Katebegi galdua
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
azala: Gary Kelley
Jon Alonso
1958, Iruñea
 
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1998, saiakera - nobela
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
aurkibidea

Aurkibidea

I kapitulua: Soli Deo Gloria

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

—10—

II kapitulua: Iulius exclusus

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—8—

—9—

—10—

III kapitulua: In vino veritas

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

—10—

IV kapitulua: In vino disertus

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

—10—

V kapitulua: Sobria ebrietas

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

Epilogoa

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

Erosi: 11,42
Ebook: 3,63

Aurkibidea

I kapitulua: Soli Deo Gloria

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

—10—

II kapitulua: Iulius exclusus

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—8—

—9—

—10—

III kapitulua: In vino veritas

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

—10—

IV kapitulua: In vino disertus

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

—10—

V kapitulua: Sobria ebrietas

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

Epilogoa

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

—7—

—8—

—9—

 

 

—7—

 

Antzinako beltz famatu horren harresiak esku propioz amilarazten lagundu zutenetik ez zuten gaztelurik uzteko asmorik, ez noski. Honezkero mende batzuk bazirela negozioaren kargu hartu zuten, eta ez zuten denda ixteko gogorik, ez horixe. Urtetan eta urtetan piramidearen goialdea euren menean ia beti eduki izanak sorrarazi bide duen ohitura autoritarioei uko egin gabe, arituak ziren arineketan prestatzen eta egokitzen boterea beste modu ez hain agerikoetan gozatzea eska lezaketen beste egoeretara, gaztelua sukaldetik eta ez tronutik gobernatzen, alegia; beti ere euren sukalderako jaitsiera horiek labur izango zirelako uste osoan, beren bokazioa, inongo zalantzarik gabe, alkate-makila baitzen: hau da, boterea bere adiera guztietan eta sakonera osoan eskuratzea, baita bere detailerik txikien eta azalenekoetan ere, jauntxoei dagokien bezala. Eskarmentu luzeko klase politikoa osatzen zuten, maltzurkeria klase guztietan ikasiak; ez ziren sobera azkarrak, beharbada; are, esan liteke ez zirela batere sentiberak humanoen arima ukitu ohi duten gaiekiko, ez zutela artearekiko sentikortasunik, elkartasuna historiaren pareten kontra mila bider punpatutako oihartzun zahar eta urrutikoa baizik ez zela haien belarrientzat, inkisidore sena edozein unetan eta arrapaladan azalarazten zitzaiela; hori eta askoz ere gehiago esan ahal zitzaien, baina ezin ukatuzkoa zen bereganatutako gaztelu zaharraren pareta gordetzen ez zutela parerik; hain zela alimalea horren kariaz garatutako ahalegina, hain amaigabea itxoiteko gaitasuna, ezen euren interesen pareta eskergan zulotxo txiki bat egiten saiatzera ausartzen zen edozeinek sekula-sekulotan madarikatuko zuela burutazio hori egin zitzaioneko eguna; denbora luze joanak ematen duen eskarmentuari endogamia urrin txarrekoak, mendeetakoa hau ere, eman ohi duen oroimen zaharra gaineratzen baitzioten, eta osagarri hauekin politika bere esentzia perbertsoenean soiltzen, islatzen, bakantzen asmatu baitzuten: eta egun bazekiten, harro jakin ere, politika arte bat zela: aldameneko kristaua, hurkoa, ederki eta betiko izorratzeko artea, hain zuzen ere.

        Petroniok aurrez aurre zeukana politikari klase horren delfinetako bat zen. Bere aurpegiaren adierazpena hieratikoa zen, eta fama zen ez zuela ia behin ere betarteko muskulurik mugitzen. Petroniok bazekien, baita ere, aparatuan pisuzkoa zela eta egiazko agintea ez izanik ere sanedrinarekin harreman estuan zegoela. Kasu, pentsatu zuen komisarioak, hau ez da haizeak ekarri eta eraman egiten duen Gobernadore ments horietako bat. Honen semeak, eta semeen semeak, eta semeen semeen semeak oroituko dira nitaz urrats oker bat ematen badut. Eta, martxa honetan, alabaren alabaren alabaren bat ere bai.

