Kontra
Kontra
2025, poesia
88 orrialde
978-84-19570-45-1
Azala: Clàudia Borràs
Ane Zubeldia Magriñá
1994, Hondarribia
 
 

 

IZENDATZEA

 

 

Ahate lepoluze bat ikusi dut

murgil egiten

kai-mutur txikiaren aurrean

behin eta berriro. Azkenean

atera da azalera

arrain bat mokoan. Eutsi dio

gogor

arrainak astindu artean

isatsa, gorputz osoa

zartailu.

 

Ez du luze iraun

biolentziak (izenda nezake hala?),

baina

uste baino luzeago

izan da.

 

Zartailuak amore eman bezain pronto

irentsi du.

 

Ezin dut sinetsi zeinen azkar

egin duen

irrist

zintzurrean barrena

denak.

 

Arroken gainean ikusi dut gero,

koartza

[izendatuko duzu kontatzen dizudanean]

hegalak astintzen,

lehortzeko bezala edo, agian

zerbait aienatzeko.

 

Dragoitxo bat zirudien.