Hizlandia
Hizlandia
2006, saiakera
224 orrialde
84-95511-89-4
azala: Xabier Gantzarain
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Zimurrak

 

Gustura irakurtzen ditut Gara-ren Mugalari gehigarrian Estibalitz Ezkerrak idazten dituen artikuluak. Lagungarri zaizkit. Sarritan, ziztagarri. Inoiz, neurekin batera datoz liburu-dendara bidean. Bi aste izango dira Erri de Luca italiar idazlea aurkeztu zigula. Estiloaz, apunte interesgarriak, hona biltzeko modukoak zenbait: «Esa consideración guarda estrecha relación con el estilo del napolitano, caracterizado por una prosa directa y concisa en la que no hay lugar para los adjetivos. 'Confío más en los sustantivos', aclara el escritor».

        Deigarria zait euskaldunongatik esaten dena inorengatik esaten irakurtzea, alegia, adierazpenari dagokionez, gure hizkuntza ez dela loratzera emana, eta lehorrak, zimelak, zuzenak garelako hori. Topikoaz landa, zer pentsatu bidean jartzen zaituen apuntea, inondik ere, gainerakoa.

        Badira urte batzuk beste idazle batek (izkin egin diezaiodan adjektiboari neuk ere), Alejo Carpentierrek, era landuagoan formulatu zuela de Lucak azaletik aipatzen duen kontu hauxe: «Adjektiboak estiloaren zimurrak dira. Poesiara zein hitz lauzko lanetara berez, usadioaren deiari erantzun gabe doazenean, orrialde batean inongo arrastorik utzi gabe itzultzen dira beren biltegi unibertsalera. Baina sarritan itzularazten baditugu, garrantzi berezia ematen zaienean, benetasunak eta kategoriak uzten zaizkienean, zimur egiten dira, gero eta sakonago egiten diren zimurrak, estilo horrentzako zahartzearen iragarle egin arte. Ideiak ez baitira inoiz zahartzen benetakoak direnean. Izenak ere ez».

        Eta Carpentierren gogoetak literaturarako balio badu, zer esanik ez kazetaritzarako. Adjektiboa zimur delakoa, soberako, apakin, kazetaria zainez mozkortzen denean ikusten da. Iritzi artikuluetan, aise da nabarmentzen. Javier Ugarte EHUko doktorea El País-en 2003ko otsailaren 26an: «Escuchar a su iluminado y fanático director, Martxelo Otamendi, resulta hiriente para cualquier demócrata...». Errazegia da. Estutu dezagun pixka bat. Euskadi Irratia entzuten. Efemerideetan, Xabierko Frantziskoren urteurrena. Eta Amaiurrez, konkistaz eta euskaraz hainbeste leziatuta, Nafarroako Gobernuan egun daudenak egonda, zerbait esan behar eta (etzana ere entzuteko moduan): «Xabierko Frantzisko, euskararen jarraitzaile sutsua izan zen...». Gertatzen da: ustez maite den jendearekin, goratzen hasita, noraino ez goratu? Juan San Martin-en heriotzaren albistea Berria-n: «Euskararen maitale bat hil da». Handik lau egunera, Jon Idigoras: «Jon Idigoras borrokalari nekaezina hil da». Eta gaia hoztu orduko, Argia astekarian San Martinez: «Mendizale nekaezina euskararen bidean».

        Eta esan liteke hildakoak eta hizkuntzak elkar hartuta, kazetariaren bila abiatu, eta hau harrapaturik, bizi zela sekula ez idazteko tituluak obratzera behartzen dutela. Heriotzaren berri emateko unean, egiak handiagoa dirudi, eta guztiz higaturiko adjektiboak sinesgarriagoa, beteagoa.

        Prentsan, eta menturaz normalean tituluetan ez irakurtzen ohitu garelako, adjektiboa beti da deigarri. Libération-en, Europako Konstituzio Itunaren galdeketaren aurrean Sarkozy-k harturiko jarreraz: «L'UMP lance son oui protectionniste» edota El País-en, urtarriletik Iraken bahiturik dagoen Florence Aubenas kazetariaren bideoa dela-eta: «La periodista francesa capturada en Irak pide ayuda en un vídeo dramático». Lehenbizikoan, horrela emana, «son oui protectionniste», ez dago adierazi beharrik zein den egunkariaren jarrera Itunaren aurrean; adjektibo gabe, aldiz, galduago geundeke. Bigarrengoan, informazioa emateaz gain, kazetariak emozio sortzaile izan nahi du, kitzikagarri: «un vídeo dramático». Hain juxtu horrexegatik, indartsu direlako janzten zituzten adjektiboz gerra kronikak gure prentsaren aitzindari haiek, Saint Pierrek, Jean Etxeparek, Zerbitzarik, Batxik, Kirikiñok... Geroagokoetan ere, hor dira Larrekoren artikuluak, edo Manezandirenak.