        Politikariak bere landetxe txukunera biltzeko eskatu zion, jai egun batean. Komisarioa harriturik gelditu zen, ez baitzen usu gertatzen jauntxoen ordezkari koalifikatutako batek horrelako konfiantzarik eskaintzea bera bezalako morroi ilun bati. Aparteko zerbait esan nahi ziola seinale. Landetxeak landarezko hesiek inguratutako lorategi txikia zuen, eta hantxe egin zion harrera politikariak. Petroniok ezagutu zuen txokoko sahatsa, non politikari hieratikoak egiten zituen hauteskunde kanpainetarako argazkiak. Politikariak, komisarioa bere hautesle kontserbadoreenen artean egon litekeela iritzirik, sahatsarena bere egiazko terminoetan ezartzea preziso zela juzkatu zuen, eta mintzatzen hasi zen, Petroniok bere oinetakoen punta ezin distiratsuagoei begiratzen zien bitartean.

        — Eguneratu beharra dago. Egun jendeari gustatzen zaio natura zaintzen delako ilusioa sinestea; badoaz, hegazkinez, gainera, milioika lagun bizi den metropoli batera, hau da, kontsumo eta naturaren ustiapenaren paradigma den gune garrantzizko horietako batera, eta hotelera iristean papera ekologikoa ez bada arrenkuratzen dira. Ez papera bakarrik: xaboia, orrazia, kolonia, preserbatiboak... denek behar dute ekologiko izan, eta biodegradable. Horrek lasaitzen ditu euren kontzientzia txarrak. Hortaz, neu ere ekologikoa nauzu.

        Bulego antzeko batera pasarazi zuen. Notable probintziano batekin ezkonduta egotea Estatu Batuetako lehen dama izatea bezalakoa zela aise uste zuen emazteak kortesiazko agurra egin zien, kafea ekarri ziela profitatuz.

        — Emakumea, borrokalarion atsedena. Ezkonduta zaude?

        — Alarguna naiz.

        Hainbat kunplimendu esan behar izan zituen politikariak, gogo handirik gabe, kale egin izanaren ordainez. Luze gabe denbora gehiago galtzeak ez zuela merezi erabaki zuen.

        — Ezagutzen nauzu, eta ez zara gauza handirik harrituko; harira joango naiz segituan: garbitu duzuen tximu horrek konpromezu bat zeukan gurekin.

        — Zein?

        — Liburua guri emango zigula.

        Petroniok barre lehor bat bota zuen. Puzzlearen beste pieza bat: horra hor zergatik konfidenteak, aurretik adostu bezala, liburua Gobernadoreari eman beharrean, beretzat gorde nahi izan zuen. Beste erosle batzuk ere bazituelako. Nor ziren erosle horiek? Aurrean zeukan politikari horrek ordezkatzen zituen jauntxoak. Gutxienez horiek. Auskalo beste bezeroren bat ere ez ote zitzaion atera izan.

        — Putakume hura ez zen fidagarria. Gurekin ere konpromezu hori bera zuen. Saltzaile txarren antzera jokatzen ari zen: bioi adarra jo nahi zigun salneurriak gora egin zezan.

        — Eta horregatik akatu zenuten?

        — Ongi merezia zuen. Baina gaindosia izan zen.

        Musu aldagaitzak eraldaketa mingarria jasan zuen; aurpegia gorritu egin zitzaion, imajinazio neurri handiaz irribarretzat har zitekeen keinu izugarria egiten zuelarik. Komisarioari besteak ahoa erdi irekitzearekin batera azufre usaina barreiatzen zela iruditu zitzaion, baina ez, ezin zitekeen horrelakorik izan; gehiegi zen. Jantziaren poltsikoetan miatzen hasi zen, hortaz, poxpolo itzaliren bat edo ote zuen ikusteko asmoz.

        — Tira, tira... Gaindosia...! Tontoa naizela uste duzu?

        — Hala izan zen, zuk sinetsi ala ez.

        Mozorro hieratikoak poliki hitz egin zuen, oso poliki, ageriko asaldarik gabe.

