Hizlandia
Hizlandia
2006, saiakera
224 orrialde
84-95511-89-4
azala: Xabier Gantzarain
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Herri eta Lynch

 

Hitzen artean badira, berek hala nahi gabe ere, nondik datozen disimulu antzean daramatenak. Eta badira, berriagoak direlako, berdeagoak edota lotuagoak, sortzea, burua edo zuhaitz genealogikoa ia azalean dutenak. Boikot hitzak Erne-ko kondearen administratzaile izan zen Charles Cunningham Boycott ingeles kapitainari (1823-1897) zor dion bezala denaren parte handi bat, beste batzuek ere ez dute oso bestelakoa sortohea. Horrela, eta Charles artean gera dadin, Charles Lynch (1736-1796) jotzen da, eskierki, lintxatu eta lintxamendu berben aitatzat.

        Charles Lynch bake epaile izan zen Bedford, Virginian, Ameriketako Estatu Batuetako independentzia gerra garaian. Britainiar militarrak eta hauen colabo ziren amerikarrak preso hartu, eta epaiketarik gabe esekiarazten zituelako zor dio juje jaunari justizia praktikatzeko manera honek, antza, izena eta izana. Esaten da, ikusitakoak ikusita, hainbat jende prestuk Estatu Batuetako Justizia Gorte Gorenera ere jo zuela, gehiegikeriengatik protestan, baina hau Lynchen alde atera zela. Handik atzera, eta Gortearen bedeinkapena zegoela jakinda, erruz zabaldu omen zen Lynchen legea legez ezagutu den praktika hau.

        Lynchen legeak, esan beharrik ez dago, izan du aski jarraitzaile han ez bada hemen. «Justizia» egitura funtzional gisa sendotu gabe egon den bazterretan, «komunitatearen kontrako» ekintzak ordainik gabe geldituko ote ziren beldur, sarri jo izan da zigor zuzenera. Western-en bidez eginagatik ezagun, AEBetan bertan, bi mila eta bostehun lagunetik gora lintxatu ziren hegoaldeko estatuetan 1882 eta 1903 bitartean. Lautik hiru ez ziren ez Wayne, ez Mitchum, ez Martin, manumitugabeko afroamerikarrak baizik.

        Errazkeria litzateke datuon estrapolazioa eginda paralelotasun ideologikoak ontzea. Lintxamenduak ezker zein eskuin, aldra paraofizial zein iraultzaileetan izan ditu aldekoak, baita Lynch bera jaio aurretik ere, jakina. Azken batean, lintxamenduaren fabore dagoenak dio justiziarik ez dagoelako hartzen duela, hartzen duenean, Lynchen bidea. Sistema morala da, kaltearena eta ordainarena; gaizkieginarena eta beroarena. Lintxamenduak, beste pagu batzuen oso bestela, jendeketaren beroa eskatzen baitu. Gertatzen dena da hilda agertzen den presoak espetxearen krudela salatzen duen bezala salatzen duela lintxatuak justizia jauregia ez ezik beroaren logika bera ere.

        Egun, lintxamendu fisikotik harago, «lintxamendu mediatikoa» deitzen diogu hedabideek, gizabanakoa dagoen tokian dagoela atxilotu, epaitu gabe biluzik paseatu, eta iritzi publikoaren aurrean gatibu hartuta, errukigabe larrutzen dutenean. Esan gabe doa, sokakoa baino hotzagoa ere badelako, norbait prentsan lintxatzen denean ez da gero atzera egiteko. Horrelakoetan hartzen du prentsak «laugarren boterea» deitu izan den horren antzik handiena, eta lintxatua, beti ageri da eder paperezko arbola muturrean dindilizka.

        Adibideak, bada ziento bat, politika deitzen dugun arlo horretatik ateratzeke. Atera gaitezen, ordea, eta jo dezagun, esate baterako, batbederaren lerro ideologikoan ere susmagarriak ditugun eremu labainago horietako batera.

        Hona zuhaitzik eta sokarik gabeko lintxamendu horietako baten kronika otsailaren 26ko Urola-Kostako Hitza-n:

        «Giro ederrean igaro zen ostiraleko ekimena, baina Bertso Tourra zortzigarren tabernara iritsi zenean, izan zen gorabeherarik: jendetza Sagasti tabernan kabitu ezinik zegoenean, zurrumurruak hasi ziren lehenik, eta gero oihuak, lehendik tabernan zeudenen artean norbaitek Julian Hernandez identifikatu orduko».