        Adjektiboak berebizikoak direla moralerako, ez da berria.

        Adjektiboaren bitartez sendotu egiten du egunkariak irakurleria, lagundu egiten du identitatea eratzen. Esate baterako, posible litzateke gaur egun eta gure artean Madrilgo ABC egunkarian 1995eko azaroan argitara eman zen albiste hau?: «Una mujer negra asesina a otra, blanca, para extraerle el feto y... así tener un hijo».

        Adjektiboak, izan ere, hori du. Mugatu egiten du, estutu, bildu. Prentsa probintzianoa egin nahi baldin badugu, ezinbestekoa dugu adjektiboak usu erabiltzea. Baita sentsazionalismora jolastu nahi bagara ere. Horrexegatik, ezinago egoki da, esate baterako, iritzi xenofoboak, arrazistak eta baztertzaileak mamitzeko. Eta ez dago arestian aipatutako muturreraino joan beharrik. Itxura batean disimulatuago ere, hor dabilkigu. Eman diezaiogun bistadizo bat geure prentsari. Ariketa ere egin daiteke. Islamdar edo islamiar esanez gero, zein da burura datorkigun izena? Zein da automatikoki ahoan aterpe hartu digun hori? Nekez aterako zaigu terrorismo, erakunde edo «mundu horrekin» zerikusirik ez duen elerik. Egunkari honetan bertan emandako albistea da: «Preso islamdarrei egiten zitzaizkien grabaketak birrindu egiten zituzten PPren agintaldian itzultzaile faltagatik». Benetan fedearen arabera sailkatzen ditugu presoak ala beste zerbait esan nahi dugu?

        Egin ariketa bera orain etniko adjektiboarekin. Urrutira joan gabe, hor agertuko zaizkizu talde, turismo, jatetxe... eta garbiketa. Garbiketa etnikoa prentsak mentatsu izaten lagundu duen kontzeptua izan da Bosniako gerraz geroztik, baita hemen ere. Garbiketa etnikoa, Garzon epaileak esatera, Barakaldoko Gurutzeta ospitalean jaiotako bilbotarrak izena Bilboko erroldan ematea zen.

        Badago esan ez dugun zerbait: izen eta adjektibo bikote hauetako asko ez dira egunkarietako erredakzioetan sortzen, politikarien prentsa bulegoetan baizik. Eta informatzeko baino, iritziak bideratzeko idazten dira. Hala heltzen dira erredakzioetara, eta halaxe berridazten, gehienetan, dauden-daudenean, inongo bahetik pasa gabe. Hala heltzen zaizkio irakurleari, entzuleari eta ikusleari, eta halaxe fosiltzen dira imajinario kolektiboan, munduko gauzarik naturalena balitz bezala.

        Konponbidea ez da, noski, adjektiboak zokoan uztea. Carpentierrek badu aholkurik doitzeko: «Eta egia esan, estilo handi guztiek neurriz erabili izan dituzte adjektiboak. Eta egin dutenean, zehatzenak erabili dituzte, sinpleenak, zuzenenak, kalitate, sendotasun, materia eta gogoaren definitzaile direnak». Zimur izango ez direnak, alegia.

        Ryszard Kapuscinski poloniar kazetariari jasoa da adjektiboen arteko jolas hau, Afrika mendebaldean zebilela idatzia: «Aurpegia tatuajez josia zuen, nankanitarra baitzen, ume jaio berriak tatuatzen dituzten iparraldeko tribu batekoa. Ohitura hegoaldeko tribuek iparraldekoak gatibu hartu eta zuriei esklabu gisa saltzen zizkieten garaian sortu zen. Horregatik, ipar aldekoek bekokia, masailak eta sudur aldea desitxuratzen zituzten, saltzeko gai izan ez zitezen. Itsusia, nankani hizkuntzan, libre hitzaren parekoa da, sinonimoak dira».

        Gurean ere, egia esan, ederra litzateke garena baino itsusiago izatea.

(2005-04-03)

 

Ostekoa:

Francisco Francoren jaiotza kari, Berria-ko efemerideetan: «Francisco Franco diktadore odoltsua jaio zen». Odoltsua? Kazetaren lana da ezer eransten ez duen epiteto erraz, egin, taberna-zulokoak ematea? Diktadore izena, ez da nahikoa irakurlea leziatzeko?