Katebegi galdua
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
azala: Gary Kelley
Jon Alonso
1958, Iruñea
 
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1998, saiakera - nobela
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
aurkibidea

Aurkibidea

I kapitulua: Soli Deo Gloria

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

—10—

II kapitulua: Iulius exclusus

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

—10—

III kapitulua: In vino veritas

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

—10—

IV kapitulua: In vino disertus

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

V kapitulua: Sobria ebrietas

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

Epilogoa

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

Erosi: 11,42
Ebook: 3,63

Aurkibidea

I kapitulua: Soli Deo Gloria

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

—10—

II kapitulua: Iulius exclusus

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

—10—

III kapitulua: In vino veritas

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

—10—

IV kapitulua: In vino disertus

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

V kapitulua: Sobria ebrietas

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

Epilogoa

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

 

 

—10—

 

— Judizio sumarisimoa.

        — Nori?

        — Kazetariari.

        Petroniok eskuak jaisten zituen, ahurrak solaskideari irekirik, beronika gogogabe bat eman beharko balu bezala, disgustozko beronika geldo bat marraztu beharko bailuen. Lagartijori, behin, Malagan toreatu eta gero, hainbat zalek aurpegiratu zion zezen zail bat gainetik azkar eta begiramen handirik gabe kendu izana. Lagartijok besteen kexuak entzun eta gero, zera erantzun omen zien, lasai asko: nahi duzuena esatea daukazue. Labur aritu nintzela... Hainbat hobe. Jakin ezazue zezen-hiltzaile eta lapurrei judizio sumarisimoa aplikatzen diedala. Bien arteko mintzairan hitz horiek esanahi zehatza daukate.

        — Guti, Guti, baina zertan ari gara, Guti?

        Gutierrezek zalantza dauka margotua betartean. Komisarioa ezagutzen du eta badaki egoskorra dela, ez zaio gustatzen hartzen ari den planta demaria.

        — Laster Sanisidroak, hi. Gorde dizkiat bi sarrera hiretzat, Vitorinorenak ikusteko. Bi barrera.

        Petroniok esku kolpe azkarraz eskobatu du mahai gaineko guztia, mauka zikintzeaz ezertarako ere arduratu gabe; paperak, zintak, tabakoa eta hautsontzia bera ere zorura erori dira. Komisarioa ezagutzeagatik ere ez zuen espero horren erantzun indartsua, biolentoa, Gutierrezek.

        — Baita kaka mokordo handi bat ere, Guti! Baita kaka mokordo handi bat ere! Ni ere zerbait banauk, gero!

        — Zezena kortara bizirik itzultzerik nahi? Edo nahi al duk beste batek toreatzea hire partez?

        — Niri ez zidak inork zezen bat hiltzen! —egin zuen garrasi Petroniok—. Eta oraindik ez zaidak sekula zezena bizirik kortara joan!

        — Lasaitu hadi.

        Hitzek bere eragina sortu dutelako izan, edo leherketak bere efektua izan duela uste duelako izan, Petronio komisarioa baretu ez ezik eseri ere egin da, hanka hankaren gainean jarriz, poliki, prakari zimurdurak ez ateratzeko artaz, bere onera itzuli delarik, itxura guztien arabera.

