Hizlandia
Hizlandia
2006, saiakera
224 orrialde
84-95511-89-4
azala: Xabier Gantzarain
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Estiloaz

 

Miraz egon nintzaion entzuten bestela mirarik ez diodan gizonari. Zahar ez, baina bai sendo, zindo, haren ahotsa aretoko lau haizeetara zen zabaltzen. Ez da ohikoa espainiar telebistan euskalduna euskaraz entzutea, erdal itzulpena azpititulatua duela. Are gutxiago epaile baten aurrean, eta ez gertatzen ez delako; gertatuta, gero ematen ez delako baizik. Ez da ohikoa, eta liluratuta eman nituen ilunabarraren osteko ordu haiek ekranaren aurrean, gertaeratik beragatik baino, auzitegian euskaraz ari zenaren mintzoagatik.

        Zen haren berbakera indartsua, korapilatsua bezain borobila, barrokoa eta perfektua. Zen haren mintzamoldea, hala esango zukeen Lizarraga Elkanokoak, goapo, garboso eta goranahia. Mendebaldeko euskaraz ari zelako, bestela lasai, odol epelean esan zitekeen Axular bera zela Inkisizio Santuaren aurrean azaltzen ari zena zergatik ez zuen Sozialista Abertzaleak taldea desegiteko agindu Gasteizko Legebiltzarrean. Eta nik, nire artean, zer duen hitz egiteko manera horrek horrela liluratzeko, zer jukutria darabilen, eta ondorioztatzen duzu, morfosintaxiaren anakonda bazter utzita, eta politikariez ari garelako, bakantasuna dela, gutxietsitako euskalkiaren erakustaldi bikaina, eta jakina, izan dituen karguei dagokien berbakera. Egokitasuna, alegia.

        Artean gazte eta berde ginela, bazen telebistan behinolako Espainiako gorteen kronista umoretsu bat, historiaren tolesturak berreskuratzen ahalegintzen zen kazetaria. Luis Carandell zuen grazia. Bada, gure belaunaldikoek behinik behin, Carandelli esker ikasi genuen gaztelerazko prosa eta deklamazio politikoaren gailurra Emilio Castelar izan dela, Espainiako I. Errepublikako presidente izan zena eta idazlea. Frantzian, berriz, hartu École Nationale d'Administration, ENAtik pasaturiko ministro eta lehendakarietarik edozein: Giscard d'Estaing, Chirac, Villepin... Hahor, hartzen duzuna hartzen duzula, gorpuzkera jaseko, mintzo dotoreko gizona, oratoriaren mausoleo bizia.

        Prentsaren erregistroa, noski, ez da inoiz arestian aipatu politikoen hizkera hanpatu eta larritasuneraino perfumaturiko hau izan. Prentsaren mintzoa, zerbait izan bada, ifrentzua izan da hain zuzen. Eguneroko dolareak berak behartuta, sintaxian-eta ez hain korapilatua, zer erremedio biziagoa izan baino. Gertatutakoa kontatu beharrak baldintzatu du, premiak. Komunikazioak, ez hainbeste plazer estetikoak. Azaldu, ez dotoretu. Beraz: lexiko arrunta, ahal den eta kausal-esplikatiborik gutxien, kontsekutiborik ez... esanahirik zabalenean hartuta, ideologiak berak markaturiko adierazpidea da prentsarena ere. Eta eskerrak.

        Gero, noski, garai eta giro bakoitzaren seme-alabak dira guztiak. Jean Hiriart Urrutik ez du Elixabete Garmendiarekin zerikusi handirik, ez Kirikiñok Pello Zubiriarekin, ez Manezaundik Ainara Mendiolarekin. Egun, eman begiratu bat Berria-ri, eman gero Herria-ri. Hizkuntzak ez bada, zerk ditu batzen? Agertzen duten mundua, arrunt da diferentea. Albisteen trataera, zeresanik ez. Hizkuntza berean idatzia izanagatik, oso bestelakoa da idazkera. Eta idazkera, mundua azaltzeko manera da. Hotzagoa bata, konplizitatez babestua bestea. Herri bat, baina bi mundu. Prentsa ulertzeko manera bi.

        Honetan gogoa, lardaskan, Euskaldunon Egunkaria-ren estilo liburura jo dut, idazkuntzaz ematen diren oharrak irakurtzera. Hor dira, adibide eta guzti, jarraibideak: «Albisteen idazkuntzak arina izan behar du, eta goitik beherakoa. Alegia, datuak elkarren segidan eman behar dira, garrantzitsuenetik xeheenera: zer eta non, zergatik eta nola, zenbat eta noiz. Testua arina izateko, ez da komeni menpeko esaldi luzeak egitea. Hobe da moztea. Kazetariak ez dio beldurrik izan behar puntuari. Nolanahi ere, oso lagungarria da gainerako puntuazio markak ere egoki erabiltzea: puntu eta koma, bi puntuak, marra luzeak eta abar. Arina eta ulergarria izateak ez dakar, inola ere, pobretasuna. Sakontasun falta ere ez. Gauza guztiak esan behar dira, eta behar adina zehaztu. Esan beharrekoa zenbat eta laburrago esan, hobe».

