Katebegi galdua
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
azala: Gary Kelley
Jon Alonso
1958, Iruñea
 
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1998, saiakera - nobela
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
aurkibidea

Aurkibidea

I kapitulua: Soli Deo Gloria

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

—10—

II kapitulua: Iulius exclusus

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

—10—

III kapitulua: In vino veritas

—1—

—2—

—3—

—4—

—6—

—7—

—8—

—9—

—10—

IV kapitulua: In vino disertus

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

—10—

V kapitulua: Sobria ebrietas

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

Epilogoa

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

Erosi: 11,42
Ebook: 3,63

Aurkibidea

I kapitulua: Soli Deo Gloria

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

—10—

II kapitulua: Iulius exclusus

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

—10—

III kapitulua: In vino veritas

—1—

—2—

—3—

—4—

—6—

—7—

—8—

—9—

—10—

IV kapitulua: In vino disertus

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

—10—

V kapitulua: Sobria ebrietas

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

Epilogoa

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

 

 

—5—

 

Egozkuek sotanaren mauka zabartua pasatu zuen aho-ertzetatik zerbeza aparraren azken hondarrak desager zitezen.

        — Ez nago oso harriturik, eta, hala ere, harriturik nago. Hau da, ekarri dizkidazun gehienak ikusita neuzkan. Ez denak, ordea. Baina, ulertu behar duzu, ez naiz zurekin fio. Zahartuxe nago. Nire adinean oso kontuz ibili behar da pasio bati bidea eman baino lehen, grinaren txorrota ireki aitzin. Anonimo batzuk baino gehiago behar dut xutaldi intelektual bat probokatzeko, ez dakit garbi mintzatzen ari ote naizen. Alegia, zer joko dabilkizue esku artean?

        — Dabilkizue? Zuek? Nor gara zuek? —egin zuen protesta Ezak, eserita zegoen aulkitik altxatuz—. Barkatu kendu dizudan denborarengatik. Banoa.

        Egozkueren eskutzarrak airea txalotu zuen lasaitasun eske, berriro esertzeko gonbitea eginez.

        — Ongi da, ongi da... Mintza gaitezen. Denbora asko ez dela, hilabete gutxi batzuk edo, Luciano Goñik, ardo upel horrek, bere mutur zikina toki sakratu honetan azaltzeko beste ausardia izan zuen. Nirekin egon nahi zuen. Jesukristo gure jaun zerukoak barka nazala, edozein estakuru tontorekin gure magnum-en bat edatera etorriko zela egin zitzaidan susmoa —agian ez duzu jakingo baina meditazione-txoko honek badauka ardo-bilduma labur baina ongi aukeratu bat, ehun kilometroko inguruan interesgarrienetakoa, hau bestek esan beharko luke, baina—, eta gure ardo tantorik ez zuela probatuko nire buruari zin eginda joan nintzaion bila, atarira. Zeharo okertuta nengoen, ordea. Ez zetorren ardoa edateko asmoz, ez. Hortaz, gauza benetan larria izango zela atera nuen kontu; testu bat ekarri baitzidan, azter nezala eta nire iritzia eman berari buruz eskatuz. Testua ordenadorean pikatuta zegoen —Mac bat, Word 6.0 prozesadorearekin, eta Apple laser MJ-407 batean inprimatua, 12ko Desdemonarekin, ene aburuz—, baina oso gutxi bezalakoa zen, oso bitxia. Oso arkaikoa ere bai. Hura esku artean paratu eta alde egin zuen, denbora hartzeko azterketa behar bezala egiteko eta zerbait nuenean deitzeko aginduarekin. Hogeita bost orri ziren, bakarrik; gainera, ez zuten halako hurrenkera logiko bat, ez ziren elkarren ondokoak; beste unitate handiagoetatik hartutako zatikiak ziren. Horrela pasatu zizkidaten atera nezakeen informazioa mugatzeko, ausaz. Baina, hala ere, orriok eszitatu egin ninduten. Hugonotearen liburua zen. Hau da, neronek izen hori jarri nion, informazioa zatikatua emanagatik horixe berehala ikusten zena baitzen, lerro horiek paratu zituena Hugonotea zela, alegia. Edonork dakienez, Leizarragaren Itun Berria alde batera utzirik ez da egundo ezagutu XVI. mendeko euskal liburu Erreformaren aldekorik. Eman zizkidaten orriek, itxura guztien arabera, halako liburu ezezagun baten parte behar zuten. Hortaz, liburu ezezagun, bitxi, preziatu, historiko baten aurrean nengoelako susmoa egin zitzaidan. Lehen esan dizudan bezala, kitzikatu egin nintzen, eta kitzikadura horrek nigan sortu zuen lilura medio, amesten hasi nintzen: euskal kulturaren guztiz liburu aparteko baten aurrean nengoela egin zitzaidan susmoa. Ez, hori baino gehiago, euskal kulturaren liburuaren aurrean nengoela. Aitortuko dizut nik ez nuela frogarik ezer ziurtatu ahal izateko, ezta liburua XVI. mendekoa zela ziurtatzeko ere —izan ere, egilearen izena, inpresio-urtea eta hiria, inprimagilearen izena eta abar eduki behar zituzketen orriak ez zeuden niri eman zizkidatenen artean—, baina erabilitako hizkuntzaren zenbait xehetasun, gehi testu-apur horrek ematen zuen informazio urrian nabari zen beste hainbat gorabehera zirela kausa, halaxe litekeela iruditu zitzaidan.

