Katebegi galdua
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
azala: Gary Kelley
Jon Alonso
1958, Iruñea
 
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1998, saiakera - nobela
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
aurkibidea

Aurkibidea

I kapitulua: Soli Deo Gloria

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

—10—

II kapitulua: Iulius exclusus

—1—

—2—

—3—

—4—

—6—

—7—

—8—

—9—

—10—

III kapitulua: In vino veritas

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

—10—

IV kapitulua: In vino disertus

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

—10—

V kapitulua: Sobria ebrietas

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

Epilogoa

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

Erosi: 11,42
Ebook: 3,63

Aurkibidea

I kapitulua: Soli Deo Gloria

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

—10—

II kapitulua: Iulius exclusus

—1—

—2—

—3—

—4—

—6—

—7—

—8—

—9—

—10—

III kapitulua: In vino veritas

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

—10—

IV kapitulua: In vino disertus

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

—10—

V kapitulua: Sobria ebrietas

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

Epilogoa

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

 

 

—5—

 

Koko Ezak, oroimenaren artxibo pertsonaletan gordetzen zituen agiri gutxien arabera, inork merezi ez izanagatik, horrelakorik beste edozeinek baino gutxiago merezi zuen hiri bateko alkateak Udalak ematen zuen saria irabazi zuenari ipuina erre zionean ezagutu zuen Luciano Goñi. Erre ondorengo alkatearen aurkako matxinada orokorrean, hobe esan. Kokok orduan El Pais-erako egiten zuen lan, argazkilari. Hirurogeita hamazortzian izango zen, hemeretzian, beharbada? Hor nonbait. Erreketarenak hautsak harrotu zituen. Kokok eraman zituen El Pais-era alkatearen aurkako mugimenduko notableak. Harrera ona egin zieten; ez zen hain harrigarria, egia esan: diktadurak oro higuin ditu intelektualak, ez ditu behar, apenas, gutxi batzuekin nahikoa du eta, ondorioz, intelektual gehienek ez dute behar bezala bazkaltzen. Intelektualak, orduan, normala denez, diktaduraren aurka daude; kritikoak dira eta konpromezuaz hitz egiten dute. Intelektual kritikoak, diktadura batentzat, behi batentzat mandeuliak direnaren pare dira: ez dute ezer funtsezkorik aldatzeko indarrik, ez dute behiaren adar puntaren punta ere itxuraz aldatuko, baina nazkanteak dira, oso. Orduan sistemak, intelektualak batere aintzat hartu gabe, bestelako inguruabarrak direla eta bere buruari birmoldatzeko garaia iritsi zaiola klaro ikusten duelarik, hainbat gauza aldatzen du, eta horien artean, oso gauza hirugarren edo laugarren mailakoa bezala, intelektualen asuntua ere bai. Intelektualak —batzuk— hasten dira orduan gero eta hobeki bazkaltzen, eta zenbat eta hobeki bazkaltzen duten, orduan eta gehiago ahazten dira kritiko izatearekin. Benetan ongi bazkaltzera iristen direnen kasuan oso nabarmena da izan ohi den joera aldaketa: kritiko izatearena matraka hutsa iruditzen hasten zaie, eta, emeki-emeki —edo lasterka bizian, erritmoetan ez baitago halako prezeptiba garbia—, propagandista bihurtzen dira, soineko zaharrak ibaira boteaz. Ongi bazkaldu ez ezik, mintzatu egiten dira. Hau, berez, ez da batere harrigarria; jende guztiak hitz egiten du, zergatik ez dute, bada, intelektualek ere hitz egingo? Baina, horra diferentzia, intelektualen esanak iritziaren mailara iristen dira, eta maila har tara iritsi direlarik anplifikatu egiten dira, eta azkenik intelektuala publiko zabalari mintzatzen zaiola konturatzen da. Figura bihurtzen dira, halako nagusigo bat hartzen dute, eta kasurik azpimarragarrienetan sazerdoteak izatera heltzen dira, kultura, hitza eta iritziaren sazerdoteak. Burua lehengo lepotik segitzen dutenek, arrabiatzeko arrazoiak eduki zitzaketenek, aldiz, gero eta okerrago bazkaltzen dute, are, nahikoa lan izaten dute hil bukaerara iristen, eta idolaz erortzen zaizkien infamietatik bere burua defendatzen, eta arnasa doi hartu eta doi botatzeko gaitasuna daukaten fosil, zonbi bihurtzen dira. Ezak gogoan zuenez, ipuinaren erreketa goian deskribaturiko borroka dietetikoa abiadura osoan martxan ari zenean izan zen. Gauzak honela, ez zen batere arraroa Madrilen salmenta ona edukitzea bere burua demokratikotzat jotzen zuen alderdi bateko ordezkari pisuzko batek horren interpretazio historiko erratu eta desbideratua egin izana; are eta gutxiago alderdien arteko hauteskunde-lehia hastear zegoela. Inkisizio berria Euskal Herrian. Izenburu politak. Alkate demokrata nahi baten eldarnio piromanoak. Makina batek atera zion ezpala egur eroriari. Koko Eza ez zen detaileekin gogoratzen, orduan ere ez zela haur bat eta ez zuela gauza handirik sinetsi besterik. Luciano Goñik —Ezak hala eskatuta zita eman ziona ardo ona zerbitzatzen zuen taberna pitzatu batean—, aldiz, xehetasun guzti-guztiak zituen oroimenean, eta haur batek Disneyland-era joan zenekoa kontatuko lukeen bezala errepikatzen zuen, hainbakarrenez.

