Katebegi galdua
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
azala: Gary Kelley
Jon Alonso
1958, Iruñea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1998, saiakera - nobela
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
aurkibidea
 

 

—6—

 

— Zer da hau!!??

        — 1936ko uztailak 19ko Euskaleko erremonte-egitaraua. Bitxikeria historikoa da. Zalea naizen aldetik, altxor txiki bat. Partidua suspenditu egin zen, bistan da. Kaliko la-zelai hartan ez zegoen erremonterako giro.

        Egozkueren erantzunetan ez zegoen ageriko trufarik. Anfitrioi ongi hezitako baten modu txukun eta amultsuan mintzatzen zen, honek Petronio komisarioaren porrotaren koloreak biziagotzen zituelarik.

        — Eta hau!? —gomatxo batez bildutako gutunazalak ziren.

        — Nire aurrezki-kontuaren urteko eragiketak. Ikus saldoa: 54.098 pezeta.

        — Eta hau?

        — Nire otoitz liburua.

        Petroniok begiratzen zion hatz nikotinak horituen artean oraindik zerabilen kalibre luzeko pistolari. Azken minutuan garatutako ahalegin alimale bati esker, kanpoko itxuran lasai agertzen zen, hain lasai ezen astakeriaren bat egitera gertu legokeela sinets baitzitekeen. Kutxa blindatuan bildutako paperak huskeria baino ez ziren; une batez pistola altxatu zuen bularraren parera, indarrik gabe, bestela bezala, tiro egiteko prest balego legez eta berdin bailitzaion bala nora joan zitekeen, inoren buruaz beste egitearen zozketa makabroa egiten ariko bailitzan, bere burua ere zozketa barne zegoela, jakina. Are polikiago igo zuen pistola belarrien altueraraino, adar hauskor batetik eskegitako aran makabro baten antzera. Kainoiak printza azul-moreak distiratu zituen Petroniok, ero-begiez, hiltzeko tresna horren sistemaren bat martxan jarriko zuela nabarmen gelditu zen unean. Petroniok zerbait sakatu, klikada bat entzun eta kargadorea bere ezker eskuaren ahurrean erori zen. Kargadorea poltsikoratu zuen, ondoren.

        — Goazen.

        Polizia klase anitzeko haien gibeleratzea derrotaturik anabasan doan edozein gudarosteren antzekoa zen: azkarra, diziplina barik eta atzean uzten zituzten hilotzei erreparatu gabea. Jeep-etara igotzen ziren presaka, atzean zer uzten zuten gehiegi zaindu gabe; eta hala, izan zen kasua ezen numero batek bere kapelua ahantzi zuela barreiaturiko edotariko objektuen artean, eta erdi harriturik erdi libertiturik, bere miserien artean trofeoa aurkitutako fraile batek erakutsi egiten ziela triskantzak konpontzen afanatzen ziren dozena fraileri: Hispano-Olivetti bat!

        — Gaur bi aldiz egon zara bizitza galtzeko arriskuan —zioen Ezak—. Bigarrena, komisarioa pistola-joko horiek egiten hasi denean.

        — Eta lehena?

        — Nik neronek estrangulatu nahi izan zaitudanean, kutxako giltza eman diozunean —Egozkue barrez zegoen Ezak esaldia bukatu baino lehen.

        — Non arraio paratu duzu?

        — Esan dut lehenago: komentuko tokirik seguruenean.

        — Irakurri duzu?

        — Bai.

        — Eta?

        Egozkueren aurpegia, emozio bortitz baten ondorioz edo, eraldatu egin zen, eta serio jarri, Ezak ordurarte sekula ikusi baino serioago, lurrez gaindiko zerbaiten berri emateko tenore zailean zegoela zirudiela. Hasperen luzea egin zuen.

