Hizlandia
Hizlandia
2006, saiakera
224 orrialde
84-95511-89-4
azala: Xabier Gantzarain
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Komatxo artean

 

Badira geure baitan betirako daramatzagun esaldiak. Nik, esaterako, ez praka luzeak jantzi zahar, gazteleraren hastapenak transmititzen ahalegintzen zen irakasle ihar harena dut bat: «koma bat, errepidean zoazela, bidegurutze batera helduta bidea emateko seinalea aurkitzea da; eta puntu bat, berriz, stop bat».

        Ez dut uste orduan jabetu ginenik esaldiaren handiaz. Kontua da, urteek aurrera egin, eta komen kontu honetan, ohartzen zarela, beste hainbat gauzatan bezala, hagitz errazagoa dela irakurtzea bera, bere bidezidor, errepide, autobide eta stop eta «bide eman» seinaleekin, testuetan barrena kaminero ibiltzea baino. Eta hala izan dut esaldi dontsua erdi lo memoriaren tabernan, aste honetan bertan, egunkari honetako berri batek iratzarri duen arte. Asteazkenean, Gasteizko Arte Ederretako museoak bilduma berritu duelako albistea irakurtzen: «Bitxikerien artean, museoak erosi duen azken koadroa Javier Zigaren Abuelos fumando (Agureak, erretzen) izan da».

        Kazetariaren lekuan jarri naiz, astoa langa aurrean bezala. Bi bide, ote-otean egoteko. Koma jarriz gero, ezin luzaroan gelditu autoa. Izan ere, koadroa aurrean ez duzula, eta ordainik gabe, aditu bai usaina? Komarik gabe, berriz, irri eta trufa nonahi. Agureak garretan, ezta Gazteen Inkisizio Santua Zigaren Iruñean balebil ere. Erantzun bakarra dagoke, erregular, eta eskertzen da kazetariaren zalutasuna.

        Egun berean, Argia aldizkaria mahai gainera. Azalean bertan: «Artxibo Nazionala azkenean». Kazetariaren tokian jarrita, bi bide hemen ere, tinke egon nendin. Eta edo ez zuen nik izan nuen irakaslea izan, edo ironiarekin gauza politak egin daitezke oraindik herri honetan. Halako kritika bat Jaurlaritzari, beste hamaika lanen osterako utzi duelako agiritegiarena. Komarik gabe, horretarako eta gehiagorako ematen du. Esan dezadan dena, baina: maketazioak laguntzen zuen etena egiten. «Azkenean» beheko lerrora pasatuta, marrazki muturra tarteko, uler zitekeen bazegoela «bide eman» bisual bat. Akatsa? Baldin bada, aski leundua, inondik ere.

        Baina zer den norberaren burua ondo ezagutzea. Gaztelera lagun, komek puntei baino, komatxoei, gillemetei, aipu markei dei, eta ohartu orduko, hor nituen artikulu bat eta pare bat zirriborro paper mutur batean, aurreko astean jasoak, buruaren ibiliak nondik nora eramango.

        Nituen zalantzak argitzeko, Euskaldunon Egunkaria-ren estilo liburua, motz gelditzen zitzaidan: «Aipamenak komatxo artean doaz. Aipamenezko adierazpenek testualak izan beharko dute: hitzez hitzekoak. Komatxo frantses edo bikoitzak erabiltzen dira adierazpenetarako». Deklinabide kasuetan nora erabili adierazten duen adibide baten ostean, ohar kategorikoa: «Komatxo bikoitzak ez dira beste ezertarako erabiltzen».

        Zalantzak han segitzen zuen, ordea, langa aurreko astoak baino temosoago. HABEk emandako aholkuak, aldiz, nasaiegi zetozkidan, izan ere, hitzez hitzekoak emateko ez ezik, komatxoak gomendatzen baitzitzaizkidan lan artistiko, egunkari, liburu, aldizkari, zinema, antzoki eta enparauetarako ere; halatsu atzerriko hizkuntzetatik zein herri hizkeretatik bere horretan hartzen diren kasuetarako; eta gutxi balitz, izengoitiak eta animalia izenak ere, hala emateko esaten zitzaidan. Azken puntuak lasaitu ninduen, «[komatxo artean idatziko baitira] ironiazko zentzuan ematen diren hitzak».

        Prentsarako, baliagarria bai hau? HAEEk argitaratzen duen Administrazioa Euskaraz aldizkarian erdibidea, Gipuzkoako Foru Aldundiko Itzultzaile Lantaldearen eskutik:

        «Erne ibili behar dugu komatxoekin. Idazle askok ez bide dakite zertarako erabili behar diren, eta beraz gehiegitan (eta gaizki) aurkitu ohi ditugu komatxo arteko hitzak gure itzulgaietan. Bi zeregin nagusitarako balio dute komatxoek:

        — Inoren hitzak diren bezalaxe (hitzez hitzeko aipamena) gure testu barruan jasotzeko.

