Katebegi galdua
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
azala: Gary Kelley
Jon Alonso
1958, Iruñea
 
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1998, saiakera - nobela
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
aurkibidea

Aurkibidea

I kapitulua: Soli Deo Gloria

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

—10—

II kapitulua: Iulius exclusus

—1—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

—10—

III kapitulua: In vino veritas

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

—10—

IV kapitulua: In vino disertus

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

—10—

V kapitulua: Sobria ebrietas

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

Epilogoa

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

Erosi: 11,42
Ebook: 3,63

Aurkibidea

I kapitulua: Soli Deo Gloria

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

—10—

II kapitulua: Iulius exclusus

—1—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

—10—

III kapitulua: In vino veritas

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

—10—

IV kapitulua: In vino disertus

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

—10—

V kapitulua: Sobria ebrietas

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

Epilogoa

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

 

 

—2—

 

Inperioaren garai heroikoagoak ezagutu dituen edonorentzat ez da nobedade handia egungo gobernadore zibilek ez dutela gauza handirik balio. Badira bakar batzuk, eta horiek benetan azpimarragarriak, baina salbuespenak dira. Garai bateko gobernadorerik ergelenak ere bazekien hainbat gauza nola kudeatu behar zen, zenbait afera gobernatzeko —horra hor hitz potolo bat, esanahiaz zamaturikoa— ikuspuntu beharrezkoa zein zen. Eta ikuspuntuaren araberako baliabideak eta bitartekoak erabiltzen zituzten. Egia esan meritu guztia ez zen berea. Bazeukaten Gobernadore behar bezalako baten neurriko gobernatzeko tresneria eraginkorrik, eta, alde horretatik ikusita, ez zitzaien erru guztia gizarajo berri hauei egotzi behar. Lehengo gobernadoreek etxea gobernatzen bazekiten, arraioa, eta oraingoek ez dakite ia ezer gobernatzen, horra paradoxa. Iruditzen zaie nahikoa dela aferarik deigarrienei aurre egitea, prentsarekin ongi gelditzea, terrorismoari buruzko pare bat lehen orri eskaintzea edo eta lau intsumituri egurra emanez gero ongi ari direla, patria bat ilea ongi orraztuta duela egunero eskolara bidaltzea zer zaila den jakin nahi izan gabe. Lau ikastaro txoro egin dituzte eta horrekin uste dute urte luzeetako eskolak ezarririko tradizioa ordezkatzen ahal dutela. Patxada eta gibelik ezean, umemoko bat engainatuko ez luketen hitz larri uste batzuk jaulkitzen dituzte, totelka, lehengo gobernadore zahar horietako batek keinu sotil batez erabakiko zuen egoera bat gainditzekotan. Esku artean dituzten baliabideak —gauzazkoak bezala pertsonazkoak— ez dakite erabiltzen, edo herabe dira erabiltzeko. Joselito eta Belmonte oraingo pase-emaile horietako batekin alderatzea bezalakoxea da. Keinuak, boterearen keinuak, alegia, galdu du larderia, galdu halaber larria. Keinua galtzearekin batera, Estatuaren zentzua, eta Estatuaren zentzuarekin, faktikotasuna. Petroniok ebakera dotorezko praken lerro zuzena haur txiki baten burua ferekatzen ariko bailitzan lisagotu zuen, eta eskerrak, pentsatu zuen, eskerrak oraindik baden faktikotasunaren zentzu garbia, faktikotasunaren sena gordetzen duen jenderik. Bera bezalako jendea, alegia, katebegi soil bat dela jakinagatik eginkizunaren garrantzia bistatik sekula galtzen ez duena. Gobernadorearen lanturuek pazientzia galtzeko puntuan jartzen zuten.

        — Eta esango didazu nola gelditzen naizen ni forentsea, autopsia egiteko unean, gobernadore honen argudiobideei eta eskariei men eginez egiaztagiria gure interesen arabera moldatzeko gertu izan ez balitz. Beharrik!

