Kontra
Ane Zubeldia Magriñá
Kontra
Ane Zubeldia Magriñá
2025, poesia
88 orrialde
978-84-19570-45-1
Azala: Clàudia Borràs
 

 

I DON’T BELIEVE
IN AN INTERVENTIONIST GOD

 

 

Nik ez dut behar jainkorik

sekula

salbu

galtzen dudanean belarritako bat

 

galera ñimiño horren aurrean

aldiro

nahi dut

jainko bat

minaren tamaina berekoa:

izaki txiki bat

ikusezina, samurra

belarrira xuxurlatuko didana

zehazki

non galdu nuen

zehazki

noiz galdu nuen

zehazki

nola galdu nuen

 

jainko horrek

deskribatuko lidake

nola zanpatu zuten nire belarritakoa

        auto baten gurpilek

nola irentsi zuen xurgagailu batek

       eta hustu zuten zaborrontzi batera

nola ari den herdoiltzen

       milaka zatitxotan hiru zabortegitan.

 

Bai,

nahikoa litzateke hori.

Uste dut

horrek arinduko lidakeela beste guztia.