        — Hirurogeita zazpi urte ditut. Ez dut mundu honetan luze iraungo. Ez ditut halako inpresio lauso batzuk baizik gorde nire haurtzaroaz. Inoiz maite izandako jendearen aurpegiak nahasi egiten zaizkit, aita eta ama zirenak, osabak, izebak, anai-arrebak, lagunak, ikaskideak... gehienak joan egin dira; askotan ez ditut aurpegiak gogoratzen, eta haien oroimena umore, jario, ibai bihurtu zait barrenetan, arimaren txoko ezkuturen batean. Neuzkan ilusio gehienak erdizka bete ditut, eta beste erdiak frustrazioak dira; bizitzak ekarri nau komentu honetara, eta, Jaungoikoak lagun, hemen emango dut azken hatsa. Fedeak lagunduko dit azken txanpari ekiteko unean, lagunduko dit, lagundu beharko dit. Gaixotasunaren aurrean. Zaharreriaren sufrikarioaren aurrean. Lagundu beharko dit. Fedea noski da bizitzaren justifikaziorik erabatekoena, kristau batentzat; baina gizona beti gizon, saskipetik ere: ahula, mendrea, ezgauza... Santuenak ere bere ahulaldiak ditu, bere alde ilunak, bere amildegi hondogabeak... Eta une horietan, santuenarenean ere, zalantzak bazterrak harrapatzen ditu, etsipenaren koloreek ez diote berdeari tokirik lagatzen, eta mila galdera ernetzen dira, fede ahul horrek ezin izaten dituelarik horiek denak erantzun... Eta, guztien gainetik, azken galdera sortzen da: pena merezi izan du, benetan? Bada, nik, aurreko egunetik aurrera, liburu hori zure eskutik jaso eta irakurri nuen egunetik, ozenki erantzun dezaket: bai, pena merezi izan du... Prosa leun eta dotorez gizon gazte batek idatziriko liburu sintzeroa da, nortasun sutsu eta bizkor baten erakusgarri, herkide kementsu eta gutxi bezalako baten ideia ematen duena. Susmatu bezala, euskal hugonote bat da, kalbinista, herexe bat, katolikoek lapurtua, oinperatua, engainatua, laidotua sentitzen dena. Jaungoikoaren maitasunaz, kleroaren orduko ustelkeria Gauza Guztien Kreatzailearen aurkako iraintzat hartzen duena. Ikasi egin duen gizon kultua da, munduaren berri badakiena, letraren eta kulturaren bidez lagundu nahi diena armaz ari diren bere sendikoei, bereganatu ahal izan duen kultura luzeak eta pribilejiatuak haiei ere onuraren bat ekarri behar dielakoan. Eta, horren kariaz, sekulako karga, erlijiosoa ez ezik politikoa, duen liburua idatzi zizun. Liburu antologikoa, euskal moderniaren oinarria osatzera deitua behar zukeena, ezbairik gabe. Gure kultura, gure historia, gure herriaren katebegi galdua. Liburu historikoa, euskal literaturak sekula santan ekoiztu duen libururik garrantzizkoena, guk geuk geure buruaz daukagun iritzia errotik aldatzera deiturikoa. Euskal Herriak ere munduaren ikuspegi modernoari irekitzen zioten garai haietako haizeak edan nahi izan zituela behin-be tiko demostratzen duena. Euskaldunez egin, idatzi eta barreiatu diren topiko txar guztiak —letrarik gabeak, basatiak, zakarrak— kolpe batez ezabatzen dituena. Mapa politikoan ordurarte zeukan tokia galdu ondoren herri hau deserri bihurtu zela zailtasun askorik gabe itsuenari erakusten diona. Baina hau ez da harrigarriena, zeren, batak bestearekin, askok pentsatu baitugu lehen edo beranduago horrelakoren batek azaldu behar zuela bazterrotan. Harrigarriagoa da ordea, nork idatzirik den jakin ahal izatea. Harrigarriagoa eta, era berean, poliki pentsatzen denean guztiz logikoa. Bai, poliki pentsatzen denean liburu horrek, garai horretan, egile bakarra baino ezin zuelako izan errekako ura bezain gardena da; bost mendetako propaganda txarrak itsutu ditu zoli genituen begiak. Eta agerikoa behar zuena harrigarri bilakatu gure adimen maskalduarentzat. Adiskide, hau ikasgai izugarria izan da niretzat. Aditua, jakintsua nintzelakoan, eta ez naiz haur sano batek erraz ikusiko lukeena ikusteko gauza izan. Aitortu beharra daukat: ez naiz inor, ez naiz ezer.

        Hizketan egin bitartean, komentuko ateraino iritsiak ziren, azken jeep-a errepideko lehen bihurgunetik nola desagertzen zen ikusteko unean. Egozkuek Eza hermano atezainaren zulora bideratu zuen, esku-gonbidapen batez.

        — Nork idatzi zuen, bada?

        — Jainkoarena ez izan arren, begiramen handiegia diot nik izen horri ahotan nolanahi hartzeko. Asmakizun baten bidez adieraziko dizut, zerorrek asma dezazun... Baina non arraio sartu da hermanoa? —artean atezainaren zuloan zeuden— Benetan beharrezkoa denean ez da sekula azaltzen.

        — Nork idatzi zuen?

        — Poliki, adiskide, poliki. Gauzak banan-banan... Ez al duzu esan lehen non ezkutatu dudan jakin nahi zenuela? Tira, bada...

        Hermano atezainaren zuloko apalategi txikia nahasia zegoen, inoiz baino gehiago, beharbada. Aldizkari entsalada bat bazegoen, non Marca, El Mundo Deportivo, Quiz, Penthouse, Playboy eta El Jueves aldizkarietako ale ugari ikusten baitziren. Egozkuek eskua sartu eta lehen aldizkari-geruza hori zeharkatu zuen. Azpikoa intelektualagoa zen, Estefaniaren nobela mila eskutatik pasatuak eta Gorila-ren tebeoak erruz baitzeuden. Argitalpen kaos horren azpi-azpitik Egozkuek azalak gorrixkak zituen liburu txiki eta zahar bat atera zuen, garailearen irribarreaz.

