Hizlandia
Hizlandia
2006, saiakera
224 orrialde
84-95511-89-4
azala: Xabier Gantzarain
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Arduradunak, erantzuleak

eta beste piztia batzuk

 

Mando urdinak jota heldu gara aste hondarrera, nazkak irabazita. Arian-arian, gehiago eraman ezinda, denbora ere marea bilakatu da, eta honek garai bateko mamuak dakarzkigu:

        «Ez eros, ez irakur prentsarik!».

        Abisuok, edozein txokorretan agertu dira, edonongo deiak, norberaren gogoan halako pintada zaharrak:

        «Ez har, ez heda prentsarik!».

        Bakioko gertaerek, inoiz baino ageriago utzi digute, ziklo konbinatu garbiko energia garaiotan, Manilako zabortegia, Limakoa, Sao Paulokoa hemen ditugula, foruen arbolapean ongarri. Milaka tona plastiko, beiraki, mami-azal ustel Gernikan. Milaka tona zabor gure egunerokotasun txepelean, informazioaren garai modernoon erakusle.

        «Ez piztu telebistarik, ez isiotu irratirik!».

        Bata dela eta bestea dela, hedabideek asteon izaniko jarrerari buruzko salaketak, kezka bizi izan dira han-hemen, amorru, ezinegon. Asteartean, Andu Lertxundiren gaztigua, Teleberrietako albisteen arteko lotura ezinago baldar baten kari. Martitzenean bertan, ordu batzuk geroago, Julen Gabiriaren blogean, honen idatzi zorrotz bat, kontrastatu gabeko informazioaz. Esatari beraren beste adibide bat zuen hizpide, eta erantzun zaparradak hartu du orria. Ostegunean, eta Aintzane Garairen hilketari emaniko trataeraz, aiztoak legezko galderak Idurre Eskisabelek. Ostiralean, botaguraz Amagoia Iban, Bakioko zaborrak heste-mintzak erreta.

        «Ez kontsumitu prentsarik!».

        Gaitza, unibertsala da. Egunean-egunean sentitu ahal izan dugu nola harrapatu gaituen pandemiak. Garairen ama eta Laura Oruerena elkarren lehengusinak direla batean. Bestean, ustezko hiltzailea brasildar batekin ezkondu berri zela. Harako hartan, Mungiako batzokian izan zirela ezteiak. Baita, nahi duenarentzat, zer afaldu zuen ere hildakoak azken gauean: oilaskoa. Eta honen aurreko mutil-lagunaren deklarazioak, hiltzaileak ez ziela uzten bakean ibiltzen, horregatik utzi zutela. Batzuek, lepoan emaniko labankadak hil zuela; besteek, hogeitaka sastada zituela, eta odolustuta hil zela. Automobil garbitua eta galduta dauden sakelako telefonoak eta barruko arropak. Bortxaketa dena hemen, ustezko sexu-gehiegikeria da han. Bapo egin ez duenak, gura ez duelako izan da. Nahi izatera, egin liteke hedabideen arteko sailkapenik, zein morbosoago, zein profesionalago, zein mingarriago. Susmoa dut ez dela hemen inor salbatu, ordea. Berria-k berak, 19an eta 20an titulu nagusietan: «Aintzane Garai bortxatu egin zutela erakutsi du autopsiak», «Mutil-lagun ohiak Aintzane Garai berak hil duela aitortu du». Hurrengo egunean ia erabat hoztuko zen baina, gauzak hartu duten neurriaz ohartuta, egunotako distantziarik handiena hartzeko. Gaitzak, Vietnamgo ez dakit zer oilategitan ez, disimulurik gabekoa izan du iturburua: hasieratik ikerketaren ardura izan duen Ertzaintza bera. Hala aipatu da albiste gehienetan: «Ertzaintzak jakitera eman duenez...», «ikerketen ardura duen polizia iturriek adierazi dutenez...». Beste batzuetan, zeharka, Euskal Telebista, Euskadi Irratia edo Radio Euskadi izan da iturri nagusi, eta hala utzi da agerian informazio bidea, izan ere, ustezko hiltzaileari Gernikako polizia etxean galdeketa egiten ari zitzaion bitartean, atertu gabe aritu baita, antza, Ertzaintza Press etxe barruan zer gertatzen ari zen EITBri filtratzen, noiz eta epaileak ikerketa «sekretupekoa» zela adierazia zuela.

        — Bai, baina jendeak eskubidea dik informatua egoteko. Gainera, ez duk gezurra...

        Larritik pasakoa izan da guztia. Larritik pasakoa, informazio mozkorraldi honetan, besteek emango ez dutena emateko lasterketa ero horretan, ez direlako kazetaritzaren oinarrizko arauak errespetatu, morboa gailendu zaigulako, oka egiterainoko informazioa eman delako. Pertinente hitza nola azaldu, Plazido Mujikaren hiztegira jo dut.

        — Bada hobe duk prestatuta, hori duk hemendik aurrera datorrena-eta...

        Eta izuaren antologia honetatik, honelako gertaeren aurrean erabili beharreko etxe barneko protokoloaren zain, ezin laga ekartzeke bi kontutxo:

        Bata, aipatu beharrik ez dagoen jakineko beste kasu arrazoitu batzuetan ez bezala, itsu-itsuan hartu, sinetsi eta zabaldu direla Euskopolen bertsioak. Ez da oraingoan errezelorik izan, «atxiloketa epea amaitzear zela», pozez hartu dugu mutilaren aitormena. Ahaztu ditugu epaileak, errugabetasun printzipioak eta botereen independentziak. Erabiliak izan gara, eta giroak bultzatuta geu ere bultzatzaile, uste dut esan litekeela erabiliak izan nahi izan dugula.

        Eta bigarrena, Edgar Allan Poe-ren gutun ebatsiaren ipuin hartan bezala, nabarmenena izanagatik ia oharkabean pasa zaiguna: hitzek ez dute askorik balio, erabiliaren erabiliaz, maiztu egin dira, desaktibatu egin ditugu. Zer esan nahi du, nahiz eta epaitegitik emana izan, esate baterako, «sekretu» hitzak? Eta «usteko» horrek? Auzia «sekretupean» dagoela dioenean, zer esaten ari da kazetaria?

        — Sinetsidak, ez zagok zereginik...

        Biak batzen dituen titulu pertinente, erako, adinona, gaur zortzi, beste gai bat dela-eta, Euskal Herriko egunkari batean: «Responsables políticos vascos llaman a evitar la alarma por la gripe aviar». Entzunaren entzunez, ohitu garen titulu horietako bat, hamaika galdera duena berarekin, ordea. NFK-ko eta EAEko osasunburuengatik ari zen, jakina. Utz dezagun albo batera «evitar la alarma» zoragarri hori. Beste testuinguru batean, «responsables políticos» al lirateke Maria Kutz eta Gabriel Inclan kontseilariak? Zer da, zehazki, «responsable político» izatea? Zergatik dira «responsables políticos» eta ez «autoridades sanitarias»? Azkenean hegazti griperik baldin balitz, «responsables» zein diren markatzeko ote?

        Garairen hilketara itzulita, Gernikako ertzain-etxean gertatzen ari zena ateratzen aritu diren poliziek, «sekretupekoa» behar zuena kaleratzen aritu direnek, ez dute erantzukizunik? Nor da Gernikako zabortegiaren «responsable político» hori? Nola ordaintzen da hau guztia? Noiz ulertuko dugu honek ez duela ez informazioarekin ez egiarekin zerikusirik?

(2005-10-23)