        — Begira, Petronio... Ez zaizu inportako Petronio deitzen badizut, ezta? Zu eta biok itsasontzi berean gaude, nahiz eta, nolabait esan, lematik hurbilago edo urrutiago egon... Momentuz ez zaigu gauza handirik inporta zergatik akatu zenuten. Jakitea badaukagu, ordea, ez pentsa. Gehiago dena, aztarna batzuk baditugu; guk ere badauzkagu lagunak hiriburuan. Adibidez, jakin badakigu Kultur Ministroak interes bizia duela liburua eskuratzeko. Baina badirudi ez dela bakarra. Zein da bestea, edo besteak? Zuk noren alde egiten duzu?

        Petroniok ahal zuen bezala jaso zuen kolpea. Ezizenez deitu baitzion, nork eta politikari batek; ez zegoen ohituta. Azufre usaina berriro sudurreratzen zitzaiola sentitu zuen. Politikariak bestearen isilunea aprobetxatu zuen.

        — Zer txandrio daukazuen esku artean, hor konpon. Momentuz bederen, berriz diot. Geuk ere gure mugak ezagutzen ditugu, ez pentsa, eta ez dugu eskandalurik nahi. Esamesak-eta iristen zaizkigu, hala ere, jende guztiari bezala. Kultur Ministro batek liburu bat eskuratu nahi izatea normala da, ezta? Are, esan liteke xede hori oso egoki zaiola, daukan kargua daukala. Baina beste inork liburua eskuratu nahi izatea... Zein da beste hori? Defentsa Ministerioa? Barne Ministerioa? Eta zergatik? Zer itsuskeria gordetzen du liburuak? Latza izan behar du, gero, tipo bat garbitzea justifikatzen badu... Bai, badakit, gaindosia izan zen. Forentseak zerbait esan digu, bai, heroina neurriz gaineko dosia —matrailak gorritu zitzaizkion pixka bat forentsearen aipamena egitean—. Baina, nioenaren harira itzuliz, gure mugak bezala gure terrenoa zein den ere ezagutzen dugu, eta gure terrenoan ez digu inork harpa joko, ez zuk, ez zure Gobernadoreak, ezta Gobernadorearen gainetikoek ere... Horiek ere ez: horiek beste inork baino gutxiago. Zenbat eta azkarragoak izan, orduan eta garbiago konturatzen dira honelako gorabeherak geuk garbitzen ditugula beste inork baino hobeki.

        — Zer esan nahi didazu, justu?

        — Liburua aurkitzen duzunean niri eman behar didazula.

        Petronioren ustetan, tipo hura omenka ari zen. Ez zekien gauza handirik. Baina, fama zenez, milaka pertsonak osatutako manifestaldi bat irainka ari zitzaion etxeko leihopean, eta tipo horrek ez omen zion horregatik periodikua leitzeari uzten. Erretorika parlamentarioaren dardorik zorrotzenak entzunik ere betartea ez zitzaion mudatzen. Litekeen gezurrik handiena esan behar izatean ez zitzaion keinua aldarazten, eta sexuaren profesional batek espezialitaterik beroenak egiten zizkiolarik ere —asmazioa, tradizioz, Frantziako seme-alabei egozten zaien huraxe, adibidez—, bere harrizko aurpegia ez zen ezertarako ere asaldatzen. Ba omen zen gauza bakar bat munduan politikari gogor hura lerdea zeriola jartzen zuena, orgasmorik kosmikoenak baino mila bider areago kilikatzen zuena: kontrarioaren haragi bentzutuetan, itxoinaldi luze baten ondoren, otso-hortzakada hilkorra ilkatzeko unea iristen zela ohartematea. Petroniok ez zuen detailetxoa burutik kentzen, zer gerta ere, eta joko hartan kartak arta handiz jokatzera prestatu zen. Denbora irabaztea izaten zen onena horrelakoetan.

        — Ongi ba... Liburua zuena. Eskuratzen dugunean, ordea.

        Azufre usain hori... Petroniok ez zuen poxpolo itzalirik aurkitu, ordea, beti bezala makularik ez zuen jantziko sakeletan.