Hizlandia
Hizlandia
2006, saiakera
224 orrialde
84-95511-89-4
azala: Xabier Gantzarain
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Egia-zinema

 

Badira berdin antzean hasten diren asteak. Azken biak, esate baterako. Haritz Totorika izan zen aurrekoan. Bilboko Santutxu auzoan atxilotu zuen Guardia Zibilak. Beste seirekin (hauek ere Bilbon) ekin genion gaur ahitzen den zazpi eguneko honi. Guztietan, elkarrekin trukatzeko moduko irudiak. Ibilgailu ilunez zarratutako kaleak goizaldean, farolen argi gorrikara, kaputxadun guardia zibilak harat-honat, eta halako batean, gatibu hartutako gaztea, armaz inguratua, burua makur. Gero, plastikozko zorro pila beti, bebarrutik ateratzen.

        Eta kamera han.

        — Nork hartzen ditu telebistan ikusten ditugun irudiak? —galdetu dio, inozo, lagunak kazetariari.

        — Hori Guardia Zibilari galdetu beharko diok.

        Egunsentia baino azkarragoa izan behar baita han fortunatzeko. Eta atxilotzaileen besteko informazioa.

        Komeni izaten da argazkien behe aldean begiraturik ematea. Ez da hutsik, Hegoaldean, Efe agentziak sinatuta datoz gehienak. 1939an sortua Fabra enporioaren gainean, Espainiako banku nagusiak izan zituen bazkide nagusi, Euskal Herriko oligarkiarenak tartean. Eta atxiloketaz ari garelarik, monopolio hitza oso egokia ez bada ere, ezin oso bestelako bat asmatu. Ostean, galdetu Ttipi-Ttapa-ko Jon Abril kazetari eta idazleari, 2002an epaitua Madrilgo Auzitegi Nazionalaren aurrean irudiak hartzeagatik: «Ez zen epaitegi aurrean normalean egon ohi direnetakoa».

        Irudiak hartzen direnetik dator, beraz, baldintzatuta argazkioi emaniko trataera. Jarraitzekoa da gero erredakzioetan ematen zaiena. Har dezagun, esate baterako, aste honetakoa. Benetan gauza bitxiak ikusten dira. Hasteko, guztiak dira Efe agentziak ateratakoak. Ez Berria-k, ez Diario de Noticias-ek eta ez Gara-k ez dute Bilboko atxilotuen argazkirik eman. Giroa, aurpegia estalitako guardia zibilak bai, baina ez besterik. Nahita, noski. Berdin jokatu du El Diario Vasco-k ere. El Correo Español-ek, berriz, photo-shop-a erabiliz aurpegia desitxuratu dio atzituari. Ez da nor den ikusten. Diario de Navarra, El País, eta harrigarriki Deia izan dira aurpegia oso-osorik, ezagutzeko moduan argitaratzea erabaki dutenak. Azkenik, Le Journal du Pays Basque-k argazkirik gabe eman du albistea. Egin daitekeen lehen irakurketa, aski esanguratsua da. Bigarrena ere bai: atxilotuaren erretratua ez da ezinbesteko informazioa. Telebistetan, beste horrenbeste. ETBk, bi kateetan, atxilo hartutako gizonaren aurpegia desitxuratzearen aldeko apustua egin zuen, ez ordea ikusi ahal izan nituen Espainiako gainerako kateek.

        Ikusten da. Atxilotuaren eskubideak ez dira polizia etxean soilik urratzen. Eman ditugun adibideek, ordea, ez dute Baiona balio. Gaur horrela da, hurrengoan auskalo. Irizpide falta, nabaria da. Urrutira joan gabe, har dezagun urriaren 26ko El Correo Español. Asteon aurpegia ezabatzearen alde egin duenak, kontrakoa egin zuen aurrekoan. Borja Aguadok ateratako argazkian, Haritz Totorika ageri da, polizia autoaren barruan, ezagutzeko moduan. Egun berean, Ertzaintzak gizon bat lotu zuen Barakaldon, emazteari labanaz eraso ziolako. Bai ertzaina eta bai ustezko erasotzailea, desitxuratuta ageri dira.

        Zertan ez dira berdinak Haritz Totorikaren eta «51 urteko R.C.G.-ren» eskubideak?

        — Errealitate bi dira!

        Dziga Vertov izan zen XX. mendearen hatsarrean egiaren atalak bere horretan jasotzeko ahalegin estetikoa zinema sortu berrira eramaten aurrenetakoa. Kino-Pravda deitu zion, egia-zinema izan nahi zuen begia-zinema.

        — Efe-ren kamera!

        Bai, ezinago ziniko jokatzera. Begia-zinemak atxiloketa osteko uneak ere filmatzea eskatuko liguke, baina. Galdeketan sartu, auzitegi aurrean egon, epailearen aurretik pasa eta libre gelditu direnen aurpegiak jaso, lehenago atzitze unean bezala. Kartzelan barna ibili, atarian itxaron, eta konparazio batera, Mikel Sotori, Aurken Solari, Jorge Txokarrori eta Ainara Gorostiagari bi urte lehenago eman zitzaien aurpegia itzuli. Egiak elkarri josi, ez egiaren sekuentzia bat egia huts balitz bezala eman. Anartean, beharrezkoa da zuhurtzia hau irudiekin ez ezik erredakzioetara heltzen den informazio ororekin, gogortu baino lehen. Txatala urriaren 20ko El Periódico de Catalunya-tik hartua da:

        Zinta: «Beste polizia operazio bat».

        Titulua: «Zelula integristak Almeriako 'ijito' bati erosi behar zizkion lehergailuak».

        Azpititulua: «Ihes eginda dabilen mauritaniar bat zen bonbak erosteko arduraduna».

        Ez da kazetaria, polizia da mintzo dena.

(2004-11-07)

 

Ostekoa:

2005eko abenduan, AEBetako Poliziak Rigoberto Alpizar hil zuen Miamiko aireportuan, lehergailua zeramalakoan. Vocento taldeak, honela eman zuen albistea: «murió en un tiroteo con un agente, según informa la CNN». Joan CNNra eta: «When Alpizar appeared to reach into his backpak he was shot, the official said».

        Polizia batekin izaniko «tiro trukean» hil zen Alpizar? CNN berme gisa aipatuta, zer da hau, Poliziaren ahotsa? Batak eta besteak, gauza bera diote?