Katebegi galdua
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
azala: Gary Kelley
Jon Alonso
1958, Iruñea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1998, saiakera - nobela
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
aurkibidea
 

 

—9—

 

Une batez Kiltartan Cross-ko abiadore bezala sentitu zen: ez diet erasotzen ditudanei gorroto, ez ditut defendatzen ditudanak maite. Baina, zera, hori ere ez zen egia. Oraindik ez zen Yeats-en abiadorea. Gorrotozko erreka goriak oso aspalditik jario izan zitzaizkion kraterren ahotik. Goriak eta handiak, handiegiak orain sentimendu horretatik purifikatuta zegoela esateko, nahiz eta sumendi zaharren erraietako mugimenduak gero eta gutxiago gertatu, gero eta txikiagoak izan, eta krater ahotik ateratzen zena —gero eta maiztasun gutxiagorekin, oso noizean behin, egia esatera—, lehengo suzko errekak ez eta behazun nabar eta urdinezko isuri nagiak izan. Defendatzen ditudanak maite? Maitasuna, edozein klasetakoa, norberaren maitasunaren isla zurbila. Maitasun friboloak, lizunak, sabelpekoak, larruzkoak. Poemarik topikoena bezain topikoak diren maitasunak, maitasun alimaleak eta animaliak, suzkoak, kizkorraturikoak, lurrikara bezain hondatzaileak, bareak, genitalak, erreak eta errealak, herabeak, eraikitzaileak, tematiak, odolak gorri izateko duen temarekin, obsesiboak, beti inperfektoak, beti erridikuluak, zor-eragileak, menpekotasunezkoak, pasioa eta errukiaren artean kulunkatzen direnak, traidoreak, zaurigarriak, hilkorrak, liluragarriak, metaforarik ederrenak bezain erabiliak, tigrearen samurtasunaz blaiturikoak, samurtasunaz blaiturikoak, blaiturikoak, ezinbestekoak, ezinbestekoak, ezinbestezkotasunez blaiturikoak, ezinbestez... Gauza asko ezagutu ohi dute gizon batek eta bere itzal luzeak, zenbat eta luzeagoa itzala orduan eta gehiago, eta denak gogoratu nahi ez izateko beste porrota jaso duenak ongi daki zaharregi dela denbora alferrikako solasetan galtzeko, itxaropen seinale baten aiduru dagoen bitartean, itxaropenik gelditzen bada, behintzat, Kiltartan Cross-eko abiadoreak zioen lez, etortzear zeuden urteak, joandakoak bezala ez baziren arnas hutsala izango. Itxaropenik gelditzen bada. Defendatzen ditudanak maite? Mundu oso bat osatzen dute ilusioen hiltzaile batek eta bere itzal luzeak. Nahiago maite ditudanak defendatu. Ezinbestez, horixe baita azken itxaropena, hartarako itxaropenik ote dagoen ez jakinik ere. Ezinbestez.

        — Aaaai!

        — Egon, egon egon... Listo!

        Margotek itxi du Ezaren bizkarreko zauria presio pixka bat eginez, estali baino lehen garbitu eta desinfektatu ondoren. Gero, Havana botila aurkitu duelarik, bi basokada zerbitzatu ditu, eta une batez, edan bitartean, isilik egon dira. Margot trago txikietan ari da, Ezak kolpe bakarrean hustu du.

        — Makina bat pelikula kurtsitan ikusi dut eszena hau.

        — Nik ez —omeneko kurtsikeria da ukatu nahi duena, egiatan, erreflejuak ahitu zaizkio, ordea.

        — Zinera joaten hasi beharko duk.

        — Hau gonbitoa botatzea bezalakoa dun.

        — Goseak nagok.

        — Ni ere bai.

        Barre nekatuetan erabaki da elkarrizketa absurdua, jakinik bi itzal jipoitu baino ez direla, baina atezuaz askaturik, jasandako kolpeak, mingarriak izanagatik, askatzaileak ere gertatu direlako.

        — Banoan zerbait prestatzera.

        Eza sukaldean sartu da. Garbitu gabeko mila ontzi habia bilakatu dira basafauna eta landareria oso aukerako batentzat. Traste guztiak zoko batean laga ditu, eta bere intendentziari buruzko teorien garapen praktikoari ekin dio. Lehenbizi, espezie mikologiko eta botaniko hazienak dituzten aleak bota; lehen printzipio honen arabera, azenario berdetu batzuk eta dozenerdi bat piper berde zuriska zakarrontzira joan dira. Baratxuria, tipula erdi bat eta azenario ximur bat, atso ehunurtekoa bezain, libratu dira. Bigarren, aukeratutako aleak egosi, zer gerta ere. Gero arrozarekin berriro egosiko direla? Berdin da. Badaezpada. Azkenik gutxi gorabehera garbi zegoen kazuela bakarrean tipula, baratxuria eta azenarioa bota ditu, zati handitan ebaki eta gero, gaineratu du arroza eta ura bota du. Eta, hirugarrenik, ukitu artistikoa, gehiegikeriarik gabe, ordea, animaliengandik bereizteko lain: limoi tanto batzuk eta hor nonbaitetik mirakuluz bezala ageri diren belar aromatiko lehorrak, xe he-xehe egindakoak, plastikozko poltsa txiki batean bilduak. Erramua, edo.

        — Kazuelatik bertatik jango dugu.

        Ura eta Havana edanez jan dute, gogoz, baxutik mintzatuz, hain baxu non batzuetan ez dioten elkarri aditzen eta esaldiak errepikatu beharrean aurkitzen diren, batzuetan halako barre ergel eta akituak ateratzen zaizkien arte.

        — Ona, e?

        — Putamadrekoa. Zeozer bota diozu.

        — E?

        — Zer bota diozu?

        — Espezieak.

        — Zer egin behar dugu?

        — Orain lo. Bihar ikusiko.

        — Porro bat egingo dut.

        — E?

        — Porro bat.

        — Nik ez dut porrurik.

        — Ixo —isilunea—. Kakazaharra.

        Margot bere poltsikoetan miazka hasi da, aurkitzen ez duen zerbaiten bila.

        — Uste dut sukaldean utzi dudala.

        Baina sukaldean ere ez du ezer aurkitu, eta, etsiturik, sofan eseri da, plastikozko poltsatxo batean ongi xehetuta zeukan marihuana non arraio utzi duen jakin ez eta lo baino lehenagoko porroa ez duela erre ahal izango ulerturik. Eza bere ondoan eseri da, eta ustekabean bezala, esku hezurtsu bat jarri da beste bero baten gainean, edo alderantziz; zerbait esan dio, zerbait esan diote elkarri, baina ez bata ez bestea dira esandakoaz ongi jabetu, loak, berak ere erretiratzeko gogo handia bailuen, presaz bildu baititu bere magalean.