Katebegi galdua
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
azala: Gary Kelley
Jon Alonso
1958, Iruñea
 
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1998, saiakera - nobela
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
aurkibidea

Aurkibidea

I kapitulua: Soli Deo Gloria

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

—10—

II kapitulua: Iulius exclusus

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

—10—

III kapitulua: In vino veritas

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

—10—

IV kapitulua: In vino disertus

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

—10—

V kapitulua: Sobria ebrietas

—1—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

Epilogoa

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

Erosi: 11,42
Ebook: 3,63

Aurkibidea

I kapitulua: Soli Deo Gloria

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

—10—

II kapitulua: Iulius exclusus

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

—10—

III kapitulua: In vino veritas

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

—10—

IV kapitulua: In vino disertus

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

—10—

V kapitulua: Sobria ebrietas

—1—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

Epilogoa

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

 

 

—2—

 

Goiz hartan Ezak eskatu zion Margoti, bat-batean, alferrikako kortesiarik gabe, deblauki, ia inolako diosalik egin baino lehen eta zakarkeriarik gabe, haatik, liburua zegoen tokira eraman zezan. Bizkarrean sentitzen zuen oinazeak eta begi hanpatua morez tindatzen zuen ubeldurak gauzak hainbesteko berezkotasunez egiteko baimena ematen ziotela iruditu zitzaion. Konturatzen zen zazpi orduz seko, ohol bat bezala baina, lo igaro arren oraindik akiturik zegoela, eta egarri; haren aldamenean neska fresko zegoela ikusten zuen, ezer gertatu ez bailitzaion, edo, harrigarriagoa zena, gertatutakoarekin gozatzen ari bailitzan. Margoten erantzuna ura pitzerretik beretik edaten ari zelarik iritsi zitzaion, eta ia edozer entzuteko gertu egonagatik arrapostua pittin bat ezustekoa gertatu zitzaion, ur tanto pare bat, besterik ez, kontrako eztarritik joateko modukoa; bainujantzirik ote zuen galdetuz erantzun baitzion.

        — Bainujantzirik?

        Oraindik ez zen hasia hondartzara joateko sasoia. Edonola ere, bainujantzirik ote zuen galdetu zion bere buruari; bazituen hiru praka, bi alkandora —horietako bana behar bezala lisatuak, aukerak hala eskatzen zuenean erabiltzekoak—, bizpahiru kamiseta, dozenerdi bat galtzontzilo, bi jertse eta txamarra bat. Bi pare zapata, bi argazki-makina, pelikula ugari, fotometroa, tripodea, argazkiak errebelatzeko laboratorioko gauzak, dozena pare bat liburu, bi koaderno, hiru arkatz eta boligrafo bat; bazituen, halaber, bizarra egiteko apar-potea, zortzi bat bizarra egitekoak, erabili eta botatzekoak, after shave-a, jaboi pastila, hiru toaila, argazkiz beteriko lau karpeta, periodiko zahar batzuk, Havana botila, plater zikin batzuk, hiru lapiko, lixiba egiteko produktu kimiko batzuk, irrati eta telebista zahar bana, altzariak, brikolajekoak batzuk eta pitzatuak bestetzuk, landare handi bat, pakete bat zerbeza eta ertzak herdoildutako mortadela-xerrak hozkailuan. Eta telefonoa, noski. Ez zuen bainujantzirik, hortaz, eta halaxe jakinarazi zion:

        — Ez.

        Margotek tinko egin zion so buruz inbentarioa osatzen ari zen bitartean, eta larru lehorreko zimurrez harantza txikitan izan zen ume bihurriaren karantza susmatu ahal izanagatik, aguretu ondorengo hazpegiak nolakoak litezkeen erraz irudikatzen ahal zena zela otu zitzaion. Horrek samurtasuna deitzen den gai urri horrekin zerikusirik izan ote zezakeen pentsatzetik eman zion, eta irri alaia bota zuen.

        — Goazen. Bainujantzia erosiko diagu. Jakingo duk igerian, ezta?