        — Hitz batek duen esanahiaren guztiz alderantzizkoa esateko. Adibidez, «oso pertsona 'kultoa' da» idazten duenak esan nahi du pertsona hori ez dela batere kultoa, ezjakin hutsa baizik.

        Biziki komeni da, beraz, komatxoak ez erabiltzea hitzak nabarmendu, berezi edo azpimarratzeko, nahiz hitz horiek adiera markatua izan edo beste hizkuntza batzuetatik hartuak izan (halako hitzak letra italikoz idatziko ditugu)».

        Lasaiago hartu nuen arnasa. Konparazioz ari nintzenez, malkarra berdindu gabe banuen ere.

        Nabarmena da. Berria-n, auzo herrietako egunkari handienen aldean, gutxi erabiltzen dira aipu markok. Titulu nagusietara jota, leiho eta tartekiak albo batera utzita, ez dira egunean zortzi-hamar baino gehiago aipu markak dakartzaten lerroburuak. Ia beti, hitzez hitzeko adierazpenak jasotzeko.

        Gillemetena usuki, jolasa da, sormena eta ironia: «Jacques Chirac en chef de 'l'entreprise France' en Asie». Le Monde-ko artikuluan, barnean, delako «entreprise France» horren inongo arrastorik ez, baina. Hor non datorren kazetaria jostari, gaizto, sortzaile.

        Politikan, ezinbestekoa egiten da aipu markek ezartzen duten distantzia. Har dezagun, esatera baterako, herenegun aitzitik egunkari honetan agertu titulua: «'Tentsio uneak' izan arren, bakea posible dela adierazi du Blancok». «Tentsio uneak», elez eleko aipamena izateaz gain, Espainiako buruzagi sozialista baten hiztegia da. Bistan da Blancorentzat eta egunkari honentzat tentsio uneak ez direla berberak eta absolutuak. Beraz, egoki datoz markok hiztegi propioa landuko bada. Distantzia, egun berean, Arnaldo Otegiren adierazpen batzuekiko: «'Sosegua' eskatu du Arnaldo Otegik». Ez da beti erraza: «Biktimak ez erabiltzeko eskatu du Maite Pagazaurtunduak Valentzian». Zehar estiloan, batere gabe eman zen asteartean. Hiru hitz aipu marka artean biltzea, egin liteke. Baina arestian bezala, bakar bat bai?: «Biktimak»?, «ez»?, «erabiltzeko»?

        Hitzen malabarista zen Guillermo Cabrera Infante idazlea da, ondorengo jolas honen egile. «Irakurri testu hau», dio. «Bekatuak bertuteak baino liluragarriagoak edo, bederen, iraunkorragoak diren seinale da antzina Nemesis jainkosak onak saritu eta gaiztoak zigortzen zituela. Bada denbora, ordea, izena zorigaitzaren sinonimo dela, eta batzuetan, mendekuarena». Orain irakurri beste hau: «'Bekatuak' 'bertuteak' baino 'liluragarriagoak' edo, bederen, 'iraunkorragoak' diren 'seinale' da 'antzina' Nemesis 'jainkosak' 'onak' saritu eta 'gaiztoak' zigortzen zituela. Bada denbora, 'ordea', 'izena' 'zorigaitzaren' sinonimo dela, eta batzuetan, 'mendekuarena'.

        Itaun zaparrada atoan: «Zein da —galdetzen du Cabrera Infantek— aurreneko testuaren eta bigarrenaren artean dagoen alderik nabarmenena?». «Bigarren testuan zergatik datoz hitz batzuk komatxo artean eta beste batzuk ez?». «Aurreneko galderan zergatik jarri da letra etzanez nabarmenena?»...

        Egunkari bakoitzak egunero hartzen duen erabakia da aipu markena. Dela distantziagatik, dela onean zein gaiztoan pasarte jakin batzuei eman nahi zaien indarragatik, hautu ideologikoa da elementu ortotipografikoena ere. Eta esan gabe doa; inoren hitzak komatxorik gabe eman eta bere egiten dituenetik urtzen da, arian-arian, bestearen ideologia egunkariarenean. Esaterako, gaur zortzikoan, «Nigerreko gosetea urteko argazki onena», benetan da komatxo gabeko «urteko argazki onena»? World Press Photo lehiaketakoentzat, garbi dago. Guretzat ere bai? Besteren lexikoaz jabetzea esan dugu. Esan, zinez da posible, Lopez Aguilar espainiar ministroak egunkari honetan proposatzen duen bezala, gatibu baten kontrako frogak aipu markarik gabe «eraikitzea»?

        Izuak lotu nau: «Zigorrak beteta aske geldi daitezkeenen aurka zigorrak eraikiko ditu Madrilek».

(2006-02-19)