Hizlandia
Hizlandia
2006, saiakera
224 orrialde
84-95511-89-4
azala: Xabier Gantzarain
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Garagarril pikuak

 

Zeusek bahitu zuen Europa. Europak bahitu gaitu gu.

        Asteazkenetik larunbatera, irakurtzekoak izan dira egunkarietako azalak, entzutekoak hainbat irratiren lehenbiziko berriak, ikustekoak albistegiak. Berriak berri, bi izan baitira erredakzio nagusia Gipuzkoa-Bizkaietan duten hedabideen interesguneak: Vienaraino joan eta Athleticen partida ikusi gabe itzuli ziren 4.000 jarraitzaileak eta U2 taldeak abuztuan Donostian eman behar duen kontzerturako sarreren gorabeherak.

        Luze aritu dira irrati-telebistak, orrialde osoak behar izan dituzte egunkariek. Kale elkarrizketak nonahi, auzokidea sufrimenduaren irudi bilakatua: «Gau osoa eman dut ilaran, bustita, hotzetan» batek; «haraino joan eta dirua eta opor egunak alferrik bota besterik ez dugu egin! Austriarren amarrua izan da» besteak. Horra etxe askotan hedabideen bitartez sartu den mundua. Horra gure arreta bideratzeko bi gune informatibo bero. Harrika eman diezaguten merezi dugu.

        Entzun berri diot euskal politikari bati AEBen monopolioari aurre egiteko behar dugula Europa. Hala bada, ez goaz oker. Gero eta antz handiagoa hartzen ari gara; gu haiena, noski. Luzegabe, izari bereko bikiak izango gara. Haiek bezala, ikasi dugu mundua norbera dela. Gugandik kanpokoa, leihoa da. Honen adibide ederra da Europar Batasuneko hainbat estatutako telebista publikoetan ematen den albistegia, Euronews.

        Batasuneko estatu guztientzat izateak behartzen du neurtu, aseptiko, nire iritzirako jasangaitz izatera. Irudiak ikusita, eta onak lortuagatik, ezin aldetik kendu enpresa keru hori. Horregatik, inongo zikin humanorik bultzaka ez duelako ematen ditu Euronewsek Europaz kanpoko albisteak ikuslea ebakuntza gelan iragarkiari beha balego bezala.

        Asteon, elurteak eta euri erauntsiak direla-eta, 650 hildako Pakistanen eta Kaxmirren. Desagertuak bi milatik gora bide dira. Etxerik gabe noraezean dabiltzanak, berriz, 40.000. Nahi izatera, ikusgarritasunik, ez da falta izan. Uraren emanak urtegiak lehertu ditu. Han zegoen, nola ez, Euronews: «Espectacular accidente en Pakistán». «Istripu ikusgarria», itzuli dut konturatzeke.

        Harrika eman diezaguten merezi dugu. Hona garenaren eta datorkigunaren erretratu neurrikoa. Esan zuen, eta profana dezadan behingoz poetaren hitza, profana kantariaren ahotsa: «Munduari begiratzeko modu bat». Eta Europak ez digu munduko izaten uzten.

        Aste hasierara, aurrekoaren lohiak ekarri diru albisteen ibaiak. Deia-k mapa bitxia eman zigun astelehenean: «Los monjes benedictinos Juan Joxe Agirre y Martxel Etxandi fueron detenidos ayer en Lazkao (Gipuzkoa) y Urt (Francia)».

        Ahurti non dagoen, misterio gorria izan da egunetan. Halako ez-leku bat, Bermudetako triangelua Aturri hegian. Atxiloketen egunean bertan, ETB2ko albistegian, Etxehandiren atxiloketa «en Iparralde» izan zela argitu ziguten. Ondotik, karta ere erakutsi zuten, bi punturekin. Bata Gipuzkoa babestuan zegoen artean, mapaz landara kokatu zuten bestea, Biarnon. Toponomia txikian ere, lanak. Beloke beharrean, nahastuta, Bokale eman zen astearteko Berria-ren azalean, eta Belloch (sic) ahoskatu ETBn. Ai euskal herritarren barne-gogoak mendeetarako hartzen dituzten Espainiako Barne ministroen itzal luzeak!

        Hauxe da garena. Hauxe da nola deitu ere ez dakigun Europako txoko hau. Albisteari tiraka atera litezkeen ondorioak, ez dira arraiak. Juan Joxe Agirrek izan duen jarraipena ez du izan Marcel Etxehandik. «Hurbiltasun teknikoak» gertuagoko bihurtu du Agirre. Peio Serbiellerekin bezala, Lazkaokoa prentsaren bazka izan zen neurrian segi zuen albiste izaten artean gatibu zeukaten Etxehandik, mutur gisa beti ere. Izan ere, berehala jakin zuen Hegoaldeko erdaldun orok Agirre Lazkaoko artxibozaina zela, hala atera zen haren alde hamaika politikari, ikerlari eta euskaltzale. Eta Etxehandi?

        Idazten ere ez dugu asmatu. Larunbatean Etxandi zen Berria-n. Igandean arrabataiatu zen, zein zen ohartutakoan. Bazela nor eta ikertu zenean bilakatu zen Etxandi Etxehandi, berak darabilen Etchehandy-ren baturako aldakia, Euskaldunon Egunkaria-ren Estilo liburua-ri jarraikiz, urteetan Haritschelhar Haritxelhar eman den bezala. Gainerako hedabideek, nork bere gogara. Horretarainokoa nahastea eta bokata. Eta betikoa, deskonpentsazioa arau, bai argazkietan, bai atxilotuen soslaian, bai albistearen trataeran. Ahurti urrun dago, Iparralderik urrunenean. Belokek eman zituen onenak. Nork ezagutzen du gaur egun Iratzeder? Ez gara harrika emanda ere esnatuko, ordea. Abertzale askori euskararekin gertatzen zaiona gertatu zaigu Etxehandirekin eta Belokerekin: traba besterik ez dira. Esan ezin delako, baina gustura esango zukeen batek baino gehiagok euskara garbian: «Castro Urdiales baino atzerriago da».

        Europak ez digu munduko izaten uzten.

        Euskal Erdiak ez digu Euskal Herriko izaten uzten.

        Bidasoak eta Pirinio Apalek zatitzen dutenaz, etxeko adibide bat, eztabaidarako. Lehengo asteko larunbatean, Berria-ren azalean: «Trafikoa. Gidabaimena egunean euro bat ordainduta atera ahalko dute Ipar Euskal Herrian». Eta jarraian: «Hego Euskal Herrian azterketa teorikoaren eredua aldatu egingo dute urritik aurrera». Mehea da haria, baina errepara dezagun aditzean: «dute». Subjektuak, oso bestelakoak bietan: «atera ahalko dute» (Iparraldekoek) aurrenekoan, «aldatu egingo dute» (Espainiako agintariek) bigarrengoan.

        Bistan da, elkarren ondoan direla, ez dela erakoena. «Iparraldekoek atera ahalko dute» badiogu, dioena ez dago, noski, «dute» horretan, beste da. Horrela emanda, parte baten urruntzea da, zentrotik. Bestalde, «dugu» jartzeak ez du deus konpontzen, ez baita egia Hegoaldekoek horrela atera ahal izango dutenik gidabaimena. Irakurketa okerrak saihesteko, egokiagoa dirudi hemen neutroak: «Gidabaimena egunean euro bat ordainduta atera ahalko da Ipar Euskal Herrian».

        Susmo hori: orratza beti munduko, Euskal Herriko alderdi berera begira ote dugun.

        Garagarril pikuak dira. Etorriko dira gaitzagoak.

(2005-02-20)