Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Ilunabarrak behera egitean zergatik jakiteke

argiak bihotzaren leizeak arakatzean

bada hiri itzali baten gisa

kausituko ez dugunaren aurresentipena

gure urrats berberak errepikatzen

 

Orduan da oroimena, zigarro hondakin itzalia

orduen hausterrez ehundu oihalekin sortzen denean

orduan batu ezinak direla sentsazio oro horiek

orduan denbora mudapen ordez kolage hautsi

orduan beste batek imajinatu keinuak

 

Hari zilarreztatu batek gurutzatzen du gorputza

urruneko lurrak ezagutu txori migrari bezala

itzulera bestean paratuz oroimen berde horren

sustrai loratza: fauna zeren berak

oroitu oroitu egiten baitu bera ez balitz bezala

 

Ibai ertzean larrujo aldia

bisaigeko gorputz hura musukatu zuena

alkandora hura itzal istil aztarna eza

naizaren arrarokera

landare urdin ortuaren sakonean

 

Kontuak ateratzen ditu iragandako arratsez

emandako egunez bereganakoak behatuz

paisaia guzti horiez bere bihotzez

unatua arrotzak zaizkion bizipenez bizia

hain zaio beste buruko bere buruari

 

Oroimena niaren hostroen sostengu

hain da arraro gogoratze eza hau

hain estraino arrama ebaki horiek

bere burua errekonozitzea ezinezko zaio

oroimena beti besterena denean.

 

 

 

© Juanjo Olasagarre

 


www.susa-literatura.eus