Hizlandia
Hizlandia
2006, saiakera
224 orrialde
84-95511-89-4
azala: Xabier Gantzarain
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Interpretatiboa

 

Roberto Arlt-ek ez zituen kazetariak lar maite. Zer diot, maite zituelako, eta lanbidea estiman zuelako eman zuen ezker-eskuin eman zuen egurra. Nondik, eta egunkari batetik: «Kazetari ona benetan jenero urria da gure herri honetan, kazetari ona izateko idazle ona izan behar delako». Ez da hutsean ari. Dituen filiak ondo erakusten saiatuko da, eta behar den bezalako argentinar legez, etxekoengatik jardungo du gaizki esaka: «Europan, kazetaritzak idazlerik onenak ditu bere lan taldean, politikorik onenak, zientzialaririk prestuenak.(...) Esango zait hemen ere berdin geundekeela; baina larriena da gure politikoen artean, ia bakar bat ez dagoela idazten eta irakurtzen dakienik, eta gure idazleak berriz...».

        Ahoan legarrik gabe mintzo da behera etorritako Buenos Aires moderno hartan, eta Borgesek ez bezala, euskaldunok esneketan baino lapur, puta, lander ikusten gintuen idazlea: «Kazetaritza, horrela ulertua, alferrentzako eta ausartentzako lanbidea da». Eta 1929ko abendu hondar hartan, kazetari izateko behar diren baldintzak ematen ere ausartzen da: «Aurreneko baldintza: lotsagaldu akasgabea izatea. Bigarren baldintza: irakurtzen eta idazten ia ez jakitea. Eta hirugarrena: edozertarako ausardia eta ezgaitasun harrigarria. Honela, edozertan arituko da, nahiz eta gaia azaletik ere ez ezagutu».

        Bistan da, orduko gizarteak eta egungoak ez dute elkarren artean zerikusi handirik. Ezta harako Argentinak eta gaurko Euskal Herriak ere. Urteetan, gainera, gauzak nabarmen aldatu dira. Fakultateak sortu dira, kazetariak irakurle eta idazle dira, informazio handia dago... Arlt-ek karikatura bihurtutako kazetari betikale, nonzerberri barrabana, desagertu da. Orain, lehen aldean gutxi dabil kanpoan. Ez du munduaren bila atera beharrik, mundua bera da, agentzien bidez, erredakziora datorkiona. Eta hala ere, galdera berdin-berdin egin daiteke: zein dira egungo kazetaritzaren gaitzak?

        Egunean-egunean ikusten direnak, ekar daitezke batzuk. Ostegunean, El Diario Vasco-ren edizio digitala irakurtzen: «Fallece una persona y otra resulta herida en una colisión registrada en la A-8 en Donostia». Harrak helduta hasi nintzen leitzen, goizean lantokira nindoala ikusi nuelako gorpua, izara zuriz estalia, Aieteko tunel irteeran. «El accidente se produjo a las siete y cuarto de la mañana entre la salida de los túneles Aiete y el enlace a Lasarte, cuando el turismo que circulaba en dirección a Irún colisionó y cruzó la mediana, hasta el arcén contrario». Hala ikusi nuen nik, beheko errepidean. Batetik bestera erorita orduan, pentsatu nuen neure artean. Baina irakurtzen segi eta: «Según informó el Departamento Vasco de Interior, el accidente se produjo en el punto kilométrico 22,8 de la autopista A-8, cuando un Nissan Almera que circulaba en dirección Bilbao perdió el control, por causas aún sin determinar, se salió de la calzada y colisionó contra la valla de protección de la vía».

        Halaxe da, gertaera bat eta kontaketa bi albiste bakarrean. Hasieran Irunerantz zihoala esaten zaigu, eta ondoren, Bilborakoa zuela norabidea. Gero, horren inguruan janzten da, ustez, gertatu dena. Era sinesgarrian beti.

        Zer gertatu da? Auskalo. Sinaduran erreparatu eta: «Agencias». Uler daiteke kazetariak ez duela informazioa iturri bakar batetik edan, eta hala eman duela orain Irun eta gero Bilbo. Beharbada iturri bakar bat erabili du, eta sorburuan egon da makurra. Ausaz kopiatu baino ez du egin. Baina ez konturatzea? Ez du idatzitakoa irakurri? Gertatzen da, eta ez behin. Horra gaitzetako bat.

        — Kazetaritzan oso arin idatzi beharra dago, ez da liburua!

