Hizlandia
Hizlandia
2006, saiakera
224 orrialde
84-95511-89-4
azala: Xabier Gantzarain
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

In this world

 

Asteartean, apirilak 26 egun zituen. 68 urte Alemaniako Gobernuaren hegazkinek, italiarrak lagun, Gernika suntsitu zutela. Memoria ahulekooi usu gogorarazi ohi diguten urteurrena da, han ez bada hemen, eta aspaldiko partez, baita Espainiako telebista publikotik ere. Denboraren errota ere hor dago, ordea, eta egunkari gehienek Efemerideak atalera pasea dute eguna. 68 ez da «urteurren biribila», eta gainera, dena esanda dago dagoeneko: datuen gordina, prentsaren manipulazioa, Steer, Lauaxeta, Eluard, Picasso eta hamaika lekukoren bihotz-tiratu.

        Informazioa baino, txingarra mantentzea da, antza, kontua. Bakearen Museoa baino pixka bat goriago. Egunotan, beti dago Durangoz, Zornotzaz edota Otxandioz ez ahazteko idazten duen norbait (Hileta erredoblea Durangoko hondakinei Vallejok!). Beti dago lekukotasunekin pizten denik, Roge Blasco astelehenean bezala, Un año en el frente. Memorias de un miliciano liburuaren egilea, Juan Miguel Bombin aurkeztu zuenean: «Uno de los pocos supervivientes del bombardeo». Irribarrea gau ederrean, baina hori dakar denborak.

        Egia esan, espero nuen Gernikari buruzko erreportajeren bat asteartean. Deus ez, ordea. Zer nahi duk bada. Orrialdeak zuritzen nituen bitartean neure kolkorako: ezin da iraganean bizi. Bat-batean, Gernikako erreportajeak baino durduzatze gaitzagoa transmititzen zuen titulua: «233 etorkin utzi ditu Espainiako Poliziak Frantziaren esku, Lapurdin». Orrialde bete guztira. Aurreneko partean, artikulua bera (besteak beste Espainiako Barne Ministerioaren bertsioa, eta CEAR elkarteko Javier Galparsoro abokatuaren eta SOS Arrazakeriako Mikel Mazkiaranen salaketa), eta ondorengoan, Aitor Renteriaren kronika, Hendaian ikusita bezalaxe kontatua, subjektiboa, humanoa, errukitua: «Kalterik ez dute egin, baina hobendunak balira bezala hustu behar zituzten bazterrak. Begietan izuaren dirdira nabaritzen zitzaien, baina hitza ere ez zuten lagun sentitzen zutena adierazi ahal izateko».

        Harri eginik, azalera itzuli nintzen. Albiste nagusiak EAEko ikasleen euskara mailak hezkuntza ereduen politika kolokan utzi duela zioen. Argazki handian, trena burdinbidetik aterata Japonian. Txikian, Patxi Lopez, EAEko lehendakari izaten saiatuko dela adierazten Ibarretxeri. Larritzen hasi nintzen. Goiko leihatiletan, Astiazaran, ez dela Realaren hauteskundeetara aurkeztuko iragartzen. Ez da posible lehen orrira ez ekartzea. Beharrik, han zegoen, tituluak zer pentsa ematen bazuen ere: «Sartu eta irten, legez kanpo».

        Gainerako egunkarietan, kazeta bakoitzaren pentsaera azal-azalean uzten duten tituluak. Gara-k: «Preocupación por la suerte de los 230 paquistaníes entregados a París»; Sud Ouest-ek: «Le mirage espagnol»; Le Journal du Pays Basque-k: «Deux cents Pakistanais refoulés par les Espagnols à Hendaye».

        Gertatu den tokian gertatu delako, nabarmen bat baino gehiago. Le Journal-en Hendaia, Frantzia da hari baten alderik gabe Deia eta El Diario Vasco-rentzat: «Devueltos a Francia más de 200 ciudadanos de origen paquistaní detenidos en Irún y Donostia» aurrenekoak; «La Policía devuelve a Francia a 230 paquistaníes que llegaron a Donostia durante el fin de semana» bigarrenak.

        — Baina Frantziak administrazioa esan nahi dik, estatuaren atzapar beltza, ez tokia.

