Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Beltzaren semea da, elurgorriaren kumea urrats

    erraldoienganako pasioz

untzaren anaia da eta untza bezala itsatsirik bizi goizalde

    ozpindu honetan

          ekiaren destainaz

Transformer iaioa da ikasi du zintzoki noiz izan ibai

    ertzeko makal

          noiz sala aurreko intxaurrondo iguriki

Kontradikzio horia da eremu deslaienean erreinu anker

    batez marraztuz

          sasoien babesa

Baina beste zerbait agindu zioten dena

 

Esaterako: zoriontasunaren bateran zitekeela

          edo arratsarekin bat ez lukeela etzan behar

    halabeharrez

          edo izenen izenak ez zituztela kontutan hartuko

          edo oihan kordokatuaren pareko zitekeela

 

Baina nola inezturak arbola kixkurtu hala gaituzte soildu

    bizitzaren

          bira amaitezinak

 

Eta gaur oroimenaz beste zenbaki lerratu bat da

          bere izenaren hautematea arrotza zaio

          nola arrotza sahatsaren lengoaia ezkutua erabat

    desenfrenatua

          belarrietarako

 

Desioaren jeringiletan arraildutako hauts naharoetan

    barrena bidaiatzen da

          badaezpada ikurrak lorraztuz badaezpada

          paranoiaren erresuma estuko bide xidor

    lizartsuan

Badaramatza egun franko eutanasia trenka dezaten

    txostenak idazten

 

Egunak zigarroen ke hutsez elika daitezkeen

    baieztapenez bete

          ditu psikologi trataktusen margina oro

                        nola euriak oihanetako hostroen larrua

                        malkoz

 

Jakin du guttunen poderioa postarien zorroenganako

          eta motorrena gizonenganako

Espero du taxiak sahatian espero bezala

Biziaren kerua etorriko delakoan edo

Espero du kristalak hausteko

Pasioaren eldarnioak irakas diezaion

non utzi zuen soina.

 

 

 

© Juanjo Olasagarre

 


www.susa-literatura.eus