        — Gogoratzen? Inork Eskoziako destileria ospetsu horietako batera eraman ezean nekez senti nezake nik horrelako zirrararik, egun. Laugarren solairura eraman gintuzten, zuzendaritzakora. Hantxe zeukaten, orduan bederen, kafetegi txiki bat, zuzendariaren jantoki pribatua, eta ondoan bilera-gela, beharraren arabera jangela ere bihur zitekeena. Egun hartan hogeita lau ari omen ziren han bazkaltzen, Cebrian, Isidoro, Alfonso, Nico eta horiek denak. Zuzendariordeak hartu gintuen, gogoratzen al zara? Barkatu, esan zigun, Juan Luisek ere agurtu nahi zintuzten, baina lasai egon nahi dutela eta inori sartzen ez uzteko agindua eman du. Orduan Cebrianen beraren jantoki pribatura sarrarazi gintuen. Gogoratzen naiz gela txikia zela, egurrezko mahai bat erdian, zortzi bat lagun eroso esertzeko modukoa. Mahaia harizko mantal fin batek estaltzen zuen. Gogoan dut oraindik ondoan sukalde txiki bat zeukatela, ez ezer prestatzeko, jakiak gorde edo berotzeko baizik; bazkaria aldameneko kafetegi batetik eramaten zuten: Cafeteria Bruselas izeneko batetik, oker ez banago. Oraindik akordatzen naiz bazkaldu genuenarekin: frantsesporru krema eta lengoradua meunier erara. Ez pentsa beste munduko ezer zenik, ez horixe. Txukun, baina ez primerakoa. Menu arinak egiteko ohitura daukagu, esan ziguten, desenkusa gisa edo, Txanton Piperriren familiakoak izango ginela aurrez iritzirik edo, nonbait. Jantokiko zoruko moketa marroia zen, solairu guztian bezala, eta paretak, beilegiak...

        Ezak ez zuen Goñirekin zita jarri berak besteak baina aise hobeki ezagutzen zuen toki baten deskribapena entzuteko.

        — Luciano, isil zaitez pixka batean... Horiek kontu zaharrak dira. Nik Fundazioko kontuez mintzatu nahi nuen, laneko kontuez... Lur hartzen ari naiz oraindik.

        Goñik begia klikatu zion eta beste dozena bat sardina erre eskatu tabernariari. Eta beste botila bat ardo. 1987ko Remelluri.