        Petroniok ahoan zuen puruaren landarezko bihotzari gogotik zurgatu zion, barrez ez hasteko, ke artean nabari bide zitekeen murrika keinua estaltzeaz arduratu gabe. Bere konfidenteetan mendre eta ahulenak ere gizon horrek halako bost balio zuen. Edozein egunetan desagertuko zara nire ikusbegitik, mozolo hori, eta ondoren etorriko den babo ezgauzarekin solas berbera edukiko dut, errezitatu zuen berekiko komisario txiki konkordunak.

        — Beharrik —esan zuen, silaba bakoitza ebakitzean indarra areagotuz—. Beharrik forentsea nire laguna den, adierazi nahi zuen.

        — Hala ere, gauza ez da horrela geldituko. Larre guztia ez da pagotxa, ezta zure gizonentzat ere. Barne-ikerketa bat irekiko dugu —esan zuen Gobernadoreak, alimoak batuz, bestearen lotsagabekeria eten asmoz.

        Barne-ikerketa bat? Egin zezan, nahi bazuen... Beldur gutxi, horrelako bati. Gutierrezek lagunduko lioke Gobernadoreak hori erabakiko balu. Nolabait ere bistan zen Gobernadoreak ez zuela hitz egin Barne Saileko inorekin. Petroniok purua itzali eta esku zurbilarekin haizatu zituen praken marraren gainean pausatutako errautsak. Keinua osatzeko pasatu zena baina denbora gutxiago behar zuen halako kasu batek eskatzen zuen estrategia aldaketari ekiteko. Hasperen luzea bota zuen.

        — Ni ere kezkatuta nago. Are, deitoratu egiten dut gertatutakoa. Sinestazu. Azken finean nik ere huts egin dut. Neukan konfidente onenetakoa zen, uste nuen ez zigula adarrik jo nahi izango. Are, oraindik ezin dut sinetsi nola ausartu zen diru gehiago eskatzera. Badakit, ederki jakin ere, nire mutilek ez dutela lo goxorik egin aste osoan. Eta ez bakarrik letorkeen zigorraren beldur. Bestalde, lehen ere esan dizut istripu bat izan zela. Borrokalekuaren lehen lerroan egotea ez da erraza, hala ere, eta bertatik gauzak beste ikuspegiaz ikusten dira. Arratoi amorratua legez eraso zigun. Mutilek erregelamenduaren arabera jokatu zuten denbora guztian, hori hala da, nire hitza daukazu. Garai latzak dira. Gure lana ez da sekula erraza izan, baina egun inoiz baino zailagoa da. Presiopean aritzen gara. Gainera, ez da komeni ahaztea gure gizonen morala hauskorra dela, hauskor egin dutela, hobe esan, eta gure jendearen artean egoneza eta kezka sakona dela nagusi —diskurtsoan aurrera ahala lehengo tonu barkamen eskalea mehatxukor bihurtzen zen, silabaz silaba—. Baliabide urriak ditugu. Jendez ere ez gabiltza luze. Esan daiteke egunean hogeita lau ordu eta astean zazpi egun ari garela, burubelarri. Gogorarazi behar al dizut, gainera, azken hiru hilabeteetan ez dutela agindutako diruaz pezeta bat bera ere ikusi? Gure ahulezia euren indarra da, hori ere gogorarazi behar al dizut? —azkenerako bibotedunaren hitz zakarretan zemai agerikoa gailendu zitzaion mehatxu lausoari.

        Orain Gobernadorea zen hasperenka ari zena. Etsi aurreko hasperena. Etsia oihuz mozorrotu zuela, bakarrik.

        — Konforme, baina gogora ezazu. Liburua! —garraxika, Gobernadorea—. Liburua nahi dut nire mahai gainean, astebetean! —oihuek komisarioaren aurpegian eragiten zuten efektua ikertu zuen, baina Petronio puruaren ke-ekranaren atzean ezkutaturiko mamua zen—. Jainkoarren, komisario! Juandeaburreren jauretxean sartu behar izatearena nahikoa txandrio bazen. Eta hori gutxi balitz bezala, orain hau!

        — Autopsia ongi dago. Kazetariak mutu. Inork ez du txintik ere atera. Ez da ezer gertatu. Zergatik larritzen zara? —komisarioak ez zekien zer ateratzenago zuen gehiago bere onetatik, Gobernadoreak alfonbra bat bailitzan hartzen zuela ikusteak edo beronen gaitasun falta zenbaterainokoa zen egiaztatzeak.

