Katebegi galdua
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
azala: Gary Kelley
Jon Alonso
1958, Iruñea
 
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1998, saiakera - nobela
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
aurkibidea

Aurkibidea

I kapitulua: Soli Deo Gloria

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

—10—

II kapitulua: Iulius exclusus

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

—10—

III kapitulua: In vino veritas

—1—

—2—

—3—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

—10—

IV kapitulua: In vino disertus

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

—10—

V kapitulua: Sobria ebrietas

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

Epilogoa

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

Erosi: 11,42
Ebook: 3,63

Aurkibidea

I kapitulua: Soli Deo Gloria

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

—10—

II kapitulua: Iulius exclusus

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

—10—

III kapitulua: In vino veritas

—1—

—2—

—3—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

—10—

IV kapitulua: In vino disertus

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

—10—

V kapitulua: Sobria ebrietas

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

Epilogoa

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

 

 

—4—

 

— Zu ez zara askoren arteko beste bat baizik.

        Karrika satsuok osatzen zuten amarauna tolesgabeegi zen benetako labirintoa osatzeko baina bihurriegi irtenbidea aldenik alde zabaldurik uzteko. Gardenegi inor benetan galtzeko, baina aukeradun galdu nahi zuenarentzat. Gorputz lausoen harat-honatek su beltzezko mihia osatzen zuten, altzairuzko musikak eta argi-printzak txistuka botatzen zituzten ahoetatik antzeko ahoetara higitzen zen petroliozko marea, gaueko itsasbidea oraindik deliberatu ez duen gai magmatikoa, botila kraskatuen hotsez eta gernu usainaz ehundutakoa. Ezak Claptonen beraren egungo irudi ajetua eta berea ez zirela oso ezberdinak uste nahi izatean bilatu zituen gerrilari zalapartatsu haiei aurre egiteko kontsuelo eta adore beharrezkoak. Baina Claptonen seme-alabek —hil zena ez beste gainerako guztiak han bide zeuden— ez zioten kasu handirik egingo; kezkatuago zeudelako zirri egiteaz, edateaz, pixatzeaz; oihukatzeaz, musua emateaz, dantzatzeaz, mintzatzeaz. Ez zioten kasurik egingo baldin eta bera ez bazen beraiekin sartzen, beste mundu bateko izaki arraroaren papera egitearekin konformatzen bazen, alegia, aitona mutu segitzekotan. Gainerakoan oldartu egingo zitzaizkion; are eta gehiago Claptonen antzeko itxura ajetua edukitzeagatik, hain zuzen ere, zeren Claptonen seme-alaba horiek gainerako guztiak bezalakoak ziren, eta aitari gorroto edukitzearen kirol osasungarria praktikatzen baitzuten, gehienek bezala. Margotek zerbeza nahi zuen eta Ezak bi eskatu zituen. Zerbeza eduki izandako metalezko upel hustu banatan eseri ziren, hurbilekoetan maitasun fisikoaren bideak esploratzen hasia zen bikoteari bizkarra emanez, Whitesnake taldeko kantariaren ahots mila bider ozenagotuak norberaren ahotsaren posibilitate guztiak erabiltzera behartzen zituela.

        — Ez zara beste bat askoren artean; nire kalkuluen arabera, kontatzeko neukan historia entzun nahiko zuketen guztien atzetik ibili naiz. Elkartasun Guztien Gurasoen elkartera joan nintzen lehen. Damurik, berandu iritsi omen nintzen elkartasun banaketara; niretzat ez zitzaien gelditzen, nonbait. Pasa zait haserrea, haatik. Aitzitik, erruki diet. Gixajoak; norberak bizkarrean eraman dezakeena baino gurutze handiagoa eramatea bezalako kondena latzik ez dago.

        Ezak Margoten goardia pretoriarra osatzen zuten bi mutilak ikusi zituen, halabehar hutsez han egokitu zirelako plantan, zulo haren beste puntako zokoan; ozta-ozta entzuten zituen neskaren hitzak, eta aditu nahiak burua apalarazten zuen, eta burua apaltzen zuen bakoitzean sudurra neskaren bi bular erronkarietatik zentimetro gutxitara gelditzen zitzaion. Orduan zirrara estrainio batek atzerarazten zuen buru apaldua, eta neskaren larruzko bota beltz zaharkituei begira gelditzen zen, bota txiroak eranzteko tentazioari eutsiz, bota zarpatsu haien azpian erreginaren oinak susmatzen baitzituen. Buru apalduaren joan-etorri guztiarekin, ordea, Margoten hitzen erdiak galtzen zituen.

