Hizlandia
Hizlandia
2006, saiakera
224 orrialde
84-95511-89-4
azala: Xabier Gantzarain
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Orainaldiaren gatza

 

2004ko uztailaren 10a larunbata zen, eta Frantziako egunkarien erredakzioetara Afganistango hauteskunde egunari itzal egin zekion albistea iritsi zen Poliziaren prentsa bulegotik: Paris iparraldeko RER D trenean, Louvres eta Sarcelles artean, 23 urteko neska bati sei lagun jazarri zaizkio. Erasotzaileek («magrebiarrak edo beltzak»), dio emakumeak, artaziez ilea moztu, cutterrez elastikoa eta prakak ez ezik azala ere urratu, eta arkatz markatzaile beltzez hiru esbastika marraztu dizkiote sabelean, hamahiru hilabeteko haurraren aurrean. Lekutu aurretik, umearen orgatxoa bota dute behegainera, hau barruan dela. Bagoia ez zihoan hutsik, baina inork ez du —egungo gizartearen ankerra— deus egin. Neskak esatera, «judutzat hartu dutelako» egin diote eraso.

        Ez da aurrenekoa, ez da azkena izango. Paris inguruetako hiri, herri eta kartierretan, areago Palestinan bigarren intifada hasi zenez gero, ugaritu egin dira juduen eta beur-en («arabeu» verlan eran, hots, lunfardoan bezala, silabak alderantziz paratuta) arteko liskarrak. Eraso arrazisten biktimak, hamarretik zazpi, juduak dira, Giza Eskubideen batzordearen arabera, irakurtzen ahal da Le Monde-n 2004ko uztailaren 13an. Ezarian-ezarian, antisemitismoaren gaitza Frantzia guztira zabaltzen ari da. Ondorio horietara heltzen da irakurlea frantses prentsa nagusiari begiratua emanda. Erasoak nonahi gertatu ohi dira: esbastikak Lyongo judu hilerriko 60 hobitan; Seine Saint-Denisen, talmud ikastetxearen inguruetan, «Allah Akbar» orroka gizon bat kipa zeraman gazte bati oldartu zaio; nahita su eman diote sinagogari Marseillan...

        Treneko erasoa dela-eta, prentsa ez dago isiltzeko. Uztailaren 11n, ia informazio hutsa zen: «Une femme prise pour une juive et son bébe agressés dans le RER». Biharamunean, informazioa balorazio bilakatu zitzaion irakurleari: «Méthode de nazis» Eric Fottorino-k Le Monde-n; «Le civisme en berne», egunkari beraren editorialak. Hitz bakarraren indarraren hautua egin eta «Lacheté» Libération-ek, eta «Saloperie» Elisabeth Schelma-k Proche-Orient.info-n. «Jendea suak hartuta dabil», eman zitzaigun aditzera. Milaka eta milaka lagun kaleetan Shoah berri honen aurrean, oraingoan ez, lotsa gehiago ez egin ez genuenagatik. Ordain historikoagatik, oraingoan gelditu beharra dago juduen kontrako oldarraldi basa.

        Uztailaren 13ko tituluak, oso bestelakoak dira: «RER D: selon la police, la jeune femme avoue avoir menti». Emakumea ez da judua eta ez da erasorik izan. Frantziaren egun handian, frantsesak itzal ilunez eta kritikaz iratzarriko dira. Ordurako izena ere eman zaio treneko emakumeari: Marie L. Gezurretan aritu da, eta itxura, epaitu ere egingo dute horregatik. Prentsa, oro har, arduratuta dabil. Nor hasi da? Norena da errua? Poliziarena, filtratzeagatik? Politikoena, gaitzespen errentagarrien salerosketan aritzeagatik? Hedabideena, zuhurtziaz ez jokatzeagatik?

        2004ko uztailean, egoerak behartuta, hamaika artikulu mamitsu irakurri ahal izan zen antisemitismoaz, afrikar jatorriko frantsesen eta banlieueen egoeraz, eta nola ez, prentsaren eginbeharraz. Albisteak emateko eran duen interesagatik, egindako makurra dela-eta, merezi du hona ekartzea Le Monde-n Robert Sole-k La cronique du médiateur sailean argitara emandako media culpa-ren bi ondorio nagusiak.