        — Weismuller bezain ona naiz, ia.

        — Weismuller?

        — Tarzan.

        — Edgar Rice Burroughs, hortaz.

        — Ez gaitezen has.

        Kotxean abiatu ziren dendara. Margotek bainujantzi loredun bat aukeratu zion, munduko parte honetan bide zeuden itsusi eta deigarrienekin lehia aise egiten ahalko zuena, Ezaren aburuz, eta erosketak iraun denbora guztian neskak igeri egitearen bentajak kantatu zizkion. Margotek berak astean behin edo bitan, batzuetan, egiten zuen kirola zen. Bizkarrezurrerako ona, oso ona, halaber hezurreriarako, odol-zirkulaziorako zer esanik ez, estresaren aurka aparta eta giharretako tonua mantentzeko ikaragarria. Ditiak belaunetara eror ez zitezen ere oso ariketa komenigarria omen zen, nahiz horrek Ezarentzat garrantzi apartekorik ez eduki. Edo ez berarentzat zuen maila bereko garrantzia, bederen. Kotxean sartu ziren berriro ere.

        — Eta orain nora goaz?

        — Piszinara, jakina. Baina ez zuzenean, badaezpada.

        Margotek adierazten zion Ezari nondik gidatu kotxea, eta ordu erdiko itzuli luze bat eginda, inor ez zeukatela atzetik erabaki zutenean, udal piszinarantz hartu zuten. Itzulia ez zitzaion aspergarri gertatu Ezari, Margotek, denbora guztian, kirol instalazioen berri zehatza eman baitzion, publikotasunaren alde agertuz klub pribatuen kirol-politikarekiko alternatiba gisa, ia egiazko udal-egitaraua osatzeraino. Neskak ez zuen ironia ezkutatzen. Eza hurrengo hauteskundeetan alkaterako aurkez zedin proposatzeko puntuan zegoenean, piszinara iritsi ziren. Laster ikusi ahal izan zuen Ezak egia behar zuela astean bizpahiru aldiz joaten zenekoak, denek, atezainarengandik hasita ontzi ondoan, emakume adindun saldo batekin zegoen monitorearenganaino, aldagelazainarengandik pasatuz, amultsu agurtu baitzuten. Margotek adierazi zion non jantzi behar zuen erosi berriko praka motxa.

        — Arropa eta gauzak takilan sartu. Baduzu ehun pezetakorik? Bai? Bada, zirrikituan sartzearekin giltza askatzen da. Gero giltza eskumuturrean lotu.

        Ezak halaxe egin zuen, eta laster zegoen estalkipeko piszinaren ertzean. Txano eta igeriko antiojudun gazte bizkarzabal batzuek hartuak zituzten bi kale, uretan aparra eta turbulentziak sorraraziz euren mugimendu azkar, indartsu eta gihartsuekin. Monitorearekin ariketetan ari zen emakume adindun saldoak kuriositatez begiratzen zion. Bainujantzia munduko oihanik koloretsuenean loroen arreta deitu eta sexu-grinak pizteko bezain fosforeszentea zen, eta hori gutxi balitz, gorputz-enborrez Eza halako bi zen gizon batentzat ehunduta. Emakumeetako bat, denetan lodiena behar zuena, uretatik atera eta bere inguruan ibili zen, sekula ez bezala inoren sorik bereganatuko ez zuelako sentipen lasaia bizi oso batean behin gozatu ahal izateko eskubidea zuela iritzirik. Halako batean Margot azaldu zen, urrezko domina irabazteko prest dagoen horietako baten bainujantzi meharra enbor atalen inguru-inguru eginda. Gorputz olinpikoa zen hura, txapeldun izateko gehiegizko bularrarekin ordea. Margotek igeriko antiojuak paratu zituen eta keinu bat egin zion Ezari, igeri egiteko gonbitea. Ezaren eramanak azken estazioa jo zuen:

        — Baina zer arraio! Zer igeri eta zer piszina eta zer kristo! Nahikoa dun!

