Hizlandia
Hizlandia
2006, saiakera
224 orrialde
84-95511-89-4
azala: Xabier Gantzarain
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Wasoan

 

Kazetaritza fakultateetan bost w-en teoria deitzen zaio, edota iraulitako piramidearena, albistea emateko unean honek hartu beharko lukeen irudiagatik; alegia, sarreran, lead-ean, piramidearen oinean, garrantzitsuena doake, eta amaieran, haren erpinean, hondarra.

        Bost w-en teoriaren arabera, edozein albistek bost galderoi erantzun beharko lieke, hortik izena: what, who, when, where eta why, hau da, zer, nor(k), noiz, non eta zergatik (usu seigarren bat eransten zaio: how, nola). Berez, ez dute ordena jakinik eta edonola konbina daitezke w-en erantzunak. Dena den, teoria zorrotz hartuta, beharrezkotzat jotzen da bost galderei osterakoa ematea, baita askotan kazetariak berak inoiz jakingo ez dituen why amaiezin horiei ere. Esan bezala, funtsezkoena hasieran, irakurlea, atuna nola, amuan albait arinen harrapatzeko, eta gainontzekoa ondoren, gogogabeturik, bukaerara heltzen ez bada ere.

        Irakurlearekin erabili beharreko lilura estrategian aski trebatua egotea da, azken buruan, kazetariari eskatzen zaiona. Irudika dezagun hari bat, sendoa muturrean, luzatu ahala, xaretzen doana. Horrelaxe behar du egon egituratua berriak. Hala, urakan bati buruz ari bagara, logikoena non galderari erantzutea da lehenbizi. Aldiz, kazetariari AEBetako presidentziarako bozketen berri ematea badagokio, nor galdera du berandu baino lehen erantzun beharrekoa.

        Gurean, 60ko hamarkadaren hondarretan kokatu beharko genuke teoria honen apostolutza. 1968ko urtarrilean, Zeruko Argia batean egoki azaltzen du Joxe Artetxek lead estiloa zertan den:

        «Periodiku batek, astekari batek, bere teknika berezia dauka. Periodiku bat, asteroko bat, ez da liburu bat. Liburua artu, idiki ta aizkenean, utzi egiten degu nekatu edo aspertzen garenian, beste batean jarraitzeko asmoakin. Liburu batetik notak artzen ditugu sarritan. Liburua gorde egiten degu.

        Periodiku bati berriz pasaria askartxo batian ematen diogu. Periodikuko artikulu bat luzea iritzita, beste baterako uzten baldin badegu, ziur egon artikulu ura ez degula beiñere irakurriko.

        Artikuluak aurren-aurreneko lerroetan bear du bere kakoa. Egunkariko edo asteroko artikuluak teknika berezia dute, liburuak bere aparteko teknika daukan bezalaxe.

        Periodikuak izkuntza bereziya bear du izan, eta ori gaur egunian ez dakienak ez du balio periodikuetan idazteko».

        Bistan da, egin duen bideari esker, egungo kazetaritzak ez duela zertan orain arte esandakoa estu-estuan bete. Jeneroen arteko nahasketatik sortutako testu pinttoek utzi digute adibide ederrik, egunkari honetan bertan azken aldian ikusi ahal izan dugun bezala. Baina albisteez ari garelarik, ezinbestekoa dirudi w horiei errespuesta ematea.

        Literatura. Hori da gogora heldu zitzaidan aurreneko hitza asteartean Berria zabaldu, eta 9. orrialdeko albiste nagusia irakurtzen hasi nintzenean: «Krabelin gorrien basoa». Hasiera ere, ber maneran idatzita zegoen, ezin uka zekion zarrasta poetiko, epikoa: «Basoa abaroa eta borroka toki izan da historian zehar. Igandean ere basoa hautatu zuten, Gudari Egunaren karietara, borrokan hildakoei omenaldia egiteko. Haritz eta pagoen gordagian, herrialde guztietatik etorritako 2.000 pertsona inguruk beren hatsa eskaini zioten ekitaldiari».

        Bigarren paragrafotik aurrera, ekitaldiaren girotzea ematen zitzaion irakurleari. Nola txalaparta hotsek eman zioten hasiera, nola Eustakio Mendizabal Txikia-ren omenez egin kantua abestu zuten oholtza gainekoek, nola «ce sont des terroristes, son terroristas» zioten ahots ozenak entzuten ziren etengabean bozgorailuetatik... Ezker abertzaleko pertsona ezagun anitz izan omen zen bertan, baita hildakoen senitartekoak eta sostengua adieraztera heldutako gazteak ere. Hizlariak ere izan ziren: «'Gutxitan ezagutu du gure herriak bakea, gutxitan ezagutu duelako justizia', erran zuen irmoki ekitaldi politikoa ireki zuen eledunak». Amaierak, basoaren zirkulua zarratzen zuen: «Oihanetik pertsona talde batek, burua estalita, ETAren Zutabe aldizkaria banatu zuen».