        Bigarrenak horrelako gertaera larrien ostean argitaratzen diren editorialekin du zerikusia, eta Soleren aholkua arrunt zentzuzkoa da: «Ez argitaratu horren editorial partidistarik zer gertatu den benetan finkatu gabe dagoenean». Lehenbizikoa, berriz, hizkuntzari berari dagokio, eta oso da argigarri eta aintzat hartzekoa, aditz erek errealitatearen aurreko jarrerak azaltzen dituzten neurrian: «Iturri bat besterik ez dagoenean, kondizionalean eman behar da berria». Indikatiboko orainaldia ez erabiltzeko, alegia (RERen izan ez zen erasoan iturri multzoa zegoen, baina guztiak ziren poliziarenak. Eta guztietan bera zen iturburua: ustezko erasotua).

        «Frantzian bada hitz bat nitroglizerina bezain kontuz erabiltzea komeni dena», ematen digu gaztigu Olivier Mukuna-k Égalité Zéro liburuan. «Hitz hori 'lobby judua' da». Errealitatea halakoxea delako. Espainian ez bezala, oso bestela ageri da gaia Frantziako eguneroko prentsan.

        Lobbyaren piztia beltzak zein diren ere, ez da ezkutatzen. Le Monde-ren ustez, Le Nouvel Observateur-eko Claude Askolovitch-entzat bezala, Dieudonne Mbala-Mbala zirtolaria da bat. Proche-Orient.info-ren iritziz, berriz, Dieudonnez gain, Israel Shamir idazlea da bestea, eta nola ez, Michel Wacharski, «delako israeldar antisionista histeriko hori». Kontua da erasoek, juduen kontrakoak, beltzen kontrakoak, beurren kontrakoak jarraitu egin dutela, eta horien informazioa eman beharra dagoela. Ez da ostrukarena prentsak har lezakeen posturarik onena.

        Aurtengo otsailaren 20an, Ilan Halimi, hiru aste lehenago Parisko Voltaire bulebarrean bahitutako sakelako telefono saltzailea, hil-hurren agertu zen. Biluzik zegoen trenbidean aurkitu zutenean, lotuta eta erreta. Ospitalerako bidean hil zen. Ondorengo egunetan, manifestazioetako irudiek bete zituzten Frantziako egunkarien azalak: Halimi judua zen, Israelera joan nahi zuen, antza; eta poliziak esatera, judua zelako egin zioten egin ziotena.

        Lehengo astean, Le Monde-k bahiketa nola izan zen kontatu du, xehetasunez konta ere: nola Yalda izeneko neska bat izan zen Halimi lazatu zuena, nola Youssouf Fofana izeneko «basapiztiak» erabili zuen Yalda hau, nola... Kontaketak badu bateko eta besteko prentsan gero eta ohikoagoa den osagarririk: «Pasiera erromantikoa hasi eta batera, Fofanak kontratatutako hiru erasotzaileak ikusi ditu Yaldak, txara artean gordeak, osoko txanoak aurpegia estaltzen. Ondo ikasia du: seinalea emateko, 'giltza' hitza esan behar du. Zorroan hasi da bila. 'Ez dakit non ditudan giltzak'. Hirukotea datorkio gainera Ilani. 'Zoaz!' diotso Fofanak neska gazteari, eta hau ihesi doa.

        'Bi minutuz, neskena bezalako ahots mehez', Ilan orro batean dabil, gogoratzen du emakume gazteak. Garrasi luze hori da, nahastua, Yaldak duen oroitzapen bakarra. Horrek baino ez dio hondatzen arratsalde hasiera».

        Artikulu luzea da, eta kazetariak ez du babes neurririk hartu. Ez da Capote, ez da Walsh. Ez du neskarekin hitz egin, poliziaren txosteneko datu hutsak darabiltza bahiketa berregiteko, alabaina, bertan balitz bezala kontatu digu dena. REReko kasuaren osteko autokritikan Solek emandako aholkuei jaramonik egin gabe, orainaldian.

        Eta gaizki ala? Nork du gogoan Marie L?        

        Orainaldiak badu hori: bizia atera zaio, ezin sinesgarriagoa. Irakurtzen ari zarelarik, ukitu egin ditzakezu bahitzaileak eta bahitua, ia baita poliziaren argazki robotetako femme fatale hori ere. Horra orainaldiaren gatza. Eta narrazio perfektua litzateke arazotxo batengatik ez balitz: emozioaren muina dena literaturan, kazetariaren txakur-zuloa izan daiteke.

        Zuzen dezadan. Txakur-zuloa da.

(2006-04-09)