        — Honela ezin zitekek lan txukunik egin, Guti. Zuek eskaerak erraz egiten dituzue, baina gero besteok zikintzen ditiagu eskuak. Ezer galdetu gabe. Ezer jakin gabe. Ni ez nauk kontakatilua, Guti, xehetasunak ez zaizkidak ardura. Eta ez nauk erraz ikaratzen. Baina nire irizpideak baditiat, eta hala ere horrekin nahikoa ez denean nire senari egiten zioat jaramon. Irizpideak zerbait ukigarriri aplikatu behar zaizkiok, haatik. Senak berak oinarririk behar dik azpian ezer izateko. Gobernadoreak liburua eskatzen zidak, hango jauntxoek ere bai, zuek ere bai. A zer nolako irakurzaletasuna piztu zaion halako batean kristo guztiari. Liburua kontrolatua zeukaat, hori ez duk arazoa. Eta hik eskatzen badidak liburua, bada, liburua hiretzat. Hori hala duk. Eta esaten badidak kazetaria desagertu behar dela, kazetaria desagertu egingo duk. Baina posizio txarrean gelditzen dena nire nagusiaren aurrean eta hango jauntxoekin neu nauk, Guti, ez hi, eta ni han negok, eta hi ez. Aterabide bat bilatu behar diat, Guti, bestela izorratu egingo naitek. Orduan, esaten badidak gauzak zertan dauden, pixka bat, bederen, nik jakingo diat diskrezioz jokatzen, eta moldatu ahalko ditiat gauzak, beharbada, zuek nahi duzuena izan dezazuen eta nik guztiekin ongi etortzeko moduan. Horixe esan nahi diat, Guti, ziur nauk ulertzen duala, ziur nauk ez zaiala zaila izango hire larrua kide zahar honen baitan ematea.

        Gutik ez zuen ezer esan baina onartu egin zuen bestearen jarrera. Are, uste zuen Petronio komisarioak oraintxe egindako erreibindikazioa iritsi bezain urrutira iritsi baino lehen egingo zukeela.

        — Itxoin. Telefonoz hots egin behar diat.

        Gutierrez atera egin zen, eta ordu erdi bat beranduago arte ez zen berriro itzuli; tarte horretan Petroniok zigarro bat bestearen ondoren piztu eta erre zuen, bestea itzuli zenean bosgarrena muturreratua zuelarik.