        In vino veritas. Zer nahi duzu jakin? Florencio Juandeaburreren berri, esate batera? Florencio alproja bat da, kabroi bat, kabroi sinpatikoa, kabroi sinpatiko diruduna, sekulako diru mordoa dauka, ez daki zer egin diruaz...

        — Diruaz zer egin baino dirua nola egin ohi da arazoa...

        — Harreman onak dauzka. Oso onak.

        — Zeri deitzen diozu zuk harreman ona?

        Goñi berbalapikoa zen, hori bazekien Ezak aspalditik. Lasto, mordoilo asko botatzen zuena ere bai. Adi egonez gero, lastoa eta alea bereizten jakinez gero, zeozer ateratzen zen. Matraka jasan beharra. Remelluriri ekin zion Ezak, apur bat girotzeko eta apur bat berak ere ez ziolako ardo onari muzin egiten.

        — Kultura Ministroarekin. Errusian egon dira berriki elkarrekin. Nola moldatu den horren laguna egiteko, niri ez galdetu, baina parranda guztietara elkarrekin joaten omen ziren azken aldi honetan, orain gutxi arte behintzat, Florenciok negozio batzuk zirela eta ospa egin behar izan duen arte, alegia. Errusian ere parranda ederrak bota omen zituzten. Florencio hau azeria ere bada, ez pentsa; izango duzu ezagutzeko aukera, bai horixe. Edozein egunetan azalduko da hemendik, hala espero dut, bederen. Errusian hainbat jende, enpresariak eta abar, ibili omen zen bertako agintariekin negoziaketan, denetariko inbertsioak egiteko asmotan, kontu horiek, badakizu. Errusian, egun, ezin duzu puzkerrik ere bota agintarien baimenik gabe, eta tratuak itxi nahi omen zituzten bertara joan ziren guztiek... Bada, gure Florenciok artegaiak maneiatzeko oso itun lehentasunezkoa zerratu omen du. Ministroa bera saltsan egotea ere litekeena da, ez dakidalarik bera pertsonalki dabilen edo Ministerioa inplikatu duen. Dena legezkoa, e? Errusiakoa ongi joanez gero Juandeaburre Fundazioa Europako kulturgune garrantzizkoenetako bihur liteke... —Goñik basoak bete zituen—. Adibidez, gogoan edukiko duzu, noski, aurreko eguneko margoa, ezta? Toulouse-Lautrec-en Camembert-az ari naiz, jakina. Errusian, margo-bilduma pribatuetan, hori bezalako egiazko altxorrak badaude. Hori da Florenciok jaso duen lehen pieza, baina ez da azkena izango, noski. Orain, komeni da honetaz ezer ere ez esatea; tratuak aurrera doazen arren badakizu gauza hauek delikatuak direla: dena hondora bota eta gu ederki izorratu nahi duen jenderik ez da falta, noski. Jakingo bazenu Camembert hori nori oparitu dion...

        — Nori?

        — Ez dut zuzenean esango. Hori bezalako pieza oso bakandu eta bitxiaren mailako margo-bilduma duen bildumagile berezi bati.

        Bada, ez baduk esateko asmorik, isil hadi. Baita Balduino erregeari oparitu badio ere, pentsatu du Ezak, badakiena solasa nora eraman nahi duen, Goñik Fundazioan izaniko lapurretaz zer dioen entzun nahirik.

        — Luciano, barka ezazu, entzun dut zeozer, Fundazioan izan zen lapurretaren bat edo... —bestela bezala ari zen. Goñiren begietan inazture ilun batek egin zuen eztanda, ezpainetako irribarre dentifrikoa begiek une batez adierazitakoa gezurtatzen saiatzen bazen ere.