        — Liburuaz ez nuen ezer ere ulertzen. Gero anonimoak igortzeko baliatu transkripzio txar batzuk egitea ere nahikoa lan. Ikaragarri dakitela aditzera ematen duten hainbat ezagunengana joan, disimuloz, gauza handirik erakutsi edo esan gabe, eta ez zutela puta ideiarik laster ikusi nuen. Zenbait alderdi politikoren atean ere jo nuen, baina dejeneratu horiek are eta jaramon gutxiago egin zidaten. Aspertu nintzen hemendik hara eta handik honako joan-etorrietan. Bestalde, laster konturatu nintzen nire zelatan zeudela; ez nuen denbora askorik. Kazetariengana joan behar nuen, eta kazetariekin harremanik lortu nahi izanez gero Akuiluren atakatik pasatzea zen biderik zuzenena. Ez nuen batere gogorik, baina etxea miatu zidaten egunean izutu nintzen. Akuilu... Berarekin ditudan harremanak ez dira, nola esango nuke, errazak. Gogo handirik gabe izanik ere, berarekin mintzatu nintzen, eta hasieran antzarak ferratzera bidali ninduen, horrek ere. Zerbait bazekiela zirudien, edo zekielakoa egiten ari zen, ze hori da beste bat, hura betidanik bat izan eta bi uste, besteek baino gehiago dakiela erakustea da horren zaletasunik handiena. Gero elkarrekin egon ginen, berriro ere. Ipuin arraro samar batzuk kontatu zizkidan, eta egia esatera, ez nion jaramon handirik egin. Mintzatzeko duen era bitxi horretara ohitua egonagatik ez nion esaten zuenaren erdia behar bezala ulertu, urduri zegoen arras. Juandeaburre Fundazioan zerbait gertatzen ari zela uste zuela ulertu ahal izan nion. Lehen ere esan dizut, gure harremanak ez dira errazak. Oraindik ere amorante ohiaren sindromeak jota dagoela esango nuke. Amorante ohiaren sindromea, zeinaren pean agindutako parabisu guztiak infernu bilakatzen diren. Erotuta gaude, ez duzu uste?

        — Akuilu eta zu, erotuta?

        — Gizon-emakumeak, bikoteak, arraioa! —erantzun zion, ezer ulertzeko dorpeegia zen bati ari bailitzaion.

        Boten gorako bluyin pitzatuek ez zuten laguntzen neskaren bilau antza ezabatzen. Kanpoko edergailuez itsutu ohi den begirale azaleko batek ez zion segundu bat baino gehiago erreparatuko, baina Ezak, bere buru apalduaren aurrera-atzera horietako batean bluyin pitzatuen azpian hanka indartsu, lerden eta zuzenak ezkutatzen zirela ez zuen zalantzan jarri. Lekuak ez zuen berriketarako baldintza gutxienekorik eskaintzen, eta entzun nahi izateak eragiten zizkion gorputz-bihurraldiek, Margoten anatomiaranzko gehiegizko hurbilketak eragin ez ezik, jarrera benetan deserosoetara eramaten zuten, eta horrela, adibidez, bazen denbora puska bat upel metalikoaren ertza ilkatzen zitzaiola ipur-konkorrean. Beste nonbaitera joateko proposamena egitera zihoanean kanpoan idolaz ari zela konturatu eta barrara zuzendu zen, beste bi zerbezaren bila. Pretoriarrek zeharkako soakoak botatzen zituzten noizbehinka, asperturik egonagatik ez zutela zaintze lana alde batera utziko erakusten zuen temarekin. Upela metalikoetako bikote auzoak zirrika segitzen zuen. «Hogei urte barru —pentsatu zuen Ezak— goiz batez altxatuko dira, ametsik gabeko gau baten ondoren, zerua hodeiez beterik dagoela ikusiko dute eta konturatuko dira, hunkiturik, elkarrekin edo beste batekin egonagatik, metalezko upel hauetan pasatu dituztela euren maitasun bizitzaren zatirik ederrenak».