        Eta Margot besotik heltzera egin zuen, honek halako barretxoak eginez ihes egin zuelarik, jauzian uretan murgildu eta estilo onez igerian hasiz. Ezari burroak eta biraoak borborka etorri zitzaizkion, baina, emakume adinduak jakinmin antropologikoarekin inguratzen ari zitzaizkiola ikusirik, salto egin zuen uretara, berak ere, gutxienez piszinaren beste muturrera iritsi ahal izateko. Gero uretatik atera eta aulkian eseri zen. Bizkarreko zauriak erredura zirudien eta kloroak eragindako hazkura bakoitzak ordurarte atzemangabeko zauri txiki bat non zegoen iragartzen zuen. Kalkulatu zuen Margotek seiehun bat metro eginda izango zituela bere ondoan eseri zeneko. Adatsa lehortzen hasi zen, lamia baten antzera.

        — Esaidak: hik non gordeko huke liburu bat? Aireportuko kontsigna, tren geltokia edo halako jendearen joan-etorri askorik dagoen tokirik ez zitzaidan komeni. Han beti zaindari ugari dago, erraz kontrolatzen den tokia da, are hau bezalako hiri txiker batean. Lagunen bati eman gordetzeko? Nire lagun guztiak kontrolpean egongo direla ez dut zalantzarik. Ahaideak berdin. Beraz?

        — Beraz?

        Margotek takilako giltza askatu zuen eskumuturretik, eta bestearen sudur aurretik dilindan jarri.

        — Hemen denak oso atseginak dira nirekin. Ez zidaten oztoporik jarri.

        — Goazeman hemendik. Arineketan.

        Etxerako bidean mutu joan ziren. Ez zirudien inor atzetik zeukatenik. Ezak zeharkako soakoak baizik ez zizkien bota kartoizko kutxa puskatu baten zuloetatik ageri ziren liburu azalei. Apartamentura iritsi ziren.

        Hiru praka, bi alkandora —lisatuak eta lisatu gabeak—, bizpahiru kamiseta, dozenerdi bat galtzontzilo, bi jertse eta txamarra bat. Denak zoruan barreiatuta. Bi pare zapata, bi argazki-makina, pelikula ugari, fotometroa, argazkiak errebelatzeko laboratorioko gauzak, dozena pare bat liburu, bi koaderno, hiru arkatz eta boligrafo bat. Puskatuta eta zikinduta, tokirik ezustekoenetan. Bizarra egiteko apar-poteko aparra mirailaren gainean, hiru toailak urratuta, argazkiz beteriko lau karpetak erreta, ia erabat; Havana botila, hustuta, plater eta lapikoak lehen bezain zikin, lixiba egiteko produktu kimikoak eserlekuetan, irrati eta telebista falta, altzariak, brikolajekoak eta besteak zein landare handia, txiki-txiki eginda. Ertzak herdoildutako mortadela-zerrendak hozkailuan, lehen bezala. Horrelaxe zegoen apartamentua, iritsi zirenean.

        — Tabako usaina nabari da oraindik. Oraintxe joan ditun. Inguruan ibiliko ditun, agian.

        Eta telefonoa, noski. Une hartan inoiz baino larriagoki hots egiten zuen telefono berbera.

        — Goazeman. Aitorgoitiara eramango zaituztet, bai zu eta bai liburua.

        Telefonoa ez zen isiltzen, eta neskak hartu zion aurrea hartzeko garaian.

        Margotek ez zuen larrituegi eman ordurarte; bai ordea hizketaldi labur baten ondoren, aurpegia mudatua, telefonoa eskegi zuenean.

        — Goazeman, azkar.

        — Ez.

        — Ezetz? Gauza ez dago bromarako, gero!

        — Segi Aitorgoitiara liburuarekin.

        — Zergatik?

        — Akuilu huen. Nire beharrean zegok. Ezin diat orain bakarrik utzi. Aitorgoitian elkartuko gaituk.

        Hitzak bukatu baino lehen Ezak atera lehen iristeko egin du, baina Margot hurbilago dago eta aingiren moduan labain egin zaio esku artean.