Kontra
Ane Zubeldia Magriñá
Kontra
Ane Zubeldia Magriñá
2025, poesia
88 orrialde
978-84-19570-45-1
Azala: Clàudia Borràs
 

 

UKITZEA IV

 

 

Azala da kanpokoa (mundua) eta barrukoa (norbera)

bereizten dituen muga-organoa. Ukitzeko aukera azaleratzen denean,

bi ideia horiek [kanpokoa eta barrukoa] kolokan jartzen dira.

Aimar Perez Gali & Jaime Conde Salazar

 

 

Isilik banago ere

ez nago bakarrik.

 

Dantzan hasiz gero

pareta malgu bihurtzen da jendea

eta ni

ez nago itxita.

 

Buztinezko azala nahi nuke

adobezkoa

desegin dadin euritan.

 

Buztinezko ahots bat nahi nuke

esateko

lehenengo Venusaren bular erraldoi haiek

nireak ere bazirela.

 

Askotan eman dut amore

ahoan.

 

Orain

izerdi eta arnasa

bilatzen dut nekea eta grabitatea

behin eta berriz

behin eta berriz

eta

orain

beste gorputz batzuk beha ditudala

ez dut esateko ezer

aurkitu.

 

Ukitzen nautenean

isiltasuna zartatzen da

 

pixka bat.