Hizlandia
Hizlandia
2006, saiakera
224 orrialde
84-95511-89-4
azala: Xabier Gantzarain
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Odol hotzean

 

1959ko azaroaren 15ean, Kansasko herrixka batean. Holcomb-en, Clutter familiako lau lagun hilda agertu ziren beren etxean. Handik gutxira, Dick Hickock eta Perry Smith atxilotu zituen Poliziak. Orduan jakin zen «berrogei edo berrogeita hamar dolar» baino ez zituztela eraman lapurrek etxetik. Epaitu eta urkatuta hil zituen Justiziak biak. Hilketaren kronika baino hiltzaileen erretratu psikologiko miragarria, gizartearen erradiografia kupidagabea eta heriotza zigorraren kontrako alegato zorrotza da, oraindik ere, Truman Capote-ren Odol hotzean, «fikziorik gabeko eleberria».

        Buruak egiten dituen harreman xelebre horietako batengatik, odolak odolari hots eginda, Capoteren nobela etorri zitzaidan akordura Durangoko hilketari buruzkoak irakurri nituenean. Larunbat gauean hil zuten Ofelia Hernandez, eta igande goizerako, albiste zen irrati eta telebista guztietan. Berria-k ez zuen domekako edizioan jasotzerik izan, eta asteleheneroko baraualdiaren ostean, hiletaren ingurukoekin eta bateko eta besteko adierazpenekin osatu zen astearteko orria, gertaerarekin berarekin baino.

        Zer jazo zen jakiteko, irakur dezagun asteleheneko Gara. Hona albistearen parte bat, neuk euskaratua:

        «Dena larunbat gaueko bederatzietan edo bederatzi eta erdietan hasi zen. Ofelia Hernandezen etxebizitzan, Alluitz kaleko 8an, eztabaida izan zen Ofelia eta urruntze agindua izanagatik etxera joana zen honen mutil-lagun ohiaren artean. Halako batean, honek, agi danean, gerora hilko zuen aizto ukaldia eman zion. Atetan utzi zuen odol arrastoagatik, Ofelia eskaileretan behera abiatu zen, eta antza denez atezain automatikoko tinbreak jo ostean, zabalik aurkitu zuen aurreneko lokalean babestu zen, bere etxetik metro gutxira dagoen italiar jatetxean.

        Jatetxeko nagusiak adierazi zuenez, emakumea atzeko atetik sartu zen, larri eta oso urduri, odol mantxa handia zuela sabelean eta aizto bat eskuan. Etxeko zapatila bakarra zekarren, bestea atzo oraindik etxebizitza atarian zegoen. Zauritik isurtzen zuen odola hainbeste zenez, zapiak, gasak eta amantalak jarri zizkioten...».

        Eman diezaiogun txanda orain Bizkaiko gertaera txikiena ere xehetasun handienez jaso ohi duen El Correo Español-i:

        «Ofelia atzeko atetik sartu zen jatetxean. 'Zauria ikusi genuenean, egin genuen aurreneko gauza anbulantzia bati deitzea izan zen. Aulkian eserarazi eta sukaldeko zapiak jarri genizkion sabelean, jarioa eteteko asmoz. Gure esku zegoen guztia egin genuen, baina ezinezkoa izan zen. Barea txikituta zuen', zioen, deitorez, ugazabak».

        Kameraz bezalaxe, aurrera nahiz atzera egin daiteke asteleheneko gainerako egunkariak irakurrita. Albistearen trataeran, ez dago alde handirik batetik bestera, bera da ideologia. Eta hala; irakurleak jakin ahal izan du, esate barerako, aiztoa eskailburuan sartu ziola, bi umeen aurrean. Datuak forentsearen antzeaz eman dira. Anbulantzian ere sartu ahal izan du nahi izan duenak, eta jakin, odolusten ari zela, Ofeliak ez zuela hasiera batean erasotzailearen izenik ematen. «Umeez ardura gintezela baino ez zigun esaten», azpimarratzen dute kazetariek, DYAko arduradunen hitzez.

        Zehaztasunak ikaragarriagoa bihurtzen du albistea. Eztabaida, umeak, aiztoa, bare zulatua, odola, arrastoak eskaileran, erantzunik gabeko tinbre hotsak, jatetxeko aulkia, sukaldeko zapiak, bidean galdu zen etxeko zapatila... badago detaile gehiago eskatzerik?

