Kontra
Ane Zubeldia Magriñá
Kontra
Ane Zubeldia Magriñá
2025, poesia
88 orrialde
978-84-19570-45-1
Azala: Clàudia Borràs
 

 

GORPUTZ BIGUNAK IGERILEKUAN

 

 

Likidoaren aukeren barruan

ageriko dira gure mugak.

Baina ez da gorputz traketsik

urpean, arnasa da

denbora

arnasa da

abiadura eta isiltasuna.

 

“Ez dut hil nahi”

esan digu andre zahar batek aldagelan.

 

Uretatik atera berri,

haragi guritan eta larru bizirik

jaso dugu mezua gainerakook.

Grabitateari ihes egitetik gentozen,

ez dakit inor ba ote zegoen prest

halakorik entzuteko.

 

Emakumearen gorputza bezain gordin,

bular erori eta zimurtuekin

heldu da bat-batean heriotza gure artera.

 

“39 urte zituela hil zitzaigun ama, Argentinan”,

eta herrimina,

sufrimendua,

hilak

ahoskatu ditu segidan.

 

Ez dut denborarik izan garaiz janzteko,

nire gaztetasun ukigabea babesteko.

Emakume biluzi baten oinordeko

bilakatu naiz ni ere

 

eta ez al da hori gu guztion patua?