        Irakurri ondoren hartu dut txatala berriro, soseguz irakurtzeko. Egunkari honetan urriaren 21ean argitaratutako albistea da, Bilboko Privee dantzalekuan gertatukoaren kronika: «Borroka dantzalekuaren barruan hasi zen, ixteko orduan, baina kanpoan jarraitu zuen. Edalontziak eta bestelako objektuak jaurti zizkioten elkarri. Guztira, hamabost lagunetik gora ari ziren borrokan. Zinpeko guardiak gogor ari ziren bezeroetako baten kontra, eta, une batean, auto batek bezero hori jo zuen, eta bertan hil zen. Autoaren gidaria hildako gaztearen laguna zen, eta, itxura baten, berari laguntzeko hartu zuen autoa, eta kontrako norabidean gidatu. Baina hanka sartu, eta laguna eraman zuen aurretik».

        Kontaketak, betetzen ditu itxura batean estilo liburuan emandako aholkuak: arina da, ez dago puntuen beldurrik, borrokak eta hilketa ondo zehazten dira... eta hala ere, dagoen-dagoenean argitara atera beharko ez litzatekeen albistea da.

        Gramatika aldetik zuzen egonagatik, bada esaldi baldarrik. Ez da, nolanahi ere, irakurlea asaldatzen duen puntu bakarra. Hainbat perpausen arteko joskera, onartezin egiten da. Zati laburra da hautatu dena, baina hala ere, balio estilistikorik gabeko errepikapenez josia dago: ari izan, borroka, auto, lagun... eta honek, ageriago uzten ditu gabeziak. Txatalaren amaierak, berriz, errematea dakar berarekin: «Baina hanka sartu, eta laguna eraman zuen aurretik». Hilketa azaltzeko, «hanka sartu»? «Laguna eraman zuen aurretik»? Taberna giroan lagun arterako jario bixkor dena, istorio komikoa begitandu zait, bere hilketa eta guzti, hain da beste nonbaitekoa kazeta batean.

        — Hori duk hain zuzen umorearen giltzetako bat, gauzak espero ez dituan tokietan agertzea —argitu didate Juan Kruz Lakastak eta Zaldi Eroak Goñi tabernan.

        Eta hori da, hain zuzen, estiloen nahas-mahas honetan Castelarren espirituarekin, enarqueekin eta Juan Mari Atutxarekin gelditzen zaizun zalantza, nolakoak ote diren idazten dituzten etxeko oharrak, erosketa zerrendak, e-mail jostariak.

(2005-10-30)

 

Ostekoa:

Hizkuntza mailenak, ez du konponbiderik. 2006ko uztailean: «Moktada al Sadr iman gaztearen aldekoek ere ospa egin zuten legebiltzarretik» irakur zitekeen nazioartean, eta aurrexeago, kiroletan: «Izan ere, Montoyarekin hitz erdi egin omen du, kolonbiarrak taldetik ospa egin eta gero».

        Ondo ulertzen da zer den ospa egitea. Jarri futitu nahi bada, hankajokoa eraman. Zuzen? Bai. Jator? Ezinago jator. Egoki? Badugu zer pentsatua erregistroen gainean prentsa heldua nahi badugu. Esaterako, zertara dator hainbeste dezente eta dezenteko? Joera, hor ageri da beti, ordea, kukuka. Uztailaren 9an, German Rodriguezen hilketaren kari: «Polizia indarrez sartu zen zezen-plazan, eta istiluetan tiroz akabatu zuten Rodriguez Orreaga karrikan». Alferrik hasiko gara noiz den hil, noiz akabatu, noiz kalitu eta noiz garbitu azaltzen. Kapitalismoa akatu, espetxeak akaatu, aita akabatu... gustatzen da akabatu hori.

        Jator uste horrek prentsari eman diezaiokeen tonua ikusteko, hona Urola-Kostako Hitza-tik jasotako txatal bat. Tituluak, amu nahi du: «Puztuko ote zaio?».

        «Doc To tabernak hamargarren urtez jarraian gizonezko baten 'stripteasea' antolatu du Santa Luzia eguna ospatzeko, jostunen eguna».

        Jostunak puztearekin lotzeko, segi irakurtzen. Ostatuko nagusiarekin mintzo da kazetaria:

        «(Gizonezko) batzuek, gainera, euren gorputza striper-aren gorputzarekin konparatzeko ohitura dute, batik bat zenbait gihar'. Bada, lagun horiek gustura ziren, iaz striper-ak suerte handirik ez zuen izan-eta. 'Nolabait esateko, gihar erotikoena ez zitzaion puztu jendeak espero bezala' dio Aizpuruk».

        Ez dela puztu esaten? Hori da gutxienekoa... baina herritik zein gertu gauden?