        Baina utz ditzagun nahasteak, gertatzen dira, eta hala jarraituko dute, ahantz orduka agertzen. Badira lehenagoko lanak. Asteartean, Israelgo gobernu osaketaren berri esku artean dugun egunkari honetan. Aurrera samarrean:

        «Shas alderdiak, dena den, baldintza batzuk ezarri ditu koalizio gobernua eratzeko. Zisjordaniako kokaguneak bertan behera uzteko asmoak, ildo horretan, ez duela zertan sostengatu behar hitzartu du jarduneko lehen ministroak Shasekin. Horixe izango da gobernu berriaren egitasmoetako bat, hau da, kokagune txikiak bertan behera utzi eta handiak sendotzea.

        Olmertek bere agintaldian gauzatu nahi duen beste egitasmo nagusia behin betiko mugak lau urteko epean finkatzea da. Palestinarrekin batera edo hauekin adostu gabe gauzatu nahi duen egitasmo honentzako, hain zuzen ere, kokagune hainbat bertan behera uzteko asmoa agertu izan du Olmertek».

        Hasieran, behin eta berriro irakurri, eta ezin ulertu. Arian-arian, azkenean eta neure motzean, esanahia atxikitzea lortu dudala uste dut. Interpretatu egin behar izan dut, ez zait eman. Utz ditzagun albo batera egon daitezkeen akatsak, bai tipografikoak eta bai sintaxiari dagozkionak, nahiz eta hauek zeharo aldrebestu ulertze bidea. Utz ditzagun bazter.

        Hala ere, zer gertatzen zaio testu honi? Estilo aldetik, ezinago nahasi eta katramilatsu egiten dela. Errepikapenak nonahi, lotura ezak... eta ez utzi, ez hustu, ez laga, irakurleari ardatza kili-kolo jartzen dion «bertan behera utzi» mailukari hori. Gehitu orain ore honi plater bazterrean utzi dugun hori guztia. Zer dugu? Komunikazioa ez beste edozer.

        Testua osorik irakurri, eta gauza gehiago ikusten delakoan nago. Hona bi esaldi, elkarren ondoren horrelaxe emanak: «Moshe Katzav Israelgo presidenteari koalizio gobernua osatzeko lortu duen akordioaren berri eman zion atzo arratsaldean Olmertek. Kadimako buruzagiari gobernu berria osatzeko agindua eman zion iragan apirilaren 6an Katzavek». Akigarri, errepikapenak berriro ere, eta artikuluari zabar itxura ematen dioten egitura paraleloak. Eta ordena. Karraka doa, landu gabeko testua da. Sinaduran erreparatu eta esperotakoa: «Erredakzioa».

        Kazetariaren tokian jarri naiz, batere erotismorik gabeko agentzia oharra duela eskuetan. Idaztea gutxi dela, beste hizkuntza batetik euskarara itzuli behar esan beharrekoa. Horregatik atera zaio horrela, hain zakar eta gozatu gabeko. Ez dago inork esan beharrik, esaldiek salatzen dute. Kazetariak berak badaki: «Erredakzioa». Erredakzioa zikintzen duen estalki zahar hori. Nahi gabe, ohitzen hasiak gaude. Horrela sinaturiko artikuluetan, lupua bizi ohi da.

        — Zuk ez dakizu zer den presaka idatzi beharra. Ez da liburua!

        Ez da presa kontua, azkar eta ondo idaztea baizik. Hor dago kazetaritzaren ederra. Jakina ez dela liburua. Liburu bat irakurtzen dugunean, ez da horrela idatzi. Egileak berak hamaika bider pasa dio paper latza. Editoreak eta proba zuzentzaileak, hamabina. Horrek denbora eskatzen du. Eta erredakzioetan, hori da falta dena. Baina, argitaletxeetan bezala, egunkarietan ere, badago besterena nork irakurri. Edo egon behar luke. Horra aipatu gaitzei gehitu beharrekoa. Idaztea gauza bat baita (eta kazetariari ez zaio literaturarik eskatzen, informazioa argi ematea baizik), eta kontrol guztiak gaindituta, kalera iristea bestea.

        Arlt-en Buenos Aires liluragarri hartan bezala, ezarian-ezarian hizkuntza gaitu eta ereduak ezartzen ari den egunkari honen publizitatea ari zait kikuka: «berritzailea» izango ei da ostegunetik aurrera, «ezberdina», «kalitatezkoa», «modernoa»... eta «interpretatiboa».

        Ez ahal gara irakurleaz ariko.

(2006-05-07)