        Bartolo Egozkue matrailak gorriagotzen zizkion benazko pasio baten mende zegoen, eta Ezari begiratu zion, solaskidearen keinuan eta jarreran bilatuz aurrera jarraitzeko bultzatuko zuen oniritzia. Ezak arreta hitzik galdu gabe segitzen ziola baieztatu zuenean aurrera egin zuen.

        — Zaila da hitz gutxitan azaldu nahi izatea ni bezalako espezialista batentzat zein harritzekoa den XVI. mendean, bertako hizkuntza gehienek —herriak erabiliagatik arruntak deitzen zitzaizkion horiek— latina ordezkatzen dutenean, Errenazimentua bizi dutenean, hain euskal testu gutxi aurkitzea. Niretzat gogoetagai errepikakor eta obsesiboa izan da, eta nire ikerketa-ahaleginak maiz bideratu dira norabide horretan. Eta ikerketa zein gogoeta horien azken muturrean beti azaltzen zen sinesmen bat, niretzat egiazko zertidunbre bihurtu dena: egon behar izan zuela, existitu behar izan zuela egiazko ahalegin kultural bat euskara gainerako Europako hizkuntzen pare jartzeko. Eta ahalegin horren emaitzaz testuak, XVI. mendeko euskal testuak produzituko zirela, erlijiosoak eta profanoak, edotarikoak. Guk ez ditugu ezagutu, ez dugu zorte hori izan, ezagutzen ez ditugun arrazoiak medio gure garaietara iritsi ez direlako, baina egon direla nik ez dut, une jakin batetik aurrera, sekula zalantzan jarri. Testu horiek, asko edo gutxi, nazio bezala galdu dugun aukera historikoaren lekukotasuna ekarriko ziguten, benetan izan ginenaren oihartzun zaharra izango ziren, gure kultura eta gure hizkuntza moderniara ekarri behar zituen katebegia osatuko zuten. Ez dut uste azaldu behar denik katebegi galdu hartako testu bat berreskuratzeak zer garrantzi leukakeen, maila historikoan, linguistikoan, literarioan, politikoan, soziologikoan. Are, psikologikoan ere: geure buruaz daukagun irudia ere alda lezake. Bada, Goñik ekarri zizkidan pasarte horiek gure katebegi galdua osatzen zutenetako parte behar zutela amesten hasi nintzen —Bartolo Egozkue isildu zen lipar batez, eta pasioak piztutako grinaldiaren eraginak oro ezabatu zituen bere ahots eta aurpegitik, tonu normalagora jaitsiz—. Azterketa bukatuta txostentxo bat prestatu nuen eta Goñiri hots egin nion, mila galdera berari egiteko nituela, eta horien artean funtsezkoena zena, mihia erretzen zidana: nondik arraio atera duzue harribitxi hau? Telefonoz mintzatu ginen. Uste nuena esan nion. Goñik, alkohol putzu horrek, ederki nabaritu behar zuen nire xutaldi intelektuala —berak eraginda, bestalde—, bero, ilusioz beterik ari bainintzaion. Ahots lehorrez esan zidan gaizki-ulertu bat izan zela eta dena ahazteko. Bertan egon izan balitz akatuko nukeen. Ez nintzen konforme gelditu eta ostera ekin nion galdezka. Perretxikoak bilatzera bidali ninduen. Gaur arte. Edo, hobe esan, orain hamar egun zure anonimoak bidali zenizkidan arte, zeinak, bide batez esanda, gehienak ezagunak baitziren, lehen esan bezala, baina detailetxoren bat gehiago eman didatenak liburu misteriotsu horri buruz, nire lehengo tesian tinkoagotu nautenak, funtsezko datuak ezagutu gabe segitzen dudan arren.