        Haizea bezain zalu doa ahoz aho gaizkilearen grazia. Kazetariak esanda dakigu zein den, izen eta abizen. Baina segi dezagun gertaeren oinatzen arrastoan:

        «51 urteko oriotarra abenduaren hasieran atxilotu zuen Ertzaintzak, Orion, etxeko gela bat alokatu zion neska gazteari sexu eraso bat egitea leporatuta. Gertaera haien harira hedabideek argitaratutako informazioaren arabera, lehenago ere aurrekariak zituen erasotzaileak: bigarren emazteari labankada bat eman zion. Kasua prentsan ere agertu zen, eta izandako arazoengatik psikiatriko batean egona da. Abenduan, emakume taldeek deituta, haren etxe atariraino eraman zuten hainbat lagunek salaketa, eta bilkura hartan parte hartu zutelakoan bi oriotarren aurkako salaketa jarri zuen Orioko postari ohiak».

        Araldeak tabernan identifikatu duen gizonaz dudarik izan ez dadin, entzun, entzun nola mintzo den erasotzailearen aho zantarra:

        «Ostiralean, jendea Sagasti tabernan 'erasotzailea kanpora' oihuka eta bertsolariak haren inguruko bertsoak abesten hasi zirenean, Hernandez jendeari eta bertsolariei irainka hasi zen, emakumeei 'puta zikinak' deituz, eta behin eta berriro 'zuek nor zarete ni epaitzeko?' galdetuz. Lagun guztiek alde egin zioten, eta bakarrik geratu zen tabernan, Bertso Tourrera bildutako guztien oihu artean. Giroa berotzen ari zela ikusita, eta Hernandezi behin eta berriro tabernatik ateratzeko eskatu ondoren, azkenean, tabernako nagusiak kanpora bidali zuen, nahi dituen bezeroak soilik onartzeko duen eskubidea argudiatuz».

        Salatuaren erretratua, Dostoievskiren nobeletakoa da: jendea gora-goraka, bertsolariak kantuan, tabernako nagusiak kanporatua, lagunek abandonatua... eta hala ere, nola harrotu gandorra! Atera baxoerdi bat arao eta birao honi, onenetik! Neuk ordaindu! Esan, bada inor doilorragorik eta okaztagarriagorik lurrazalaren gainean? Baina entzun, entzun, Poliziaren sirena hotsak hemen dira-eta:

        «Ertzainak agertu zirenean salaketa jartzeko asmoa agertu zuen, tabernako nagusiaren eta oihuka aritu zirenen aurka. Agertu ziren lau ertzainetako batek nabarmendu zuenez, 'ohituta' daude dagoeneko Hernandezen 'salaketa eta istiluekin'. 'Ni izan nintzen abenduan atxilotu zuena. Ederki ezagutzen dugu. Horrela ibiltzen da», esan zuen ertzain azpeitiarrak, erasotzailearen beste hainbat gorabehera ere kontatzen zituen bitartean».

        Azpeitiar ertzaina ere lintxamenduaren bitsetan, urka-bilurra eskuan duela! Non hago, Jim Thompson?

        Iluntze hartan ez zela Zarauzko udaletxeko masta puntatik inor zintzilikatu, gauza jakina da. Lintxamendutik hori baino ez du gertaerak izan ere: beroa. Ibaika heldutakoen hira, kantua eta gangarra ustezko erasotzaile oilartuaren kontra. Gertaerak gertaera, ni kronikaren tonuak nau kezkatzen, ordea.

        Ulertzen dut jendearen amorrua, ulertzen ditut bertsoak, ulertzen dut tabernariaren jarrera, eta orobat, lagunen abandonua. Ez dut gizona ezagutzen, baina sinetsi egiten diet Bilgune Feministakoei. Salaketa publikoa jendea informatzeko beste era bat ere bada, eta sinesteak, arrisku eta guzti, horrelakoxeak ditu arauak. Areago, egungo egoerak erakutsi digu zein beharrezkoa den kanpotik eragitea «zuzentza» emakumeen kontrako erasoen aurrean zorrotzagoa eta justuagoa izan dadin. Baina kazetaritza besterik da.

        Nik uste nuen, gertatua kontatzearen ardura duen heinean, kazetariak baduela bere kodea olatutik kanpo. Ez da John Reed Moskun. Generoak nahastu dira. Seguru asko, bat egiteak eta lanbideak. Nik uste nuen ezin zuela, esaterako, erasoaren kari abendu hasieran eta urtarrilaren 4ko Hitza-n bertan egin zen bezalaxe, salatuaren izenik eman hau epaitu artean. Horretara behartzen du estilo liburuak. Nik uste nuen «herri prentsako» langilea izanagatik, behar zela distantziarik, kontaketan, erretratuetan eta tonuan hemen erakutsi ez dena. Nik uste nuen horregatik beragatik hartzen gaituela suak galtzerdia iruntzietara jarri, eta esaterako, Madrilgo hainbat hedabidek antzerako kronikak egiten dituenean, eman dezagun, Azkoitiaz eta bertako bi preso ohiez. Ala esaten denak baizik ez gaitu sutzen?

        Ez dut delako Orioko postari ohia ezagutzen. Gogorik ere ez. Baina nahiago nuke kronikan esan ez diren hainbat gauza ulertu izan ez banu.

(2006-03-05)