        — Horregatik arituko zen etengabean, euskara garbian, Euskadi Irratiko esataria astearte eguerdian «magrebiarrak» (sic) Frantziatik Espainiara pasatzen ari zirela, Frantziatik Espainiara zihoazela... hiru-lau bat aldiz, ondo konpreni genezan.

        Salatariak dira tituluak, benetako bare beltzak. Gehienetan, editorial batek baino biluziago uzten dute hedabidearen ideologia. Ostegunean, mugaldeko pakistandarrak albiste ziren artean. El Diario Vasco-k, azalean: «Centenares de paquistaníes intentan cruzar la muga de Irún para regularizar su situación». Badira irakurlearen neurri-neurrira egindako tituluak. Hau da horietako bat. Objektiboa izan nahi du, baina kloratita darama hitzetan. «Intentan cruzar la muga» ez da kasualitatez osatutako esaldia, asteazkeneko El País-en «trataron de burlar ayer la vigilancia policial para colarse en España» hori ez den bezala.

        «Intentan cruzar la muga» horrek zantzuak dakarzkio irakurleari. Babesaz barne datorren olatua da, inbasioa, eta gutxienekoa da «magrebiarrak» edo pakistandarrak diren. Muga zeharkatzea «legediaren kontrakoa» da beti, etxe atariraino datorren arriskua, izua, «terrorismoarekin» lotutako terminologia. Bestela nola ulertu «muga» hitza? «Frontera» ezin baita erabili, Europar Batasuna barnean urtu direnean. Horretarako dago «muga», geureagoa, etxekoagoa hagitzez. Urruti gabe, irakurleak entzunak ditu «pasar la muga», «aparato de mugas» eta osterantzekoak.

        Ez baita herri honetaz nazio gisa ematen den ikuspegia soilik. Noraezean dabiltzan pakistandar hauei badugu zer eskertu: inoiz baino argazki garbiagoa egin digute. Gizarte gisa, erakutsi duguna gara. Aipatu bi elkarteak izan ezik, nor zutitu da giza-ehiza honen kontra, nor lurrean kondenatutako langile hauen alde? Non egon dira agintariak, non politikoak, non sindikatuak? Non gorde dira mestizajearen aldeko gure intelektualak, non world music-aren jarraitzaileak, non irteera bakoitzean hainbeste ikasten duten bidaiari nekaezinak? Garena gara. Gernikaz oroitzen garen berberak.

        Urte multzo polita erre da Xalbador bertsolariak Mendian galdu direnei bertso sorta idatzi zuenetik. 73ko neguan, hiru gizonen gorpuak agertu ziren Ezpeletan, hegaberak nola, gosez eta hotzez elurretan hilda. Lan bila atera ziren Afrikatik, baina bide erakusle zituztenek abandonatu egin zituzten. Gertaeraren gordinak piztu zuen bertsolaria. Eta gogoeta: «Eta zer erran gure agintarietaz? Frantzian aski barna sartuz gero, haizu ziren arrotz horiek egoiterat? Zendako ez, bada, utz mugan ere pasatzerat eragozpenik gabe? Bada zonbait holako bitxikeria munduan, nik injustizia deitzen ditudanak. Baina ixo! Ez ditzagun iratzar lo goxoan daudenak!».

        Lo goxoan daudenak iratzarri! Ulertu genion Urepeleko artzain katoliko, zuhur, estu hari. Horra lana. Ez dira hain zuzen horrexegatik txalotzen eta saritzen zinemaldietan In this world bezalako filmak? Ez zuen Xalbadorrek bezala, ustezko paradisuaren bila dabiltzan horien drama ernarazi nahi Michael Winterbottom zuzendariak? Ez dut uste kazetaritzak, honetan, artetik oso aparte behar duenik. Honelako egoera baten aurrean, ezinezkoa da ez kontatzea. Kazetaria lanbidearen hastapenetan uzten duten gertaerak dira, tartean-tartean fortunatzen direnak. Eta bertan egoterik ez daukagunon begi izan beharko luke honek, ilusio eta zaputz artean katramilatutakoen itzal. Estatuak eta gizakiak era honetan nahasten direnean, legearen hotzari pertsonaren beroa eransten zaionean, ez dago Kapuscinskiren oinatzen orpoz orpo, Luanda, Lima edota Kuala Lumpurrera joan beharrik. Kontatu beharrekoa hemen dugu, hemen da, in this world.

(2005-05-01)