Hizlandia
Hizlandia
2006, saiakera
224 orrialde
84-95511-89-4
azala: Xabier Gantzarain
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Demagunka

 

«Demagun egiten dezula juramentu era onetan: Demonioak naramala, ezpadiot burua autsitzen urliari» irakurtzen diogu Agirre Asteasukoari. Demagunka jardun. Letren baliabiderik ederrena: ez garena posible egin...

        Demagun benetan mozkortzen gaituela Montenegrok (Ibarretxeren adierazpenen ostean, His Master's Voice, ezbairik gabeko tituluak ETBko albistegian: «Montenegro: independentziaren bidean»), demagun erdiesten duela gaur independentzia, eta hordiak amets, haren edo Quebecen urratsen gibelean ttipi-ttapa, beste horrenbeste Euskal Herriak edo Euskal Erdiak hamar-hogei-berrogei urte barru. Demagun hori. Baina nago, hala balitz ere, gertuago genituzkeela auzo herrien «arazoak» Montenegroren ederra baino. Emigrazioa nola bideratu, esaterako (lexikoaz zalantza bat: zergatik dira Marokokoak paterak eta kaiukoak Mauritaniakoak?). Izango genuke irabazia babestuko lukeen gobernua, eta nola ez, geurea litzateke inon den Barne ministrorik bipilena. Demagun baietz, edo independentziarik gabe ere, balizko konfederazio batean, Euskal Herrien Federazioak baduela halako figura bat, gizartea seko mudatzen ez bada eskuindarra izango dena bestalde. Hartu beharko ditu erabakiak, jarri beharko ditu baldintza batzuk euskal herritartasuna lortzeko. Demagun Sarkozyk hartu dituenak, esaterako. Demagun gobernu horrekin bat ez datorren euskal prentsarik ere izango dela, kritikoa, txorrotxa, gaiztoa. Asteon gertatu da. Libération-ek: «Critiqué en Afrique pour ses propos et sa loi sur l'immigration, le ministre de l'Intérieur se rend au Mali puis au Bénin jusqu'à demain pour vendre sa politique africaine». Demagun baietz. Hala ere, ikasiko genuke, menturatuko ginateke prentsa frantsesaren ironia erabiltzera?: «La caravane sarkozy debarque en Afrique».

        Demagun, gainera, demaguntzen hasita, biharko egun zilar horretan, arrunt jantziak izango garela. Informazio oro dugula eskura, munduko liburutegi birtual guztiak etxeko ordenagailuan. Eta noski, jakin daitekeen guztia dakigula Montenegroz, Afrikaz edo nik zer dakit, Irlandaz, adibidez, hala politikaz nola ekonomiaz edo kulturaz. Eta gogoan gelditu zaigula, urteen ugerrari olioa botata, konparazio batera, Kean Loach-ek Cannesen aurkeztu berri duen filma ere: Garagarra astintzen duen haizea. Demagun baietz, titulua ere ederretsia. Luzeak dira lur gaineko pausoak. Munduaz hainbeste jakinda ere, gauza izango da biharko irakurlea, diot, eta Irlandatik ateratzeke, honelako azpititulu enkriptatuak ulertzeko? Asteartean, kazeta honetan: «UUP UVFren adar politikoarekin, PUPekin elkartzea gaitzetsi du DUDek, eta lankidetzari uko egin dio».

        Demagun baietz, eta bide batez, demaguntze etengabean, gizakien arteko harremanei dagokienez, demagun bestelakoak izango direla hauek. Emakumeek, berez, emakume izateagatik ez dutela elkartu beharrik izango, ez erasoen kontrako protestarik ez bake proposamenik egiteko. Demagun ez dagoela beharrik. Demagun bakarrik. Prentsak, denbora tarte honetan, ikasiko du hemendik «demagun» horretara artekoan egungo hainbat ohitura atabiko bazter uzten? Malkar egingo zaigula dirudi. Sentsibilizazio garaiotan, Berria-n, asteartean: «Iragan apirilaren 8an aurkeztu zen Ahotsak Euskal Herrian, Donostiako Miramar jauregian. Ekimenaren berri Bartzelonan eman zuten atzo Ahotsak-eko ordezkariek, Lliure antzokian». Eta aurreraxeago: «Bertaratutako emakumeen artean, Diana Garrigosa Pasqual Maragall Generalitateko presidentearen emaztea izan zen aurkezpenean».

