Hizlandia
Hizlandia
2006, saiakera
224 orrialde
84-95511-89-4
azala: Xabier Gantzarain
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Txikiak, aluak eta itsuak

 

Herri-herria da kirolena edozein egunkariren erresuman. Hartu berripapera, joan sailez sail aurrera, eta tituluak irakurriz, hor begiztatzen da nolabaiteko estilorik, aseptikoa gehienetan, orekatua, denotatiboa. Ikusi egiten duzu adostasun nahia, irakurle gehienekin ondo konpondugurea... Pasa erdiko gehigarria. Lan erdiak eginda, eta epel.

        Kontua da kiroletara heldu eta batera, aldatu egiten direla etxeen itxurak, espaloiak, bide bazterrak, lantegiak, pentzeak, muinoak eta paisajea bera. Kiroletan beste bat da arbolen hostaila, ausartagoa gidatzeko manera, artistagoa kazetaria, arrisku guztiekin, eta diozu: hau beste herri bat da. Eta diozu: beste batzuk dira usadioak, beste batzuk irakurlea artikulura deitzeko keinuak, bestelakoak hizkuntza erregistroak. Orain hurrengoan, kazeta honetan bertan, txirrindularien Munduko Kopaz: «Bettini eta Cunego, txikiak eta aluak».

        Begiak igurtzi, eta ezinago garbi. Txikiak, Aluak. Barruan, titulua irakurtzeke dzanga egin baduzu ere: «Rebellinek minutu erdiko aldea lortu zuen, baina Bettini ez zen larritu. Azeria da, txikia bezain alua...». Aste horretan bertan, halako hauts firrinda mehea baino harrotu ez duen albistea Joxerra Garziak, Kike Amonarrizek eta Andoni Egañak hizkuntzaren adierazkortasunaz-eta egindako lanaz. Ez nuen inor alboan tituluena komentatzeko. Erantzuna badakit zein izango zen, ordea. Horra espresibotasuna! Ez huen hori nahi?

        Kirol kazetarien eskua gainerakoen aldean bestelakoa dela, gauza jakina da. Ez euskaraz bakarrik. Astean-astean, hizkuntza batetik bestera azkar pasatzen diren esaerak, moduak, hitzak heltzen zaizkio «zaletuari». Gertatzen ari dena zuzenean eman beharrak erotu egiten du esataria, Garzia, Amonarriz eta Egañaren lana irakurtzeke ere, badaki hizkuntza bizia behar duela kirolak, eta gogoz ekiten dio, berak sortutako jolas zoragarriekin inoiz, beste hizkuntza batean inori entzundakoak itzulita gehienetan, bat-batekotasunak eragindako muturrekoak tarteka («Marinok aizkorakada jo du tropelean», «Agassi egundoko isladak erakusten ari da», «epailea zirkunstantzia aurpegiarekin atera da berdegunetik»...). Proba egitea da: egin etxean Hegoaldeko tabernetan egiten digutena, baina musikarik gabe. Jarri Tourra, piztu telebista futbol partida hastear dela eta mututu bolumena. Irudiak baino ez. Kirola eta isiltasuna. Haserreen, zaputzaldien, pozen emozioen hamarretik zortzi, ez zaizkio kazetariari zor?

        Ahozkoaren beroa paperera ekarri nahian dabilela horditzen da kirol kazetaria, baina, egunkarietako erredakzioetan. Eta auzoan, eskola handiak ditugu. L'Equipe-ren oso bestelako, Espainiako Marca dugu nagusi. Papera berotzeko garaian, iritsi du esportatu duen idazkera ere. Britainia Handiko egunkari txepelen irudira, izenburu laburrak, indartsuak, konnotatiboak. Titular handietan beti, letra gutxi eta irudi handiak, publizitatearen erregistrotik oso gertu: «¡Viva la madre que os parió!». Espainiako futbol selekzioaz, noski. Adierazkortasunetik hizkera aberkoi, matxista, arrazista eta jatorristara, ez dago ezer. Eta hala, balditzen zaituzten lehen orrialde miragarriak dituzu: «Moro, plata y bronce». Zer eta Hixam El Gerruj marokoarrak lasterketa irabazi zuelako...

        Probak egiten hasita, ez legoke gaizki honako hau. Erredakzioan, egun bakar batez, eta irakurleei aurrez ezer esan barik, muda daitezela herriz kazetariak. Idatz dezatela sportetakoek politikakoen tentuz, ekin diezaiotela besteek kiroletan bezala. Ibarretxeren argazki bat, bere planaren bozketan, eta azpian, «Gizona bere bakardadean». Sar daitezela jendearen neurriekin, itxurekin, belarrietako aza hostoekin. Bertakoekin, ordea, ez italiarrekin. Enriqueta Benitori elkarrizketa, eta soslaian, berriro: «Txikia eta alua». Kulturan, sari klasiko baten berri, neurriko ganbeladunari: «Burua bete jakinduria». Kaxiano Ibarguren soinujoleari gertatu zitzaion. Joan telebistako saio berri batera eta zein izango honek izena? Begirik kendu gabe. Ez zuen bakarra izango. Kaxianorekin berarekin adosturikoa izan zen, berriz, Bertsozale Elkartearen publizitate hura, antologikoa inondik ere: «Bertsozale itsua naiz».

        Isiltasun ederretik barruko trumoia lehertzera bezalaxe, mehea da mintza.

(2004-10-24)