        — Jakin duzu, ezta? Utzi txikikeria hori alde batera, benetan —eskuek denetariko keinu lasaigarriak egiten zituzten—. Ez dut ukatuko afera horrek pittin bat ukitu gintuela, benetan gertaera erabat erridikulua baizik izan ez bazen ere. Baina, badakizu, jendeak marmarra eta gaizki esana maite du. Bestela aspertu egiten da. Orduantxe erabaki zuen Fundazioak inor kontratatzea egiten ari zaren lanari ekiteko, jauretxeko obrak azkartzea jendeari ateak lehenbailehen ireki ahal izateko. Zurrumurruak eta marmarrak isilarazteko modurik onena da. Ez du merezi horretaz gehiago hitz egitea —Goñik basoak bete zituen, elkarrizketa berriz bideratua zuela iritzirik—. Bada, lehen esaten nuenera itzuliz, paretak beilegiak ziren eta bertan hiru margo zeuden, eta ederki asko gogoratzen naiz, egoera aprobe txatu nuelako nire ezagupenak agerrarazteko. Koadroak Urbina, Cabestany eta Estradarenak ziren. Beha gelditu nintzen. Zuzendariordea hurbildu zitzaidan, seguru asko koadro bat ikusten nuen lehengo aldia dela uste duenaren gurasokeria horrekin, tortolo halakoa, eta ea gustatzen zitzaidan galdetu. Lehen Tragoniatik etorritako mozoloak, eta orain kultura ezatik lurreraturiko basapiztiak. Gu ere zerbait izango gera, besteak esaten zuen bezala, ezta? Ez dago gaizki, esan nion. Estrada bat, oker ez banago. Ezagutzen al dituzu Estradatarrak, galdetu zidan, txunditurik. Jakina, nik: Juan eta Ignacio Estrada, anaiak, Badajozen jaioak, hemezortzigarren mende hasierakoak, elkarrekin lan egiten zutenak. Txikia hobea zen baina nagusia izan zen San Fernando Arte Ederretako Akademiako kidea izatera iritsi zena. Akademiari hautsa astindu genion: Zubiri aipatu nion, izorra hadi, hori ez duk ezagutuko, ez horixe. Besteak, gurasokeria ezin utzirik nonbait, Estradaren estiloari buruzko lau tontakeria merke esaten hasi zitzaidan. Orduan piztu egin nintzen; hainbatek usatzen duen espartinezko inperialismo gaupasa egindako horrek onetatik ateratzen nau, zeharo, orduan bezala gaur ere. Bistan da, esan nion, bistan da. Eskolaren ibaitik gora ekin nion, izokinak bezala: Juan Estrada eta Pernicharo, bai, Zaragozakoa, horixe, San Fernandon zuzendaria izandakoa, eta Pernicharo Houasse, eta Houasse Le Brun, eta Le Brun, Poussin, eta Poussin Fernando Elle-rena, hor daukak, Estradaren arte guztiaren jatorrian Elle zegok, erretratista flamenkoa berau, XVI. mendekoa, maisuak flamenkoak dituk, ez espainolak. Orain nahi al duzu Urbinarekin hastea? Ez zuen nahi izan, jakina, nola nahiko zuen eman nion errepasoa eman eta gero, hortik aurrera molde askietsiak oro alde batera utzi zituen...

        Ezak, jada erdi mozkorturik egon arren, detailea gogoratu zuen. Zer planetatik ekarri duzu izaki hau?, galdetuko zion hurrengo egunean zuzendariordeak. Nahikoa azkartasuna izan zuen Goñiri hirugarren Remelluri hilotzari buelta eman baino lehen azken basokada zerbitzeko. Eta besteak edaten zuela aprobetxatuz, lehengora itzuli zen, temaz:

        — Ba, entzun dudanez, lapurreta ez zen hain gauza gutxi izan. Ez al didazu kontatuko?

        Bestearen erantzun gisako bafada etilikoak aspertzen hasia zela esan nahi bide zuen:

        — Hi, goazemak neskatan —eta Kokoren aurpegian harridura irakurri zuenez, azalpen bat emateko beharra sentiturik edo:— ordainduz, jakina.