        Kontakizunari, kazetariaren inplikazioa atxikitzen zitzaion: «Enbor berriek eroritako zuhaitzen bizia eta historia atxikitzen dituzten bezala, ekitaldian bildutakoen artean borrokan hildako militanteen argazkiak nabarmendu ziren, senitarteko eta lagunen eskuetan». Poetikotasunak berarekin du hunkitzea erdietsi nahia, eta halakoa zen testua, bihotz-tiratuetara eta identifikazio nahira emana beste ezeren gainetik. Distantziarik gabe, orain dela 30 urteko fusilatzeak deika, basoan bildutakoen emozioa ekarri nahi izan zuen kazetariak albistera.

        Testuaren amaierara iritsita, w bat baino gehiago falta, ordea. Ekitaldia basoan izan zen, baina zein basotan? Non dago oihan hori? Hitza hartu zuten eledunek, ez zuten izenik? Argazkiak, urrutitik ateratako fotoak, ez zuen informazio gehiago eransten: jendetza zuhaitz tantai artean, afixa handi baten aurrean.

        Eta nago irakurle soilen artean, bi izan zirela jarrera nagusiak testua leitzen amaitu orduko. Edo kazetaria ez da fin ibili eta ahaztu egin zaio zertara joana den (ez dut uste); edo hizlarien izenak ez ematea eta basoa bera topos bihurtzea —estatuen indarkeriaren biktimen Obaba hori—, nahita egindakoa da.

        Argi pixka bat ematen du aurreko egunean Gara-k ekitaldi beraren inguruan argitara emandako albisteak. Basoa protagonista han ere: «Isiltasuna itzuli da basora. Orain, zuhaitzek gordeko dute haien sustraietan han gertatutakoaren lekukotasuna, jaurtiriko oihuen oihartzuna, zarata handirik egingo ez duena, baina, bertaratutakoaren bihotzetan, sakon-sakonean, betiko geratuko dena». Tituluan, krabelin gorrien basoa «gudarien arnasa gorde zuen baso» bilakatu da. Bi testuak aurrez aurre jarri eta arrunt antzekoak biak. Idazkera bera. Eta Gara-koan ere, ments informazioa: ez herririk, ez hizlarien izenik. Garbi dago: bulego beretik datoz biak, eta nahita ez dira aipatzen bietan bi w, where eta who, non eta nork.

        Informazioa herren ematearen arrazoia, zeharka, asteazkeneko gure berripaper honek ematen zuen: «Batasunak larunbatean Altsasun egin zuen agerraldia ikertzen ari da Nafarroako Auzitegia». Legez kanpo daukaten Batasunak Altsasun elkartu behar zuela, prentsak aurrez iragarri zuen. Hurrengo egunetan, hedabide gehienetan eman zen batzarrari buruzko informazioa. Aurpegiak. Izenak. Orain zerbitzu juridikoak Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak egindako txostenetako w-ak ikertzen ari bide dira.

        Egun Espainiako justiziak epaitegira bidean nahiko lukeen ekitaldia ostendu du nonahiko baso horrek. Hala, esan gabe non dagoen, wasoa hor da, orbangabe, sinboliko, hurrengorako ere erabilgarri. Egunkariak ere morroilotzen dituzten txosten-egileei lanik ez erraztearren eman da, antza, informazioa honela. Eta ikaragarria da. Bai albiste honek zibilen kontrako eromenean heldu garen neurria zein den ongi erakusten duelako, baina baita egoera honek kazetaritza egiteko era hau zabal dezakeelako ere.

        Izan ere, elkarretaratzea izan liteke klandestinoa (dena den, bi mila lagun!), baina informazioa ez. Altsasukoan ez bezala, hainbat informazio isildu nahi baldin bada, egokiago dirudi garbi adieraztea ezin dela guztia esan (ez da lehen aldia izango), ezen bestela, w nagusiak falta direla, irakurlea poliziaren pare jartzea baita, zainak xaxatuta, gertatu denaren xerka. Eta hori, beste zerbait litzateke, baina urrunago geundeke kazetaritzatik.

(2005-10-02)

 

Ostekoa:

Kazetariaren dohainen artean gertatutakoa ondo neurtzea dago, ezen bestela, nola eman albistea honek karrakatekorik atera gabe? Halako bat entzutea iruditu zitzaidan orain hurrengoan. Argazki nagusian, gazteak euritan kanpin denda artean Etxarri Aranatzen. Azpian, titulua: «Gazte Topagunea, indar erakustaldia».

        Batzar eta festa; antolaketa eta lagun arte; hamalau mila lagun asko direla aitortuta, benetan «indar erakustaldia» izan da Etxarri Aranatzen egin zena? Esan nahi dut, eta balorazio politikorik egin gabe, nola deituko da hurrengo batean, egoera muturreko, larriago batean, han zein hemen, hamar, hamalau, hogei, berrogei mila lagun edo ez dakit zenbat boz batzen denean benetan «indarrak erakusteko»? Otsoaren ipuina, alegia.

        Honelakoetan, alderdi prentsaren terminologiak horditu gabe, beroarena kenduta idaztea da, berez, soluzioa. Baina isil nadin. Xanoa izatea zer den.