        — Barne Ministroaren idazkariarekin mintzatu naiz. Labur azalduko dut kontua. Esan didate nik dakidan beste jakiteko eskubidea daukazula; hortaz, horrenbeste jakingo duzu. Ia. Azken orduko nobedadeak egon dira, gainera. Bon, gauzak, gutxi gorabehera, honela daude: Juandeaburrek aspalditik ditu oso harreman estuak gure ministerioarekin. Negozioak egin izan ditu. Batzuk legalak, eta beste batzuk, diogun, hitz leun bat erabiltzearren, alegalak, legearen aurkakoak garbi ez esateagatik. Dirua irabazi eta irabaziarazi du. Armonia ederrean ginen, baina une jakin batean giro ona hautsi zen. Haserreak izan ziren. Alukeria batzuk egin genizkion, egia esatera; eraso gogorra egin genien bere zenbait interes ekonomikori. Guregandik urruntzen hasi zenean, pribilejiozko posizioari eutsi nahian edo, Kultura Ministerioarekiko harremana lantzen hasi zen. Zerorrek ikusi duzunez, bijilatuta eduki ditugu. Horrela segitu ahal izan ditugu bere asuntuek zer norabide hartzen zuten. Arte alorrean aritu zen, diru asko irabaziz, beti bezala, truke eta salerosketa badaezpadakoetan, baina ez naiz detailetan sartuko. Juandeaburre Fundazioa eratu zuen, atzerriko merkatuetan aritzeko estalki ezin hobea zitzaiola iritzirik. Luze gabe, haatik, Juandeaburrek arazoak izan zituen, lehen gurekin bezala, Kultur Ministroarekin. Komisio eta portzentzaietan ez omen zetozen bat. Izan ere, Juandeaburre hau egoskorra da, eta eskuzabaltasuna ez da bere bertuterik nabarmenena. Kultur Ministroarekikoak hondatzen ari ziren garai berean, halabeharrez, nonbait, Fundazioan liburu bitxi hura azaldu zen, eta lehengo arazoei beste klase bateko arazoak gaineratu zitzaizkien. Faltsua edo autentikoa ote zen aritu ziren. Autentikoa da, dirudienez, nahiz eta hori, gure ikuspegitik, bigarren mailako kontua den. Oso liburu berezia omen da. Dakigunez, Kultur Ministroak gorde nahi izan zuen arrazoi politikoak medio, baina Fundaziora itzuli beharrean izan zen. Orduan Kultura Ministerioko aholkulariek —beti izan ditu oso aholkulari txarrak aldamenean, zergatik ukatu— liburua lapurtzea gomendatu zioten Ministroari. Gobernadoreari —zure jefeari, hain zuzen—, agindu zioten afera presta zezan, nahiz ez omen zioten eman asuntuari buruzko informazio handirik. Gainerakoan, lapurretaren gorabehera zeuk ezagutzen duzu nik baino askoz hobeki, orduan sartu baitzinen historia honetan. Hasieran, garbi gera bedi, Kultur Ministerioak zeukan arrazoi eta interes bakarra politikoa zen: ez zuten nahi liburua agertzerik, uste zutelako eragin kaltegarriak eduki zitzakeela. Eragin litzakeen ondorioak nola neutralizatu asmatu nahi zuten iritzi publikoaren aurrean ezagutzera eman baino lehen. Kultur Ministroak, babo ergel horrek, oso gaizki eraman du asuntua. Ez zen inoren gainean fio, gauzak nahastu ditu eta guztientzat sorrarazi ditu kalteak. Pentsatzekoa da zure jauntxoek ere interes politiko hori bera edukiko zutela. Orain, bestelako interesak ere bazeuden, eta beste horietaz Kultura Ministeriokoak noraino dauden jabeturik ez dakiguna da. Zerbait jakingo dute. Dakigun punturaino, operazioa martxan jarri zen arestian esandako gorabehera politikoak medio. Baina hemen geu sartzen gara; erraz konturatuko zarenez, Juandeaburre horrek ezkutuko datu asko zekien Barne Ministerioari buruz, Estatuaren segurtasunerako konprometigarriak ziren datuak. Guk, gure aldetik, aurrera segitzen genuen Juandeaburreren aurkako erasoan, ez genuelako uste, hala ere, oldartuko zitzaigunik; putakumea haserretu egin zitzaigun, ordea. Desagertu zen eta mehatxuka hasi zitzaigun, datuak filtratuko zituela eta abar. Bere bila ibili gara eta gabiltza, baina ez dakigu non arraio sartu den. Dituen kontaktuak edukita, eta diru arazorik gabe, mundu zabaleko edozein tokitan egon daiteke. Dena den, bere aztarrenen atzean geundela, gauza bat jakin ahal izan genuen: prestaturik zuela datu horien filtrazioa. Susmatu genuen, baita ere, esku loturik eta ezkutuan egonik, Fundazioaz baliatuko zela filtrazio-saioa arrakastaz burutu ahal izateko. Baita jakin ere, azkenik, nola egin behar zuen; liburu baten bidez. Alegia, klabe jakin batzuk liburu jakin baten gainean aplikatuz informazio guztia lortzen zen: izenak, bankuak, kontu-korronte zenbakiak, erreziboak, txekeak, hegazkin txartel eta hotelen erreziboak, fetxak, baita informazio guzti horren frogagiriak non zeuden gordeta eta nola eskura zitezkeen ere. Juandeaburrek kontaktu bat baliatu behar zuen hori guztia jasotzeko. Ez dakigu, ordea, kontaktua nor zen: izan ere, esan berri dizkizudan guztiak jakin orduko, klabea zen liburua desagerturik zen. Ordu gutxiko kontua izan zen; ordu gutxirengatik ezin genuen Kulturak prestaturiko operazioa geldiarazi. Ulertzen? Zuk lapurtu liburua zen liburu-gakoa. Ondoren zurekin egin genuen kontaktua.

        — Eta horregatik garbituarazi zenidaten konfidentea?

        — Seguruagotzat jo zuten goikoek. Zer gerta ere. Nik agindua jaso eta zuri eman nizun. Guretzat, orduan, funtsezkoena liburua berreskuratzea zen. Puntu honetara iritsirik, aitortuko dizut nik ere ez dakidala liburuaren informazioak nor ukitzen zuen. Gure ministroa bederen, bai, bistan denez. Bestalde, susmorik baino ez daukat, inork ez dit esan kaka-zipriztinak noraino iristen diren. Susmoak edukitzea librea izaki, ordea, eta gauzak nola dauden ikusirik, ez dut uste ministroaren izen onak hilotz bat balio duenik. Baina, tira, zure konfidente hura putakume galanta zen, bazterrotan inoren negarrik eragingo ez zuena, eta hortaz, inor ez zen gehiegi asaldatu. Orain, aldiz, kazetaria garbitzea agindu didate, eta orduan gauzak apur bat gehiago nahasten dira. Inork horrenbeste neke hartzen badu, gure ministroaren goragoko inor zipriztinduta dagoela sinesteko gertu nago.