        Arraioa, pentsatu zuen Ezak. In vino veritas. In vino disertus. Zerrikume halakoa.

        — Esan nahi duzu nire anonimoak, zure ustez, zuk Hugonotearen liburua bataiatu duzun horren parte direla?

        Egozkuek hasperen egin zuen eta haritzezko mahai ertzapeko botoia sakatu berriro. Kutxa blindatua irekitzeko imintzio guztiak eginda, Ezaren anonimo sorta bertatik atera zuen, zerrenda gorri batez bildurik.

        — Ikusi ahal izan duzunez, gainerako erlikiekin eta komentuko tokirik seguruenean gordetzeko ohorea eskaini diet —paperetako bat zabaldu zuen—. Begira; lehena ezin garbiagoa da. «Soli Deo Gloria Propheten doctrina elicaren fundament bada ilusionea eta are guezurra elicac iancoaren iugemendu eguitera ausart liroqueenic erratea da scritura sainduaren iudicioa eguiteco bothere duenic». «Soli Deo Gloria» Kalbindarren leloa, ezaugarria, goiburua duzu. Teozentrismoa, Jaungoikoaren erabateko loria, erabateko guztiahalduntasuna. Bigarren zatia ilunxeagoa da; itxuraz, bakarrik, zeren esaldia berrantolatu eta gaurkotu egiten badugu, honelako zerbait daukagu: «Profeten doktrina elizaren fundamentua bada, gezurra da esatea eliza jainkoaren judizioa egitera ausar daitekeenik, eskritura sainduen judizioa egiteko botere duenik». Esaldi hau Kalbinoren doktrinaren laburpena da; hau da, kalbinismoaren zutabea eta funtsa da uste izatea elizaren tradizioak ez duela gauza handirik balio Jaungoikoaren hitzaren ondoan... Eskriturak dira nagusi, Eskrituren interpretazioa egiten dutenen gainetik. Elizaren magisterioa hutsala da, hortaz —Egozkue isildu zen une batez, antzezle trebatuaren gisara—. Bon, honenbestez bistan da zure anonimo honetako hauek kalbinista, hugonote baten hitzak direla. Idazkeraz, gaiaz, estiloaz eta abarrez ezaugarriak beretsuak dira. Beraz, Goñik erakutsi zidan testu osatugabe haren beste parte bat izan behar dute. Hortaz, Hugonotearen liburuaren aurrean gaude berriz, ez duzu uste?

        — Zer esan dezakezu gainerako anonimoen gainean?

        Egozkueren ezpainetan irribarre bihurri batek egin zuen dirdira. Patioko gaiztanondoari buruz zegoen leihoko egurrezko orriak zabaldu zituen, itotzen ari zela erakutsi nahi zuten espantu adierazgarriak eginez.

        — Hagitz tarte laburrean xurrupatu nahi duzu apaiz xume honek urte luzeetan eskuratutako jakinduria. Goazen. Hemen ez da giro.

        — Goazen? Nora?

        — Afaltzera. Nik aukeratuko dut tokia eta zuk ordainduko duzu.