Hizlandia
Hizlandia
2006, saiakera
224 orrialde
84-95511-89-4
azala: Xabier Gantzarain
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Kontu elementalak

 

Anjel Lertxundiren hitzak dira, Euskarazko Kazetaritzaren Kongresuaz ari dela: «Geu horretan kabitzen dena ez da talaia bakarra, ezta munduari begiratzeko largabista bakarra ere. Euskarak zehazten du geu horretan kabitzen den guztia: euskaraz kontatzen dugu mundua. Eta euskaraz kontatzen dugula, Irun ez da hiri fronterizoa, gure letren gailurra ez da Cervantes. Kontu elementalak dirudite».

        Euskal prentsak hori du ekarri, hain zuzen: hizkuntzak zehaztutako nortasuna. Egoki ala ez, mintzo propioa behintzat, libreagoa ustez. Eta dakardan hitza berriro modara: sistema oso bat. Hala, gauzak arrunt aldatu zaizkigu urte gutxian. Egunero izan da zer ikasi. Euskal egunkari bat dagoenetik, ezinbestekoa dugu gimnasia. Lotutako giharrak askatu behar izan ditugu, arindu. Ehunka dira egunero kalera atera behar diren hitzak, moldeak, manerak, mundua erakusteko ahaleginak, eta ohitzea, kostatu egiten da.

        Mailarik sinpleenetik hasteko. Ortografia bera. Errepara dezagun abizenetan. Euskaldunon Egunkaria-rekin zorretan, hark egindako arrastoan dabil Berria. Lagun iezadazue Estilo liburua irakurtzen: «Euskal herritarren euskarazko abizenak euskaraz idatziko dira beti: Garcia Danborenea, Ramon Jauregi, Juan Manuel Egiagarai...». Euskal herritarrak ez direnen abizen euskaldunak, aldiz, haien hizkuntzan bezala idaztea erabaki zen, eta hala egiten da egun ere: Esperanza Aguirre, Pete Cenarrusa, Julio Cortazar, Albano Eduardo Harguindeguy, Juana Ibarbourou... Ez dirudi neurri aldrebesa.

        Kontua da joan direla hamalau urte, eta gure ikuspuntua hori dela hain zuzen: gurea, geu horretan kabitzen dena. Eta beste zenbait arlotan Egunkaria-k harturiko hainbat irizpide esportatzea lortu bada ere, nago ez dela hori gertatu grafiaren anabasa honekin. Erdal prentsarentzat (abertzaleen erdal prentsak barne), gure sistema ez da baliagarria. Ordezko sistemarik ere, ez dute sortu, baina. Gehienetan, zabarkeria da nagusi, inprobisazioa. Baita ETBrentzat ere. Horregatik, Osasunako mexikar entrenatzaileaz ari direlarik, gaur Javier Aguirre dena, Agirre da bihar.

        Eta hala, maizegi, nabarmenagoa da beste irizpide bat, askozaz gaiztoagoa: euskaldunei, abertzaleei, historiaren zuloan ustez nolabaiteko eusk- morfemadunei edota momentuan hala komeni denari baino ez zaio emango euskal grafia: Ibarretxe, Goirizelaia, Arzak, Barkos, Etxahun... Horrexegatik, Realeko jokalaria beti izango da Jauregi, eta Jon Jauregi EAJ-EAren Udalbiltzakoa, baina ez Ramon Jauregui sozialista, Jauregui izatera kondenatua beti, «merezi ez duelako» (edo nahiago bada, «espainola izateagatik, merezi duelako»).

        Bistan da, honela, irizpide nazionalista gailentzen zaio irizpide nazionalari abertzaleen erdal prentsan. Abizenak ez dira hizkuntzak berak markatzen duen gu horretatik ematen, aldakorrak diren irizpide sektarioagoetatik baizik. Dituen arrisku guztiekin. Esate baterako, Resurreccion Maria Azkue beti ematen da Azkue, eta ez Azcue, nahiz eta Don Resu ez zen jeltzalea. Beñat Etxepare ere, esango didazue, itxuraz duen tatxa beltzarekin, Etxepare beti, ikastetxeetan Gaztelako erregeren alde agertu zelako espetxeratua izan zela irakatsi arren. Iparragirre gure urretxuarra, nahiz eta hauspo bete gogoz kantatu, nola zen kantu manipulatu hura?: «Ara España / lur oberikan / ez da Europa guztian».

        Badakit... beti esan ahal izango da Jauregik, Ramonek, berak idazten duela Jauregui, bera dela uko egiten diona edozein euskaratze nahiri. ETAk Zarautzen hil zuen Jose Inazio Iruretagoiena zinegotzia euskalduna zen, espainol sentitzen zen euskaraduna. Iruretagoyena eman zen abertzaleen erdal prentsan, nahita, «merezia zuelako».

        Sistema bat, hizkuntza harri dela erdian, ezin egon daiteke bakoitzak idazten duenari begira (Akademiak «ohiko idazkera» deitzen duen hori). Are gutxiago bana ditzake abizenak abertzaletasun neurrien arabera. Irizpideok, baldin badira, ez dira inoiz nahiko sendoak izango sistema osatzeko. Eta guk, kontu elementalok behar ditugu aurrera egingo badugu.

        Bestela, zer. Hondarribian bere buruaz beste egin zuen mutilaren kasua aski adierazgarria da. Espainiako hedabideentzat ere Jokin Z. zena, abizena argi ematea erabaki denetik, Jokin C.L. bihurtu da egunkari abertzale batean. Beste batean Ceberio da, pilotaria Zeberio II.a den arren. Ez dakit jokaera aldrebes honen arrazoia. Pentsatu nahi dut ez duela zerikusirik osaba Espainiako egunkari ezagun bateko zuzendari izatearekin.

        Ikastetxeko lagun batzuk, Hondarribiko harresiaren oinetan, eskuz marraztutako afixa ezarri zioten, oro lore eta gogo: «Xebe, gure ondotik joan zara baina ez gure bihotzetik». Ez dago filologoa izan beharrik.

        Opa nahi ez izatera, izena ere pare-parekoa zuen: Yoquin.

(2004-11-14)

 

Ostekoa:

Abertzaleen abizenak ematerakoan, ez da egia bihotz aberkoi erdaldunek beti euskal grafiaz idazten dituztenik. Iñaki Anasagasti senatari jeltzalearen bloga da irizpide falta honen adibide: Jose Antonio Aguirre ematen du ia beti, Ramon Labayen eta Jone Goiricelaya, baina Atutxa, Garaikoetxea eta Otegi.