        — Esan dut, bada. Komentuko tokirik seguruena —eta Ezak liburua harrapatu nahi zuela ikusirik, berau erretiratuz eta esku bat altxatuaz—. Eta orain asmakizuna —liburuxka eskuinaren ahurrean zeukan, eta ezkerra gainean pausatzen zuen, fereka egiten ariko bailitzaion—. Oraintxetik aurrera katebegia dela adierazten dizudan liburu honek aitzin-solasa dauka, zeinean kontatzen baita nolakoak izan ziren argitara eman ahal izateko gorabeherak. Eta kontatzen da, adibidez, Parisen inprimatua dela, 1530 urtean, eta Francisco I Frantziako Erregearen etxeko inprimatzaile nagusia zen Geoffrey Tory-ren etxean imprimatua dela, eta zalantza zein beldur handiak izan zirela argitara eman baino lehen, bere edukia zela kausa, are, Francisco I Erregeak ez zukeela inprimatzeko baimena emango bere arreba Margaritak, aipatu behar ez dizudan beste Erresuma bateko Erregina berau, bere buruari egindako mesede bailitzan eskatu ez balio, egilea baitzen bere menekoa eta Erresumako senitarte nobleenetako baten semea...

        Ezak ahoa idortua, lerderik gabe zeukan.

        — Azpilkueta?

        — Ez noski. Azpilkuetakoa Erromara emana zegoen. Gure egilea baino zaharragoa izaki, gainera.

        — Orduan?

        — Esango diat orduko familien berri. Inportanteenak, baina. Edozeinek ezin izango zuen semea Parisa ikastera bidali, garai haietan. Bakarren batzuk bai. Nortzuk? Errepasatu ezazu nomina: Azpilkuetarrak, Belzunegitarrak, Garrotarrak, Ollokitarrak, Jasotarrak...

        — Jasotarrak!!??

        — Bada Jasotar bat, Parisen ikas...

        Ezak ez zion esaldia bukatzen utzi. Zorabioak jota zegoen.

        — Ez! Ez liteke! Esaidazu harpa joka ari zarela!

        — Benetan ari naiz

        Horrena!? —bazirudien Eza bera ere ez zela izena ahotan hartzen ausartzen—. Baina, ongi ulertu badut, bederen, baina, ondoren gertatu zen guztiarekin, egin zuen guztiarekin —protesta modukoa zen Ezarena—. Nork eta horrek! Ez liteke! Okerren bat egon behar du...

        — Ez dago okerrik. Eza, adiskide, ulertzen dut zure ezin sinetsia, baina beharbada ez da hain harrigarria, alderantziz, xehetasun guztiak bere tokian txertatzen dira... Zer diote protestanteek bere misio-lanari buruz? Axalekoa izan zela, XIX. mendeko misiolariek Japon eta Txinan misio suntsituak baizik ez zituztela aurkitu, bere misio-lanak ez zuela sekula eduki eskrituren oinarria, abenturazalea zela santu baino areago... fedekide despetxatu bat baizik mintza ezin daitekeen moduan mintzatzen dira. Bestalde, nork uka dezake Ekialde Urrunera joateko arrazoi nahikoa izan zuela? Izan ere, nork irakur dezake humanoen arimaren hondoan, azken motibazioak, azken nahi ezkutuenen berri jakin ahal izateko? Amonasro, etiopiarren errege bera da Aida, bere alaba, txantajeatu nahi duena Radamés bere maitalea traiziona dezan, bere klasekoen interesen alde; esan nahi dut: zer ez zuen egingo seme prestu batek bere familiak, gerra bat galdu berria, ohorea, lurrak, ondasunak eta omen ona berreskura zitzan? Ez al zen lehen hartutako bideak, bestek okertutzat jotzerakoan, gogo gehiagoz edo gutxiagoz, zuzentzeko gertu, prezio horretan bere sendia lehengo egoerara itzultzea lortzen bazuen? Zer geldituko zen, orduan, Europa osoan berea bezalako izpiritu zohardi eta suharra erakarriko zuenik? Zer geldituko, ustelkeria intelektualaren aurkako borroka galdu duen batentzat, erdeinua eta iraina besterik? Ez al zuen duinago kausituko fede eta helburu berriak besarkatzea bazterrotan bil litzakeen trufak eta laidoak jasatea baino? Eta, bestalde —finitu zuen Egozkuek, naturaltasun osoz—, gauza jakina da behin erretzeari utziz gero, erretzaile ohiak, damutuak, direla tabakoaren aurkako gurutzada bortitzenak eta intransijenteenak bultzatzen dituztenak...

        Ezaren irria apal jaio zen ezpainen ertzean, in crescendo joan, eta minutu batera karkailak Aitorgoitiaren inguruko pagadi guztian entzuten ziren.