        Albistearen trataerak ez du, ikusten den bezala, beste heriotza batzuei eman zaienarekin zerikusirik. Bestelako gertaera batzuetan morbosotzat joko genituzkeen xehetasunak xare-xare ematen zaizkigu, oparo, naro. Espainiar telebista publikoan egunero eskaintzen den Gente magazinaren irudira, hildakoaren azken hatsaldiak filmatu nahi izan dira. Hemen ez dago ustezkorik eta zalantzarik. Jatetxekoek hitz egin dute, sorospen langileak ez dira mutuak. Emaitza hor dago. Sortzen diren galderak ere bai: informazio aldetik, beharrezkoa da biktima bere odoletan egoste hori? Eman den guztia informazioa da? Duintasuna, hitz kurtsiegia da? Herriko beste bat izan balitz biktima, horrela kontatuko zen? Horrelako kontatuko zen, esate baterako, Durangoko zinegotzi baten balizko heriotza, bankuren bateko zuzendariarena, institutuko irakasle batena? Ez ziren «familiakoei zor zaien errespetuagatik» zentsuratuko eta autozentsuratuko xehetasun guztiak? Ez dago klasismorik, ez dago xenofobiarik albistearen trataeran?

        Esan, ez dugu esan orain arte, baina Ofelia Hernandez ez zela sortzez euskal herritarra hedabideek gogorarazi dute. Correo-k «nikaraguarra» zela zioen artean «Guatemalan jaiotzat» jo zuen Gara-k. Honetan, eredugarri —askotan ohi ez duen bezala— Berria. Sorterria aipatu gabe eman zuen albistea, benetan bertakotuta hildakoa: «Durangon (Bizkaia) egun biko dolua ezarri dute, larunbatean labankadaz hil zuten Ofelia Hernandez herritarraren hilketa gaitzesteko».

        Esan bezala, nola ez dakidala, Odol hotzean ekarri dit akordura albisteak (zein zoragarria Xabier Olarraren itzulpena!). Kazetarien lana eta Capoterena ez dira, ordea, inondik ere parekoak. Eta ez neurriagatik, asmoagatik baizik. Gertaera errealen morroi izanagatik biek, begia dute bestelako. Morboa batean, sakontasun psikologiko eta sozial handiko kontaketa bestean.

        Kontu honekin nenbilela, lagun baten e-maila. Urre malko bat aurkitu du sarean. Azpeitiko Euskara Patronatuaren Erabili.com webgunean, itzulpen bitxia irakurtzea begitandu zaio. Euskara eta etorkinen hizkuntza integrazioaz ari delarik, gazteleraz «permiso de residencia» dena «bizitzeko baimena» ematen du ordain gisa unibertsitateko irakasle batek. «Horra nola izan litekeen euskaratzaile kamuts bat analista on» diost lagunak, letrari erantsi dion komentarioan.

        Bizitzeko baimena. Kasualitate makabro horietakoa.

(2005-01-23)

 

Ostekoa:

Jon Landa, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendariari eginiko elkarrizketa entzuten Euskadi Irratian. Huntaz eta hartaz ari dela, Landak abisua: «hizkuntza kutsatuta dago». Eta aholkua, emigrazioaren gaia atera denean: «hedabideek funtzio pedagogikoa ere izan behar dute».

        Kezkatzeko arrazoiak, badira. 2006ko ekain hasieran, Baionako arrantzale bat eraman zuen itsasoak. Ez dakit lurrak berdintzen gaituen, baina urak ez. Beste hainbatetan bezala, «jatorriz kamerundarra» zela gogorarazi zitzaigun Euskadi Irratiko albistegian. Alferrikakoak izan ziren etxean bertan elkarrizketatutako Landaren hitzak, alferrik Van Dijk-en ekarpenak, CACren ikerketak, 2000ko apirilean ia hogeita hamar hedabidek Bilbon adostu eta inork gutxik betetzen duen Kazetaritza estiloaren eskuliburua...

        2006ko ekain hasieran, hamazazpi lagun atxilotu zituen Kanadako Poliziak Toronto inguruetan, «Al Kaedan oinarritutako 'talde terrorista bat' sortzea leporatuta» erantsi zuen irratiak. Sinesten lanak dituen arren, «jatorri islamiarrekoak» ziren poliziek itxian sartuak. Bai, naturaltasun osoz, berez-berez: «jatorri islamiarrekoak». Herrialdea gutxi nonbait, eta erlijioa jatorri. Definizio absurdu hauetara ekarri gaitu garaiz moztu ez den «lapurra jatorriz aljeriarra zen»-en eskolak.

 

Ostekoa bi:

2004ko irailaren 27an, Adama Aua hil zuen mutil-lagunak Bilbon. Berria-k soilik eman zion izena, gainerako hedabide gehienetan, «Ginea Bissauko emakume bat» zen hildakoa.

        Jatorra izatea zer den, baina. Bi egun lehenago, Agenda atalean, beti bezala eta efemerideen azpian, esaldia: «Etxean emakume bat gutxitxo, bi gehitxo». Gotzon Garatek ere jasoa du Atsotitzak lan mardulean, Idiazabalen jasoa. Eta Aramaion borobildua: «Etxian andra bat gutxitxo, bi lartxo, iru baño, bapez oba».

        Ondarearen izenean, ikusten duzue, esaterako, El País gaztelerako hazi oneko refranerotik «La mujer en casa y con la pata quebrada» edota Le Monde «Femme qui gagne et poule qui pond sont le diable à la maison» berreskuratzen?