Hizlandia
Hizlandia
2006, saiakera
224 orrialde
84-95511-89-4
azala: Xabier Gantzarain
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Bertsio ofizialak dio

 

Bertsio ofizialak dio mutilak, eskuak estekatuta, Bidasoara jauzi egin, eta igeri, ihes egin duela.

        2005eko urriaren 27ko gauean Clichy-sous-Bois-en agituriko heriotza biek eta ondorengo gertakariek egundo ez bezalako informazio zaparrada sortu zuten han-hemen. AFP agentziak berak bakarrik 250 albiste erredaktatu eta bidali zituen ondorengo hamar egunetan. Albisteak eta irudiak, Frantzia ez ezik Europa mendebaldea ere izutu zuten teletipoek.

        Hurrengo eguna argitu eta batera, gertaeren lehen bertsioa eman zen:

        «Ostegun arratsaldean, 17:30 aldera, gazte aldra atxilotu zuen Poliziak lapurreta bat zela-eta Clichy-sous-Boisetik bertan dagoen Livry-Gargango txabola batean. Sei gazte atxilotu zituen guztira, eta beste hiruk, ihes egin zuten. Azken hauek, Clichy-sous-Boiseko EDFren transformadore baten kanpoko sare gainetik pasa ziren, eta hauetako bi, 14 eta 16 urtekoak, elektrokutatuta hil ziren, polizia iturriek esan dutenez».

        Errepasa dezagun esan zaiguna. Zergatik atxilotu zituen Poliziak? «Lapurreta bat zela-eta». Zehatzago esateko, gazteak ustez lapurreta egiteko sartu zirelako obra batean deitu zitzaion Poliziari. Hau izango da bertsio ofiziala urriaren 31ra arte. Egun horretan, «lapurreta» zena «xantier batean txikizioak egitea» bihurtu zen. Ustezko txikizio hauen nondik norakorik, ez da gaur egun arte azaldu.

        Galdera batzuk, ezinbestekoak egiten dira. Atxilotutako gazteak, xantierrean sartu zirenak al dira? AFP agentziako prentsa oharrak irakurrita, hala ematen du. Ihes egin zuten gazteak, «aldra» horretakoak al ziren? Ez dakigu, baina albiste agentziaren arabera, ez dirudi hala ez denik. Zeintzuk dira «iturriak»? Polizia. Eta hala, aldatzen doan bertsio ofizial bera da agentziak itxura batera behin eta berriz zorroztu duena.

        Gazteen ihesa ere, ez dago argi. Atzetik zuten Polizia? Uste zuten Polizia zutela atzetik? Ala Polizia atzetik ez izateko egin zuten ihes? Hona hiru aukerak. Hortxe dago muina, eta hautuak baldintzatzen du guztia, ezen aurreneko hipotesia bada zuzena, antzerako beste hamaika kasutan bezala, Poliziari eta Justiziari dagokie zuzenean, eta berez, bide motza du horrek. Beste biek, aldiz, arazo gordinagoak uzten dituzte agerian. Izan ere, auskalo noiztik datorren politika errepresiboa salatzen dute. Galdera sozialak egiten dituzte, zer gertatzen den nerabe batzuk, ezer egin gabe, Poliziari horrelako beldurra izateko. Hau azaltzea, hedabideen lana da. Eta egin zen bezala eginda, lehen hipotesiaren alde, biderik errazenetik jo zen, korapilorik gabekotik.

        Demagun hala dela, baina benetan, atzetik zuten Polizia? Aurreneko egunetan, hedabide gehienek «iturri ofizialak» aipatuta berdindu zuten auzia. Bertsio hau, ahultzen ahultzen, aldatzen joan zen, eta azkenean Polizia bera izan zen argitu zuena ez zutela elkarrekin zerikusirik obretan sartzeak eta bi heriotzak. AFP agentziak, otzan-otzan onartu zuen guztia.

        Polizien eta suhiltzaileen bertsio ofiziala zalantzan jartzen zuten aurreneko lekukotasunak hilaren 28 eguerdirako agertu ziren, baina AFP agentziak «zurrumurru» legez eman zituen, ez ziren aintzat hartu. Esamesez ez fio izatea bat da, eta ikusitakoa ez batzea, bestea. Eta hala, eguerdia pasatxo zela, beste prentsa ohar bat zabaldu zuen: «À Clichy, la rumeur d'une course poursuite avec la police alimente la colère», dio AFPk. Zein zen «zurrumurrua»? Lapurrak balira bezala jazarri zitzaizkiela... lapur izan gabe.

