Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Zerbitzaritzaren komeriak

 

Zerrikeriaz inguraturik zerbitzen

Ditut ogitarteko infame hauek

Oilasko gorpuak

Komedore zantar hau garbitzen

Nahikoa lan ez duk bada

eta garbitzen saia hadi mundua!

 

Agurtu gabe alde egiten diate

Hiretaz interesa erakutsi ondoren

 

Zertaz elikatzen haiz

Hainbeste biderkatzeko?

Zer haiz zer izen duk:

Maitagarri ala mesedegile?

Ala mihiztoek dioten

Loreetara gonbitoak

Botatzen dituen hori?

 

Aldegin behar dinat

Hire ondotik

Ezin ibil gintezken

Sakratuarekin arin

 

Zaharra bezain ibiltari fina

Beharko izan higana iristeko

Aber esan ezak zenbat kilo zirin

Prezisatzen diren

Hilik hobeto dauden

Zein edo zeinen

Utopiak erosteko

 

Beldurra somatu duk

irrintzi negargarrien

marruegileengan.

Bildots horrek ere

ez hau maite. Heure

bospasei mogimendu

bakarrik nahi dizkik

 

Esnatzen banaiz esna

berria naizenerako gaua.

Mota guztietako irekierak

antsi ditudanean

gilotinatzen nau

beheko dendariaren

ultramarinoko pertsianak

 

Heil nagusiaren ohean

hagoen enkargatu horri

hire gainetik ere

baduk ezpata zintzilik

 

Heil nagusi

hik ere heure onetik

ateratzen badakik

 

Barratik dakuskik ondarra eta plazerra

Barruan daramak ikusitakoaren mina eta kantzerra

Berriro jarri zaik —barre gutxi eta azala tenk—

Heure aldeko Barra-mutil, izu aurpegia

Gaizki ordaintzen dianari aurpegi txarra eta ez

Errespetagarriari txarki pagatzea trukean

 

Ez ahal hekien zerbitzari

bakoitzak bere kaka

laupikotan baino berea

baizik ez duela atsegin?

 

Ziutatean aberats baino

hobe herrixkan ondroso?

 

 

 

© Jon Arano

 


www.susa-literatura.eus