Hizlandia
Hizlandia
2006, saiakera
224 orrialde
84-95511-89-4
azala: Xabier Gantzarain
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Ni ez naiz Erresuma Batuko errege

 

Gure zinema aretoetan ematen diren filmei buruzko laburpenek, itxura batean baino mundu gaitzagoa dute gibelean. Sinopsiak irakurrita, gauza asko ikusten da: idatzi duenaren eskua, moldatzailearen eskola, eta statu quo-aren ahalmena denboraren orratzak hautsi eta izan ez dena egungo egiturak sendotzeko ordain gisa saltzeko, esate baterako. Aste honetan bertan, Arthur erregea-rena irakurri dugu egunkari honetan: «V. mendea. Arturok ez du Erresuma Batuko erregea izaten jarraitu nahi eta Erromara joan nahi du». Eta irakurleak argi badu ere V. mendean bazela Erroma bat, garbi du garai horretan ez zela Erresuma Baturik. Britainia Handiko eta Irlandako Erresuma Batua, hala du izen ofiziala, gero lurrak galduko baditu ere. XIX. mendeko egitura da. Nekez izango ziren, beraz, Arthur, Ginebra, Lanzelot eta abarrak bertako errege, erregina eta zaldun, non eta ez zuten etorkizunera jauzi egin (zein ipuin ederra den, oraindik ere, Ginebra erregina herbestean!).

        Hutsa nondik datorkeen zainak esanda, El Correo Español-en aritu naiz bila: «Siglo V. Arturo no desea seguir siendo rey de Gran Bretaña» dio, ostean Berria-k emandakoaren oso antzekoa den laburpenean. Ber maneran, Gran Bretaña dakar Deia-k ere, Sud Ouest-ek bezalaxe: «Apres cinq siècles de domination sur la Grand-Bretagne...». Diario Vasco-k, Diario de Navarra-k eta Diario de Noticias-ek, bestela idatzita, ez dakarte erresumaren izenik. El País-en, ABC-n eta La Vanguardia-n soilik aurkitu dut orduko izena, filmean bertan darabiltena; Britainia, alegia. Ez Gara-k eta ez El Mundo-k ez dakarte sinopsirik. Gainerakoek, ihes egin diote nire begiari.

        Sartu diguten porrua, tamainakoa da. Britainiatik Britainia Handira eta hemendik Erresuma Batura dagoen jauzia, ez da hutsean emandakoa, eta ematen du zer pentsatua (bistan da, Plazido Mujikaren hiztegiak bezalaxe, oker erabilita Euskaldunon Egunkaria-ren estilo liburuak ere eraman gaitzakeela errekara).

        Lehenbizi nabarmentzekoa, zinema aldizkarietako aipamenak eta film banatzaileek prestatutako laburpenak bere horretan kopiatzen direla, itzulita edo ez, esku artean darabiltzagun kazetetako erredakzioetan. Hots, agendan ez dagoela politika orrialdeetan dagoen ez bahe eta ez begi zorrotzik, azken batean zinema josteta hustzat dugulako, ideologiarik gabeko territorio libretzat.

        Eta bigarrena, garbi dagoela zer ikasten dugun, kanparazio batera, Braveheart ikusita. Eta samurtzen nau Wallace hau defenditu beharrak, baina, abenturazko film baten alde ari ziren gonadun haiek? Nor zen Kennerh McAlpin? Eta Owen Glendower Galesen? Zer ospatzen dute uztailero orangistek Irlandan? Orain ohartu naiz, Tudor auto baterien marka da! Norbait etsiago paratuta: zertarako hainbeste borroka, gero inork ez badu sorreran nahita edo utzikeriaz egindakoa zuzentzen, nola ez dakigula bortxaz lortutako estatusa nagusitzen bada beti, ez gainera oraina definitzeko, baita iraganaren mataza azaltzeko ere?

        Herriak irensten dituen ideologia honetaz, bada hamaika adibide polit. Chateubriand-ek kontatzen du Hil ondoko memoriak liburuan: Napoleon Bonapartek boterea iritsi zuenean, jaiotza agiria aldarazteko agindu zuen, 1768rik 69ra. Ez gazteagotzat har zezaten, ordea, 68an artean Korsika ez zelako frantsesa, Genoako Errepublikaren uharte bat baizik.

        Dena den, beti esan dezakegu ez dagoela historian agiriduna izan beharrik zinema maitatzeko.

        Gauden lasai.

(2004-09-12)

 

Ostekoa:

Berria-ko karteldegiko beste sinopsi historiko bat: «Alejandro Magno. 25 urterekin Alexandro handiak ia mundu osoa konkistatu zuen». Horra hiperbolearen adibide bat. Ia mundu osoa! Senegalen, Vietnamen, Australian, Norvegian edota Mexikon Mazedoniako Filipo II.aren semearen bisitaz zer dioten galdetzen hasi gabe, tartean-tartean ez legoke gaizki zer diogun irakurri eta aparretik duena kentzea.

        Munduagatik, diot.