        Ia gauerdian, beste ohar bat, aurrekoaren bidetik: «La rumeur s'était répandue que les deux jeunes s'étaient réfugiés dans cet endroit pour échapper à la police, ce qui a été démenti par la préfecture». Albiste hau ere ez da zuzena. Aski nahasia da. Nahita egina, esango genuke: Prefekturak ez zuen esan ez zihoazenik poliziengandik ihesi, poliziak ez zituztela atzetik baizik.

        Bitarako joera bera nagusituko da ondorengo egunetan ere. Azaroaren 2an, titulu gaiztoek jarraitu egingo dute: «Les violences ont démarré il y a six jours à Clichy-sous-Bois après la mort accidentelle de deux mineurs qui s'étaient réfugiés dans un transformateur EDF croyant être poursuivis par la police, à tort selon les autorités».

        Nola eman behar zen albistea orduan, zeuden datuekin? Aukera bat baino gehiago egonik, halako zerbait hurbilduko zen bederen: «Atxilotuak izateko beldurrez, poliziarengandik ihesi, ezeren errurik ez zuten hiru nerabe EDF enpresako transformadore batean babestu direnean, hauetako bi elektrokutatu eta hil egin dira». Asko esatea dela «ezeren errurik ez dutela»? Sarkozyk berak aitortu zuen 28 goizean, eta halaxe jaso zuen AFP agentziak: «Clichy: la police ne poursuivait pas les jeunes électrocutés (Sarkozy)».

        Parisko banlieueek, Madrilgo geltoki lehertuek bezalaxe, ondo erakusten dute zein diren bertsio ofizialen aurrean hedabideek hartu beharreko neurri profilaktikoak.

        Orain bi aste ere ez, horren adar diferenteak ez dituen albistea etxean. Hiru mutil atxilotu zituen Ertzaintzak Elgoibarren, hedabideek esatera «ikus-entzunezko materialen kopia piratak zituztelako». Eitb24-ren kontaketa, oso da grafikoa: «Atzo arratsaldeko ordu bata aldera, inolako arrazoi barik errei batetik bestera zihoan ibilgailu bat ikusi zuen Ertzaintzako patruila batek bere aurretik, A-8 autobidean Durangotik Donostiarako bidean zihoala. Gainera, errepideko erdibitzailea jo zuen aipatutako ibilgailuak. Hori dela eta, argien eta hotsen bidez, seinaleak egin zizkion patruilak, auto-gidaria bazterrean geldi zedin, Elgoibar parean. Hiru bidaiariak identifikatu zituzten agenteek, eta, ibilgailua miatu eta gero, CDen eta DVDen (musikaren eta zinemaren merkatuko azken nobedadeak tartean) kopia ilegalak ikusi zituzten zorro batzuen barruan. Gainera, imitaziozko hogeita bost jantzi inguru aurkitu zituzten zorroetako batean».

        Hala pasatuko zen nigatik albistea, baldin eta ez banitu Elena Lakaren eta Luistxo Fernandezen blogak irakurri. Lanbidez abokatua den Lakaren bitartez jakin ahal izan dugu woloferaz mintzatu zitzaizkiola Markinatik heldutako itzultzaileari, eta bi egunera libre utzi bazituzten ere, jabetza intelektualaren aurkako delitua egotzi dietela. Fernandez harrituta ageri zen, trafiko segurtasun delitu batengatik barik, kopiengatik salatzea. Izan ere, autobideko gertaeraren ondoren, ez bide zieten ez alkoholemia testik egin, ez era arriskutsuan gidatzeagatik salaketarik jarri.

        Albistea irakurrita, esan liteke Ertzaintza CD, DVD eta arropen kopien kontrako kanpainan dabilela, egunero ikusten dugunean ez dela horrela. Beraz, nola eman albiste hau? Nola esan gertatu dena ez litzatekeela horrela emango atxilotuak beste estatus sozial batekoak balira?

        Hedabideen lana ez baita itxuraz gertatzen dena kontatzea, benetan gertatzen dena baizik, bere plegu, zimur eta atzealde guztiekin. Eta honek, gehienetan, ez du zerikusirik bertsio ofizialekin. Jakin behar genuke honezkero jendeak hegan egiten duen herri honetan.

(2005-12-04)