        Gobernadorea nerbioen preso zegoen; larderia garrasiarekin konfunditzen zuen, eta ukabil bat astindu zuen Petronioren sudur azpian, horrek ezer konponduko bailuen:

        — Komisario, Kultur Ministroari agindu diot bi astetan liburua edukiko duela. Ez nauzu ipurdia agerian utziko, ezta!?

        Hitzek mehatxua eta erreguaren artean egiten zuten igeri. Petroniok irri egin zuen bere baitan, baina aurpegia aldatu gabe. Bere baitan osatu nahi zuen puzzlearen beste pieza bat. Beraz, Gobernadoreak, liburuaren berri eduki ez ezik, berarentzat nahi zuen, baita ere. Piezak errepasatu zituen: Gutierrezek azaldu zionez, Barne Ministerioak ez zuen Gobernadorea horretaz informatu. Hortaz, informazioa Kulturatik zetorkiola ateratzea ondoriotzat erraza zen. Are, jauretxeko lapurreta Kultur Ministroak aginduta izatea oso litekeena zen, beraz. Gobernadorea zein gizon ahul, zein menderagarri zen argi ikusi ahal izan zuen; informazioa doan ematen ibiltzea, bere burua salatzen horrela ibiltzea... Eta jo eta dale liburuarekin. Hori besterik ez bazen... Egia esan, Petroniok On Kixote-ren ondoren idatziriko guztiari hutsala irizten zion, eta ez On Kixote sekula irakurri zuelako, baizik eta bazekielako hainbat unetan koartada ezin aproposagoa zitzaiola, eta ez zuen konprenitzen paper zahar horiek sorrarazitako iskanbila. Hor konpon. Paperzaleak higuin zituen.

        — Edukiko duzu. Putakume horrek ez zuen lagun askorik, eta bakarra ere ez kontrolatzen ez dugunik. Denbora kontua baino ez da —ez zuen Gutierrezekin harturiko konpromezua ahazten, haatik. Une hartan denbora irabaztea iruditu zitzaiola zuhurrena, bakarrik.

        — Horren lagunak zure jendea kontrolatzen duzun bezala kontrolatzen badituzu, gureak egin du. Hurrengoan ez zarete onik aterako. Halako beste bat eta etxean zaudete konturatu orduko.

        Komisarioak ez zuen ezer esan, eta plazako sastrerik onenak egindako jakaren oihala poliki lo datzan haurtxoa balitz bezala ferekatuz atera zen bulegotik.

        Mila bider ikusita zeukan barreratik. Zezena zaldiari doakionean usuen. Pikadoreak lanari ekin eta jendea txistuka. Orduan toreroak esku batez pikadoreari zigor gehiago ez emateko eskatzen dio. Publiko txistukariari eginiko keinua da, keinua egitearekin batera ahopetik «emaiok, emaiok fuerte» esan ohi baitio zaldizkoari, burdina gehiago eske, halako moldez non, azkenik, pikadoreak, toreroaren eskua dantzan ikusten duen aldioro, fuerteago ematen baitio zezenari. Ikuskizunak oro behar ditu heroiak eta bilauak. Nork bereari eustea eta egoera menderatzen dakiena baino ez da behar. Hala bera Kubiburuarekin. «Baina benetan usteko al du Kubiburua txiza egitera joaten ausartzen dela niri baimenik eskatu gabe?!», pentsatu zuen, «zinez usteko al du inkontrolatu andana baizik ez garela?». Petroniok erabaki zuen inor, ez eta Gobernadore mozolo hori, ezin zitekeela horren mozolo izan, eta hurrengoan kontu handiagoz ibiliko zela deliberatu. Horixe baitzen bere arazoetako bat, izan ere: inoren fede onean ezin sinetsia. Hortik egia-nahiak sorrarazten zizkion egoneza eta susmoa. Nahiz eta, inoren fede onean ez sinetsi horretan, hamarretik bederatzian asmatu egiten zuen.