego Ameriketakoaren kontra neurtuko dena.

        Patxada hartu eta, lardaskan, Arsenal taldearen webgunean gal zaitezke, baita beste e-zoko batzuetan ere, eta emigrazioko polizia baino usainkariago, asteazkenean jokatu zuten futbolarien galtza barrenen atzetik ibili. Emaitza, zinez da bitxia: Lehmann, alemana da; Eboue eta Toure, Boli Kostakoak; Senderos, suitzarra; Flamini, Pires eta Henry, frantziarrak; Ljungberg, suediarra; Bergkamp eta Van Persie, holandarrak; Gilberto, brasildarra; Cesc Fabregas katalana, eta Hleb bielorrusiarra. Hau da, asteazkenean «Hego-Amerikaren» kontra jokatu zuen jokalari bakar bat ez da, horretara jarrita, «ingelesa». Bakar bat ere ez.

        — Ingelesak ez izan arren, egin dezakete futbol ingelesa!

        Eztabaida gorrietan sartzea da batzuei aitortzea besteei ukatzen zaiena. Pentsatu beharko genuke Vila-realeko hegoamerikarrek, «futbol-modu espainola edo katalana» (!!!) ez egiteaz gain, taldea Hego Ameriketakoa egiten jarri dutela, eta bestalde, batere ingelesik gabe, Arsenalek egiten duena ingeles futbolaren adibide aproposa dela. Nolanahi ere, gehiegi eskatzen zaio irakurleari.

        Berriro irakurri ditut Wengerrek hitzak. Ederki sartu da begiztan txindorra. Batetik zein bestetik begiratu, deskonpentsazioa, gaitza da. Titulu desegokia. Eta arriskutsua, haria garbia izanagatik, bidean har dezakeelako aski zikinik. Esandakoaren neurriaz ohartzeko, zer moduz Diego Garciaz ari garelarik, «Urola vs. Afrika»? Edo atzoko partida eta moldea aprobetxatuta: «Hego Amerika vs. Gipuzkoa». Eta ikusi egiten duzu, hurrengo derbi baterako, Athletica begia baino nahiago duen kazetaria Bilboko erredakzioan, Andoaingoak, Iruñekoak edota Gasteizkoak tentatu nahian, bihurri, ea erredaktore buruaren bahea pasatzen duen: «Euskal Herria vs. Gainerako guztiak».

        Eta gaiztoago para zitekeela dio bere artean.

        Ez dizuet esan: agirretarrek asko dute garciatarretik.

(2006-04-23)