        — Zertarako aldatu. Hemen ongi gaude —jakinarazi zuen Margotek, eserleku hartan, malgutasun harrigarri bati esker halako gorputz-jarrera erosoa hartua bide zeukana—. Dena den, Akuiluk esan zidanean Marcelo torturatu eta hil egin zutela, larritu, asaldatu, eskandalizatu nintzen. Marcelo putakume hutsa zen, baina inork ez du horrelakorik merezi. Hori oso Akuilurena da: «Lasai, morroi hau zuritu dinate tormentuan baina hiri ez zain ezer gertatuko, hago lasai». Txarrena da tormentuarena sinetsi egin niola, eta ez berak esaten zidalako bakarrik, baizik eta Marcelo ikusi nuen azken aldian benetan akojonatuta zegoela konturatu nintzelako. Esan eta guzti egiten zuen zerbait gertatu behar zitzaiola. Irratira etorri zitzaidan, hil baino pare bat egun lehenago, kartoizko kaja batean bildua utzi zidan; hil zutela jakin nuen arte ez nuen barruan begiratu, eta hala ere hasieran ez nintzen konturatu zer zen.

        — Eta zer da?

        — Arraioa! Liburu bat, horra zer den! Liburu zahar bat! Inprenta bera baino zaharrago! —haserretu zen Margot— Nola nahi duzu nik jakitea zer den? Esan ez dut ba ez dudala tutik ere ulertzen? Zuk ere adarra jo nahi didazu?

        — Esan nahi dut nik ere ez dakidala zer den, besterik ez. Gainera zu zara laguntza eske aritu dena.

        — Beharko. Ez nekien zer egin. Jakin nuen Juandeaburre Fundazioan tipo berri bat zebilela lanean, zu, alegia. Hasieran Fundazioan lan egiteagatik beragatik ez nuen uste fidatzeko modukoa izango zinenik, baina galdetu han eta hemen eta horrela jakin nuen zure berri: korrespontsal zaildua, makina bat gerratan eta istilutan, Vietnamekoetan ere barne, ibilia. Ez dakit jakingo duzun baino ez duzu omen txarra bazterrotan. Fundazioan ari bazinen, lehen edo beranduago liburuaz eta hango gorabeheraz zerbait jakingo zenuela pentsatu nuen. Hortaz, arrisku hori hartu nuen nire gain; zeri edo nori heldurik ere ez nuen eta. Anonimoen asuntua bururatu zitzaidan; ez da oso bide zuzena eta ohikoa, baina honezkero daukadan eskarmentuarekin modurik onena iruditu zitzaidan. Zer egin behar nuen, bestela? Halako egun batean zure etxean azaldu eta asuntua kontatzen hasi? Txepeltzat hartuko ninduzun, gainerakoek bezala. Une egokian iritsi zara, hori ezin da ukatu. Nola aurkitu nauzu?

        — Irratia piztuta lan egiten dut. Eta leku hau oso txikia da. Non dago liburua orain?

        Margot altxatu egin zen, zalu, eta Ezak ezinbestean miretsi behar izan zuen katu mugikera hori, aurpegi horrek islatzen zuen erabaki irmoak nola aldarazten zituen begiak, ezpainen zabalera eta, orokorrean, elementu guztien elkarren arteko harremana, espresioa felino bilakarazten zuena. Upeletako amorante beroak ateratzeko prest omen zeuden, eta gazte pretoriarrak ere aterantz jotzen ari ziren, kale kantoi batetik ikusi ahal izateko Margoten atzetik ibiltze horrekin segituz, hurrengo tragoa non jo beharko zuten.

        — Esan dizut ez zarela beste bat askoren artean baizik, eta lehenengo gauean dena eskatzen ari zara?

        — Ez zara fio? Bada, Bassinger eta Rourke-ren arteko hartan lehen gauean ematen zioten dena elkarri.

        — Konfiantza, amildegirik handiena. Irakurri nuen liburu batean ateratzen zen. Non fida, han gal, alegia. Baina nik uste nuen Guttenberg aski zitzaizula.

        — Eta nik ez zenuela libururik oso-osorik sekula irakurtzen.