Hizlandia
Hizlandia
2006, saiakera
224 orrialde
84-95511-89-4
azala: Xabier Gantzarain
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Nagusiaren ahotsa

 

Marketing gisa, ez da txarra, irudia ere, gogora biltzen den horietakoa delako: txakur otzana gramolaren aurrean, adi. Hala ikusi dugu garai bateko gramofonoetan, arbelezko nola binilozko disko zaharretan, etxearen marka ondoan daramala, His Master's Voice, Nagusiaren Ahotsa.

        Gramofonoaren eta txakurraren istorioa benetan da entzutekoa. Anaia hil zitzaionean, honen txakurra —izena ere badakigu, Nipper— eta fonografoa hartu zituen oinordetzan, besteak beste, Francis Barraud pintoreak. Kontua da egun batean, hildako anaiaren ahotsa jasoa zuten argizarizko zilindro haietako bat jarri zuenean, txakurra fonografora hurbildu eta, zirkinik egin barik, jabearen bozari adi-adi gelditu zela. Berriz jarri, eta ezta Pauloven txakurra balitz ere, beste horrenbeste. Hunkituta, halaxe jaso zuen margolariak une hura mihisean.

        Handik denboraldi batera, zilindrozko fonografoaren asmatzaileei eskaini zien koadroa, Edison-Bell-i, baina antza denez, hauek ez zuten erosteko asmorik azaldu. Eta hala egon zen margoa lau bat urte gehiago Barraud-en atelierrean, William Barry Owen-ek proposamena egin eta Gramophone etxeak erosi zion arte. Hori bai, pitin bat aldatua: fonografoaren ordez Berliner-ek asmatutako gramofonoa jarri zitzaion aurrean Nipperri. Hala ezagutzen dugu guk 1899az geroztik Nagusiaren Ahotsa, ez koadroa, marka gisa baizik. Eta ezin konparazioei barkatu: gaur egungo gizartean hedabideek duten indarrari erreparatuta, ez zaigu zehatz etxeko egiten irudia?

        Asteazkenean El País-ek: «Los etarras de Valencia tenían 'la agenda completa de objetivos de ETA'». Albisteen mamiari dagokionez, orain hamar, hamabost, hogei urtekoa izan zitekeen berria, klasiko bat. Valentzian atxilotutako bi gazteak astelehenetik zeuden kartzelan, epailaren aurretik igarota. Bost orriko autoa idatzi zuen honek, eta irakurri dutenek esatera, idatziak ez omen ditu inondik inora jasotzen aurreko egunetan hainbat hedabidek aireratu zituzten «ustezko helburuak». Betikoa da, «polizia iturriak» dira albistea idazteko berme nagusi: «El amplísimo listado de potenciales objetivos incautados a los dos etarras detenidos en Valencia la semana pasada es 'la agenda completa de objetivos de ETA', elaborada fundamentalmente durante el 2003 por Jon Joseba Troitiño, supuestamente encuadrado en la banda, y Asier Eceiza, según han asegurado fuentes policiales».

        Kazetariak badaki zertan ari den, ordea: «Los interrogatorios a Majarena y Orbegozo para intentar aclarar cuáles eran los planes que tenían no han arrojado luz». Kazetari gosearentzat, ezin izan daiteke epailea albistea mugatzen duena, badago erakutsi beharreko errealitate gordeagorik, behar du tresna gehiago Poliziak: «'Son dos personas muy ideologizadas, con una gran precepción psicológica, no dos tíos del tres al cuarto que se derrumban nada más ser detenidos. Están muy adoctrinados y saben perfectamente qué tienen que decir y que no', aseguran las fuentes policiales consultadas».

        Egia izanda ere, polizia frogak froga perizialen ordez erabiltzearen ondorioa zein den, egunero ikusten dugu. Atzo irakurtzen genuen Gorenak errugabe jo dituela 17na urteko zigorra zuten hiru gazte, «zehaztasunik gabeko frogak erabili» direlako. Logika burugabe honexez nazkatuta atera ziren atzo milaka lagun Bilboko kaleetara. Polizia txostenek epailearenean agortzeko behar lukete. Eta galdera, berehala dator: ez balira prentsan aterako, nolakoa litzateke «iritzi publikoaren» ustea hainbat gairen aurrean? Gozoagoa litzateke elkarbizitza? Zer entzungo luke Barraud-en txakurrak?

        Ostegunean, Radio Euskadi entzuten. EAEko Auzitegiak berriro ere «Atutxa auzia» zabaltzeko agindu duela-eta, Manos Limpias funtzionarioen sindikatua zuen hizpide esatariak. Entzutea eta harritzea, bat izan zen, sindikatua era ez ohikoan adjektibatu zuelako: «el sindicato ultraderechista». Hogei segundo ere ez ziren igaro berriro gogorarazi zitzaigunean sindikatu horretako idazkari nagusia «un conocido ultraderechista» dela. Ez da normala izenari laguntzeko baino iraintzeko erabiltzen den adjektiboa hain sarri, hain naro, hain nasai erabiltzea. Zaintzen dute hori Radio Euskadi-n.

        Ez nuen lar itxaron behar izan, berehala eman baitzitzaidan hartutako arriskuaren arrazoia, hitzez hitz gainera. Josu Jon Imaz-en ahotsa zen, prentsari mintzo, gazteleraz, Manos Limpias-ez eta garai batean Blas Piñar-en itsumutil izan zen eta orain sindikatuko idazkari den Miguel Bernad Remon-ez hizketan: «está presidido por un conocido ultraderechista».

        Galdera, hemen ere, ez da zaila: Eusko Jaurlaritzaren erakunde publiko gehienetan nagusi den EAJko Imazek ez balu «ultraderechista» erabili izan, horrela deituko zuten sindikatua irratian? Areago, Imaz beharrean Madrazo izan balitz, edo Lopez, edo Otegi, berdin erabiliko zen «ultraderechista»?

        Berria-n, titulu hau asteartean: «Israelek 500 preso palestinar askatu ditu, bake prozesuaren berme gisa». Gauden egoeran egonda, uler daiteke titulu hau geure buruari egindako keinurik gabe? Arantxa Urretabizkaiak inbidia hitza aipatu zuen orain hurrengoan. Bakebideak oro du beharrezko, horregatik doa amua tituluan eta zaputz txikia letra xeheagoan: «Preso administratiboak ziren gehienak, hots, inolako auzipetzerik gabe kartzelaratu zituztenak. Kondenak zituzten preso batzuk ere baziren, baina hauek zigorraren bi herenak beteak zituzten jadanik. Hala eta guztiz ere, 'ekintza terroristei uko egiteko' konpromisoa zehazten zuen papera sinarazi zieten atzo askatutakoei».

        Hedabide bakoitzaren ostean dugu Barraud-en koadroa: gramofonoa, ikusi gabetanik ere ikus daitekeen ahotsa, eta txakurra. Batzuetan, txakurra beti gramofono berera doa. Askotan, nagusi asko dituela amets egin, eta gramofono baten baino gehiagoren aurrean laketzen da. Inoiz, ahotsak ez du txakurra bereganatzea erdiesten. Gehienetan, txakurra txakur, berdin dio nagusiak zer dioen. Ahotsaren durundioa da berebizikoa, esaten duena esaten duela bera dugula babesa, bakarrik ez gaudela dioskun ahotsa.

(2005-02-27)