        Demagun, hala ere, prentsa gizartearen argia dela, ontzia gidatzen duen faro garaia. Zer gertatzen da, ordea, parioa egin, eta gogor jokatuta, huts egin bada? Sinadura nahasteak-eta ez badira, egunkariek ez dute ohikoa okerrak zuzentzea. Bilboko El Correo Español-i orain hurrengoan: «Una más que interesante rentabilidad, unida al hecho de que su precio no está sometido a los vaivenes de la economía y la seguridad que otorga la garantía de recompra han consolidado los planes patrimoniales basados en sellos como una alternativa inversora complementaria especialmente demandada por los clientes de perfil más conservador o por aquellos más osados que pretenden cubrirse ante posibles bajadas de la Bolsa o del mercado inmobiliario». Zertaz ari den garbi ez badago: «Fórum Filatélico o Afinsa, dos de las principales empresas que gestionan patrimonios filatélicos en España, compran a nombre de sus clientes sellos con una fuerte demanda en los mercados internacionales y...». Koipea koipearen gainean eta azkenaldian ezagunagoak egin diren bi enpresetan inbertitzeko aholkuak Ahorro e inversión atalean. Abendukoa da. Zoaz orain El Correo-ren webera. Bilatu artikulua. Alferrik arituko zara. Heldu garenerako, esku marka guztiak ezabatu ditu ohoinak. Eskerrak Interneteko bilatzaile batek, behintzat, gorde duen kopiarik...

        Horregatik, demagun hori dela hain justu kazetaritzaren indarra, sinesten dugula, besteak beste, prentsaren bitartez moldatzen dela egungo herritar modernoaren ideologia, hala moldatzen direla gizabanakoaren nahiz taldeen filiak eta fobiak. Gillaume Apollinaire-ren eleberri labur batean, era analogikoan gertatzen da guztia. Txiroen musuzapia deitzen da, eta bertan, poeta aldra ageri da mahaiaren bueltan. Nola ez, han zeuden guztiak, «zorriak hazitzen eta gosea padezitzen», eta hain bizi ziren arrenean non musuzapi bat baino ez zuten guztientzat. Haietako bat tisikoa zen, ordea, eta kontua da luzegabe eta banan-banan guztiak ehizatu zituela gaitzak eta hala eroan zituela, bata bestearen atzetik, Herioren zaldiak.

        Irailaren 11ko atentatuen osteko orduetan, CNNk erdiz erdi asmatu zuen nola zabaldu gaitzepela. Palestinako lurralde okupatuetan, ustez, ume nahiz heldu, denak jauzika, algara batean airera tiroka pozarren. «Hala ospatu dute Gazan eta Zisjordanian sarraskia» gehitu zuen ahotsak. Ez zen egia, irudiak ez ziren egun hartakoak, baina arabeen, barka, arabe batzuen gainean ezarri beharra zegoen itua. Hala obratzen da, zizelkariak harrian nola, milioika lagunen pentsaera.

        Ostegunean, TVE1eko eguerdiko albistegiari begira. Izuak deslokalizazioen eta Txinatik datozen mozkinen jitea duen garaiotan, ondoko orduetan jarraipenik izan ez duen azken orduko albistea. Ana Blanco hizketan. Irudien azpian, testua: «Secuestrado un español en Shanghai». Eta irudietan, besterik ez, eta albistearen lagun... espainiar herri bateko «ekialdeko bazarrak», hamaika txipi-txapaz beteriko txinatarren dendak!

        Demagun, esango lidake edizio arduradunak, ez dugula ez bahituaren ez Shanghaiko irudirik. Zer egingo zenuke zuk?

        Agirre Asteasukoak bezala, demagunka jardun... geure burua egungo prentsaren amaraunean hobeto ikusteko bada ere, zapi kutsatua musura eramaten.

(2006-05-21)