        — Lehendakaria?

        Gutierrezek beheko ezpaina hortzakatzen zuen, aire kalkulatzailea hartuz.

        — Zuk uste horregatik ere, egun, inork hartuko zuenik eskuak zikintzeko nekea?

        — Orduan!? —Petroniori betartearen adierazpidea larriagotu zitzaion, hamar urte zaharrago emateraino. Gutierrezi urrutiegi joan ote zen susmoa egin zitzaion, eta hazka egin zuen kokotean, amiñi bat nerbiosturik.

        — Zerorrek erantzun dezakezu galdera hori, nik neuk erantzun dezakedan bezain ongi.

        — Jooode —Petronio harrituta zegoen.

        Gutierrezek eskua astindu zuen, azken hitzen arrastorik txikiena ezabatu nahiko bailuen.

        — Beste gauza bat. Gerora susmatu dugu litekeena dela zure konfidentea eta Juandeaburreren kontaktua bera izatea. Horrek esan nahiko luke badabilela hortik zehar zure berri ongi dakien kabroiren bat.

        — Ez daiteke! —Petroniok irain pertsonal bezala hartzeko gertu irudi zuen, une batez.

        — Beharbada. Baina orduan horrek esan nahiko luke liburuak, berez, bazuela informazioa ondo agerian ematen zuen beste zeozer. Hori ere pentsatu izan dugu. Liburuarekin batera zegoen disketeren bat, kartaren bat, konfidentearen jakinmina piztuko zuen horrelako zerbait... Kontua da konfidentea hil eta gero ere Madrilgo gure nominan dauden zenbait kazetari halako kontu susmagarriekin etorri zaizkigula... Alegia, Juandeaburreren informazio horren filtraziotik baizik ezin etor litezkeen zenbait daturekin. Gure kazetariei kazetari horrek, Akuilu edo dena delako horrek pasatu zien informazioa... historia honetan nekez enkajatzen den laugarren mailako kazetari ergel bat. Jakina, guretarrek hitz onak esanez kendu zuten gainetik, ezer argitaratu gabe, eta kontuarekin etorri zitzaizkigun. Horrek esan nahi du, antz guztien arabera, zure konfidenteak Akuilu horri pasatu ziola informazioa. Hortaz, orain bi premia dauzkagu; lehena, Akuilurekin profilaxi-operazio bat egitea, eta bestea...

        — Bestea?

        — Esaidazu gauza bat. Benetan dakizu nork daukan liburua?

        — Bai.

        — Orduan, agian komeni liteke soka pixka bat ematea delako horri. Juandeaburrek huts egin du filtrazio-saioan, eta uste izatekoa da berriro saiatuko dela; liburuak datu asko eduki behar zituen: beharrezkoa izango du, berriro ere. Beraz, liburuaren arrastoa segituz gero, Juandeaburre ere aurkituko dugu. Harrapatu egin nahi dugu zerri hori. Gehiago dena, ez dakizu zer nolako gogoa daukagun esku bat lepo gainean jartzeko. Dena den, zeuk baloratu beharko duzu une jakin batean soka ematea edo liburua harrapatzea hobea den.

        — Demagun liburua eskuratzen dudala. Orduan zer?

        — Orduan guri pasa. Astebetean aterako diogu behar den zuku guztia. Gero nahi duzuna egin dezakezu.

        — Guti, Guti, ikusten? —komisarioaren irudia baretasunarena berarena zen— Hitz eginez gero jendeak elkar ulertzen du. Zer dago Vitorinoak ikustera joateko barrera horietaz?

        — Juandeaburre harrapatzen laguntzen bagaituzu, Feria osorako daukazu barrerako abonoa.